Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Eusko Jaurlaritzak Errioxa Jatorri-Deitura aldezten du sektorean pentsatuz eta ez zaio onargarria iruditzen Errioxako presidentearen erreakzioa

2013.eko maiatzak 24

Arantza Tapia Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburuak kargu publiko bati ez dagozkion errespetu falta instituzionaltzat hartu ditu Pedro Sanz Errioxako presidenteak prentsari egin dizkion deskalifikazioak Eusko Jaurlaritzak Errioxa jatorri-deitura kalifikatuari buruz hartu duen postura hizpide hartuta, are gutxiago autonomia-erkidego bateko lehendakari izanda.

Tapiari tamalgarria iruditzen zaio Errioxako buruzagiak Eusko Jaurlaritzak igorritako gutunari emandako erantzuna. «Gure gutunean, protesta bidezkoa eta argudiatua egin genuen, Arabar Errioxako mahastizaintza eta ardogintza sektoreak babestua eta, batez ere, Errioxa jatorri-deitura kalifikatuari zuzendua zegoen; ez da, beraz, onargarria Sanz jaunaren erantzuna. Ezin du, inola ere, esandako jatorri-deitura osatzen duten erkidegoetako bateko presidenteak publikoki erantzun hori eman, bere esparru pribatua balitz bezala, eta are gutxiago irainen eta deskalifikazioen bidetik, bere burua deskalifikatzea baizik ez baitu lortzen horrela».

Akordioetara heltzeko erabilitako prozedura -Arabar Errioxako mahastizaintza eta ardogintza sektorearen zati bati eta Eusko Jaurlaritzari bizkarra emanez- eta komunikabideen aurrean egin diren adierazpenak -hala izan zuten sektoreak eta Eusko Jaurlaritzak hartutako erabakien berri- guztiz errespetu gabeak eta onartezinak dira.

Beste zerbaitek lagunduko lioke Errioxako ardoari: organismo burujabe bat izateak eta hala jarduteak, jatorri-deitura osatzen duten parteetako batzuen sentimena ez mespretxatzeak eta, egindako kritiken aurrean -frogatutako datuetan eta ageriki bete gabe geratutako erabakietan oinarritua-, adostasuna, eta ez liskarra, bilatzen saiatzeak.

Pentsamendu bakarra behingoz atzean uztea litzateke lagungarri Errioxako ardoarentzat, eta guztiok elkarrekin borrokatzea, alde guztien premiak eta iritziak kontuan harturik. Eusko Jaurlaritzak beti jokatuko du akordioaren alde, eta hala adierazi du Errioxa jatorri-deitura kalifikatura igorritako gutunean, baina ez dio inoiz uko egingo bere sektorea eta produktuak aldezteko erantzukizunari.

Ezin dezakegu ezikusia egin era desegokian jokatu bada; aldiz, halako jokaerak salatzeko obligazioa dugu, nahiz eta jatorri-deituran dugun ordezkapena txikiagoa izan, eta, betiko topiko eta deskalifikazioen bidez liskar bila dabiltzanen justifikazio gabeko erasoetatik defendatu beharra daukagu, halakoek ez baitiote ezertan laguntzen Errioxako ardoari munduan kokatzen; horretan, Sanz jauna, bat gatoz zurekin.

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • 2013.eko maiatzak 25

    Lo que pregunto es porqué no se crea un DOC de Rioja Alavesa y otro de Rioja Navarra, y se evita tener que discutir con caciques de pseudoatunomias como la CAR que lo único que buscan es copar el poder allá donde pudieran y atacar a los vecinos a quienes odian.

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)