Berriak Lehendakaritza
Eu

Peruko gobernuburua Euskadira etorriko da harreman instituzionalak eta komertzialak estutzera

2013.eko maiatzak 25

Lehendakariak harrera-ekitaldi ofiziala du hurrengo asteartean Ajuria Enean

Peruko Ministroen Kontseiluko presidente Juan Jiménez Mayor Euskadira etorriko da hilaren 28an, asteartea, bere herrialdeko ordezkari-talde batekin batera. Bidaiaren helburua erakunde politiko eta ekonomiko gorenekin elkarrizketak izatea da, Euskadiren eta Peruren arteko lankidetza-harremanak sendotzeko.

Peruko gobernuburuarekin batera etorriko dira Kanpo Merkataritzako eta Turismoko ministro Junto Luis Silva, eta Plangintzarako Erakunde Estrategikoko (CEPLAN) buru Carlos Anderson.

Bisitak hilaren 29ra arte iraungo du eta kutsu ekonomiko handia izango du. Topaketa Eusko Jaurlaritzak antolatu du, Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren bitartez.

Bisita hasteko, hurrengo asteartean harrera-ekitaldi ofizial bat antolatuko du Iñigo Urkullu lehendakariak lehen ministroarekin eta ordezkaritzako kideekin, Ajuria Enea jauregian. Ekitaldiaren ostean, Eusko Legebiltzarreko buru Bakartxo Tejeríarekin elkartuko dira.

Jarraian, delegazioak berak hala eskatuta, Arabako Parke Teknologikora egingo dute bisita Euskadiko Parke Teknologikoen Sarea ezagutzeko asmoz eta CIC Energigune ere bisitatuko dute.

 

Arratsaldean, ordezkaritza Elgoibarko Makina Erremintaren Institutuaren instalazioak ikustera joango da, eta han bertatik bertara ezagutuko dituzte lanbide-heziketako ikastetxeen eta enpresen arteko harremanak, teknologia aurreratuak eta zentro horietan nola erabiltzen duten berrikuntza ETEei laguntzeko.

 

Asteazkenean, hilak 29, Peruko gobernuburuak eta Kanpo Merkataritzako eta Turismoko ministroak jardunaldi batzuk inauguratuko dituzte Bilbon. Jardunaldien helburua enpresa-elkarteetako 80 ordezkariei, merkataritza ganberei eta gizarte eragileei beren herrialdeak eskaintzen dituen negozio- eta inbertsio-aukerak azaltzea izango da, bai eta euskal enpresentzat zer sektorek duten interes berezia jakinaraztea ere. Jaurlaritzak aukeratzat hartu du Peruko Gobernuko ordezkarien bidai hau, ekonomia eta merkataritza arloan harremanak eta lankidetza estutzeko abagune izango baita.

 

Peru Hego Amerikako herrialde handienetan hirugarrena da, Brasilen eta Argentinaren atzetik. Hedapen-prozesuan dago bertako ekonomia, eta inbertsio aukerak eskaintzen ditu hainbat sektoretan: energia, azpiegiturak, ura eta saneamendu petrokimikoa, telekomunikazioa, trenbideak, portuak eta aireportuak, eta matzaritzarako zerbitzuak. Horiei esker, Euskadiko enpresen nazioartekotze-prozesuan aintzat hartu beharreko herrialdea da Peru.

 

Euskadiren esportazio-rankinean, Peru 52. lekuan dago, guztizko 52.433 mila euroko zenbatekoarekin. Inportazioei dagokienez, 20. lekuan dago, 159.406 euroko zenbatekoarekin.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Juan Jiménez Mayor, jefe Gobierno Perú