Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak ohartarazi du eskualdeen parte-hartzeak Europako erabakitze-foro batzuetan izandako murrizketaz

2013.eko maiatzak 29

Euskadik parte hartuko du Eskualdeetako Komitearen 101. osoko bileran, 2013ko maiatzaren 30ean, Bruselan

Eusko Jaurlaritzaren Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak 13 zuzenketa aurkeztuko ditu, Euskadiren interesak bi gaitan defendatzeko: europar araudirako egokitzapena, eta ingurumen-inpaktua.

Kanpo Harremanetarako Idazkari Nagusi Mª Ángeles Elorza, lehendakariaren ordezko kidea Eskualdeetako Komitean, Eusko Jaurlaritzaren izenean izango da erakunde horren 101. osoko bileran, 2013ko maiatzaren 30ean, Bruselan. Saioak egun batez soilik iraungo du -salbuespena da hori-, eta bertan eztabaidagai egongo dira eskualdeetako eta tokiko erakundeek zortzi Irizpen proiekturen inguruan dituzten jarrerak; eztabaidatuko diren gaien arten, europar araudirako egokitzapena, esne-kuotak, gazteen enplegua eta ingurumena daude, besteak beste.

Halaber, bileran Eskualde Politikako Komisario Johannes Hahnek ere parte hatuko du, 2014-2020 sasoiko kohesio politikaz eztabaidatzeko eta Egitura Funtsen helburuak europar eskualde bakoitzerako aztertzeko. Eskualdeetako Lantaldeko Liberal eta Demokraten Talde Politikoko (ALDE) kideak beren Europako Parlamentuko homologoekin bilduko dira, gai horiek eztabaidatzeko xedez; euskal ordezkariak bilera horretan esku hartuko du, Eusko Jaurlaritzak alor horretan duen jarrera defendatzeko.

Eusko Jaurlaritzak 13 zuzenketa aurkeztuko ditu, Euskadiren jarrera defendatzeko

Oraingoan, Eusko Jaurlaritzak 13 zuzenketa aurkeztuko ditu guztira: horietako 9, europar araudira egokitzeari buruzko Irizpenari aurkeztuko zaizkio, eta beste 4 Ingurumen Inpaktuaren Ebaluazioari (IIE) buruzko Zuzentarauaren berrikuspenari.
Europar araudira egokitzeari buruzko Irizpen proiektuari aurkeztutako zuzenketei dagokienez, Eusko Jaurlaritzak salatzen du europar herrialde batzuetan birzentralizatzen ari direla eskualdeen parte-hartzea aurreikusita dagoen zenbait esparru. Horixe da espainiar Gobernuaren kasua, zeren murrizketak ezarri nahi baititu Autonomia Erkidegoek Europako Batzordearen lantalde batzuetan duten parte-hartzean, nahiz eta erkidegoek "interesa" eta "eskumena" izatearen baldintzak bete, 1997an onartu zuten Akordioan ezarrita daudenak erkidegoen parte hartzea ahalbideratzeko.

Aldi berean, Eusko Jaurlaritzak hizkuntza gutxituen aldeko errespetua defendatzen du europar legedia egiterakoan, hau da, argiagoa eta irisgarriagoa den eta guztiok errazago bete dezakegun europar legedia egiterakoan. Halaber, bi proposamen egiten dizkie EBko instituzioei: alde batetik, eskualde eta udalerriekin komunikatzeko bide indartuak irekitzea, ahal den neurrian interesatuen jatorrizko hizkuntzak erabiliz; bestetik, europar legediaren lurralde-inpaktuaren azterketan sakontzea, zeren eta, gehienetan, inpaktuaren azterketa estatu mailan egiten baita.

Beste alde batetik, nabarmentzekoa da beharrezkoa dela eskualdeetako eta tokiko agintaritzek europar legedia lantzeko, aplikatzeko eta ebaluatzeko zereginetan parte hartzea, baina hori aitzakia gisa erabili gabe eskualdeetako agintaritza horien kargak handitzeko. Halaber, zuzeneko interlokuzioa eskatzen du Europar Batzordearen eta eskualdeetako gobernuen artean, gobernu horiek aginpidea duten kasuetan; horrek ez du baztertzen, dena dela, Europar Batasuneko eskualde eta udalerriak orokorrean barne hartzen dituzten beste kanal osagarri batzuk egotea aldi berean.

Ingurumen Inpaktuari buruzko Zuzentarauari dagokionez, 25 urtez indarrean egon ondoren, Zuzentaraua berraztertze prozesuan dago, ingurumen-babes handiagoa lortzeko xedez. Eusko Jaurlaritzaren zuzenketek proposatzen dutena da ebaluazioen kalitatea hobetzea eta prozedurak sinplifikatzea, alferrikako karga administratiboak murrizteari begira.

Azpimarratzekoa da Euskadik jarraitzen duela izaten europar eskualde proaktiboenetako bat, eta, halaber, Eskualdeetako Komiteak bultzatzen dituen lan eta ekimenetan gehien inplikatzen direnetako bat.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)