Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Eusko Jaurlaritzak Donostiako Udalaren elkarlana eta partaidetza proposatu ditu Loiolako geltokiaren ingurua bulebar bilakatzeko eta urbanizatzeko eraikuntza lanetan eta finantzaketan

2013.eko maiatzak 28

 

Eusko Jaurlaritzak Donostiako Udalaren elkarlana eta partaidetza proposatu ditu Loiolako geltokiaren ingurua bulebar bilakatzeko eta urbanizatzeko eraikuntza lanetan eta finantzaketan, Gipuzkoako hiriburuan gaur burutu den Donostialdeko metroaren azterlanen eta proiektuen jarraipenerako eta koordinaziorako erakundeen arteko batzordearen bileran.

 

Bilera horretan, udaleko ordezkariek Loiolako geltokiaren ingurua bulebar bilakatzekoproiektua eman diote Jaurlaritzako ordezkariei, apirilaren 11n burutu zen batzordearen azken bileran adostu zen bezala, ETS erakunde publikoak Loiolako geltoki berria eraikitzeko proiektuaren barruan sar dezan.

 

Antonio Aizek, Garraio Sailburuordeak, adierazi duenez, “Loiolako geltokiaren ingurua bulebar bilakatzeko eta urbanizatzeko proiektuaz ari gara hitz egiten, eta horrek eraldaketa sakona eragingo du auzoan hirigintzaren aldetik, izan ere, trenbidearen ezpondaren ordez bide-zubia eraikiko baita, eta horrela, hiriak, hiri espazio berrietarako 12.000 metro karratu inguru berreskuratu ahal izango ditu”.

“Batzordearen hasierako helburu nagusia, bi proiektuak integratu ondoren, Loiolako geltokiaren ingurua bulebar bilakatzeko eta urbanizatzeko eta geltoki berria eraikitzeko proiektua jende aurrean aurkeztea izan da, ondoren, dagokion bezala, onartua izan dadin”, gehitu du Aizek.

 

Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak eta ETS-k Udalaren elkarlana eta partaidetza planteatu dute lan horien burutzapen eta finantzaketa partzialean, izan ere, proiektu horren parte baten izaera gehien bat hiriari loturikoa baita.

Antonio Aizek, Garraio Sailburuordeak, antzeko aurrekariak daudela gogoratu du, eta 2008ko otsailean ETS-ren eta Oiartzungo Udalaren artean, Oiartzungo geltoki berria eraikitzeko eta Arragua auzoa biziberritzeko eta berriztatzeko sinatutako hitzarmena jarri du adibide gisa.

 

Akordio haren arabera, Oiartzungo Udalak 3,6 milioi euro jarri zituen, gaur egun, garai hartan trenbidearen trazatuaren bi aldeetan zeuden Arragua inguruko hiriguneen arteko lotura posible egiten duen proiektua aurrera eraman ahal izateko.

Eusko Jaurlaritzak, aipaturiko hitzarmena jasotzen duen dokumentazioa eman die Udaleko ordezkariei.

 

Loiolarako diseinatu den proiektuak bide-zubi gainean eraikitako geltoki moderno eta enblematikoa emango dio auzoari, Donostia eta Martutene arteko errepide zaharraren gainean, Loiolako bulebarra izango den tokian. Horrez gain, bertan dagoen ezpondaren ordez bide-zubia eraikiko da, eta, horrela, auzoa bitan banatzen duen trenbideko trintxera desagertu eta hiri espazio zabala berreskuratuko da (12.000 m2). Laburbilduz, Oiartzunen egindakoaren antz handia duen hiri eta trenbide alorreko soluzioa da.

 

Loiolako geltoki berriaren eraikuntza ez zegoen aurreikusita aurreko Eusko Jaurlaritzak onartu zituen aurrekontuen artean, eta ez dago aurreikusita, ezta ere, 2013ko egungo aurrekontu proiektuan.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)