Berriak Lehendakaritza
Eu

Peru, Euskadirentzat «erreferentzia-kidea»

2013.eko maiatzak 28

Peruko lehen ministroa, Juan Jiménez Mayor, Euskadi bisitatzen ari da egunotan. Gaur goizean, Iñigo Urkullu lehendakariarekin izan da, eta azken honek adierazi du Peru «erreferentzia-kidea» dela Euskadiko enpresak nazioartekotzeko prozesuan. Urkulluren esanetan, Peru «aukeren eta hazkundearen» herrialdea da, punta-puntako hainbat sektorerentzat negozioak nahiz inbertsioak egiteko aukerak eskaintzen dituena; besteak beste, energiaren, petrokimikaren, azpiegituren eta telekomunikazioen arloetan. Lehendakariak adierazi duenez, Euskadiren etorkizuna ezin da munduari bizkarra emanez eraiki, zabalik dauden herrialdeekin lankidetzan baizik; Peru bezalakoekin, alegia. Urkullu lehendakariak azaldutakoaren arabera, lehen ministroaren bisitaldiak Peruren eta Euskadiren arteko lotura «estutzea» du helburu, eta bi herrialdeen artean «denboran iraunkorra eta sendoa izango den harremana ezartzea». Horrez gain, bisita honek «ezagutzaren triangelua» delakoarekin ere zerikusia duela esan du; hots, unibertsitatearekin, ikerketarekin eta berrikuntzarekin; izan ere, hiru alderdi horiek «lehentasunezko interes-puntuak» dira bi herrialdeentzat, eta, Urkulluren esanetan, «harremanetarako eta lankidetzarako zubiak» eraiki daitezke horietan oinarrituta. 

Iñigo Urkullu lehendakariak Peruko hainbat ordezkariri egin die harrera Ajuria Enea jauregian, lehen ministro Juan Jiménez Mayor zutela buru. Lehendakariarekin batera, ondoko hauek ere izan dira harrera-ekitaldian: Garapen Ekonomikorako eta Lehiakortasunerako sailburu Arantza Tapia, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorza, eta Kanpo Harremanetarako zuzendari Leyre Madariaga.

Ajuria Enean izan ondoren, Eusko Legebiltzarrera hurbildu dira perutarrak, eta, bertan, Ganberako presidente Bakartxo Tejeriak egin die harrera. Euskadin egiten ari diren bisitaldiarekin aurrera eginez, Peruko ordezkariak Miñanoko teknologia-parkean (Araba) izan dira gaur.

Arratsaldean, berriz, Peruko lehen ministroak eta gainerako ordezkariek Elgoibarko (Gipuzkoa) Makina Erremintaren Institutua ezagutu dute. Bisita horretan, Hezkuntzako, Hizkuntza Politikako eta Kulturako sailburu Cristina Uriarte izan dute lagun. Sailburuak garrantzi handia eman dio hezkuntzak enpresen beharrak kontuan hartzeari, eta Makina Erremintaren Institutua euskal ereduaren «erakuslea» dela adierazi du, euskal sistemak prestakuntza eta industria elkarrengana hurbiltzen dituelako, baina, betiere, etorkizuneko langileen prestakuntzari dagokionez industriak dituen eskaerak aintzat hartuz.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Juan Jiménez Mayor