Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Arasur plataformak euskal logistikaren eskaintzan duen garrantzia nabarmendu du Oregik

2013.eko maiatzak 24

• Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak Arabako Merkataritza eta Industria Ganberan egin den Transmodal 2013 foroan parte hartu du.
• «Foronda gertu daukagu, eta, gure xedea lortzeko baldintza oso onak izateaz gain, horretarako gaituta dago. Madrilek hori ulertu eta erabakitasunez eta argi eta garbi babestu behar du».

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregik nabarmendu duenez, Arasur plataformak zeregin garrantzitsua izan dezake Arabako eta EAEko logistika-eskaintzan. Sailburuaren aburuz, «logistikarako diamante landugabea da Arasur, etekina ateratzeko bere aldeko apustu sendoa egitea eskatzen duena. Bilboko Portuko Agintaritza horretaz jabetu da, eta plataformak eskaintzen duen zerbitzua sustatuko du».

Oregi Arabako Merkataritza eta Industria Ganbaran egin den Logistika eta Garraioari buruzko VI. Transmodal Foroaren inaugurazioan izan da, Arabako ahaldun nagusi, Portuko Agintaritzako presidente, eta Arabako Merkataritza Ganberako presidentearekin batera, eta ehun enpresatako ordezkarien -batik bat logistika eta garraioarekin lotutakoak- aurrean hitz egin du.

Ana Oregiren esanetan, «gure enpresen eta ingurukoen jarduerarako oinarri estrategiko gisa EAE definitzeko une oso garrantzitsuan egin da jardunaldia. Izan ere, egunotan Estatuko plan eta mapa logistikoa zehazten ari dira Madrilen, eta, bertan, Euskal Autonomia Erkidegoak, eta horren barruan Arabak, kokapen bikaina dute penintsulatik Europako erdialde edo Estatuko barnealderako sarrera moduan».

Sailburuak gogoratu duenez, «duela egun batzuk, Estatuko Portuetako presidente José Llorcak Espainiaren defizita intermodalitatea zela adierazi zuen. Hain zuzen, intermodalitatea gure erkidegoko eta Arabako ezaugarrietako bat da».

Oregiren aburuz, «Euskadik kokapen geografiko aparta du, ardatz atlantikoaren erdian, eta portu-, aireportu-, trenbide- eta errepide-azpiegitura eta zentro eta plataforma logistiko ugari ditu. Gainera, Europako eskualde aurreratu eta dinamikoetako bat gara. Ondorioz, logistikaren eta garraioaren arloan onenetakoen artean gaude Europako hego-mendebaldean».

Euskal hub logistikoa

«Eusko Jaurlaritza eratu genuenetik, industria eta merkatuko eragile nagusiekin harremanetan egoteko eta gure lurraldeko logistika, garraio eta bestelako enpresen beharrei erantzuteko konpromisoa hartu nuen. Hori dela eta, portu batetik bestera ibiltzen naiz astero, garraioko plataformetako eta zentro intermodaletako arduradun guztiekin biltzeko». Halaxe mintzatu da euskal garraio-azpiegituren ordezkari gorena.

Era berean, Oregik esan du euskal plataforma eta azpiegitura logistikoen huba eta bere garapen-plana Europako Batzordearen proposamenetan barne hartzea proposatu ziola Pastor ministroari duela zenbait aste. Zehazki, Europa Barneko Errepideen Sarea 2014-2020 aldirako garatzeko zuzentarauen eta Urte Anitzeko Finantza Esparruaren inguruko batzordearen proposamenetan sartzeko eskatu zion. Aipatu finantza-esparrua Europako Parlamentuan eta Europako Batzordean eztabaidatzen eta negoziatzen ari dira orain.

«Lana berreskuratu nahi dugu, eta, horregatik, arku atlantikoko garraioei buruzko erkidegoko politiketan Euskadi buru izatea planteatu dugu Bruselan. Eta, horretarako, Atlantikoko salgaien trenbide-korridorea sustatu eta garatzeko CFA-EFFIPLAT Atlantiar Espazioko Interreg proiektua dugu», nabarmendu du Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak.

Halaber, hauxe adierazi du Ana Oregik: «Bilbo eta Pasaiako portuetan hainbat milioi tona karga mugitzen dira, eta gure trenbideetan salgai gehiago sartzen dira; hala, horiek berritzen ari gara. Gainera, gure lurraldeko N1 eta A1 errepideetatik bakarrik ia 75 mila ibilgailu igarotzen dira egunero; asko kamioiak eta autobusak dira, eta gure enpresek teknifikazioari ekin diote ilusio handiz, etorkizunari begira».

Sailburuaren arabera, «Araban osagai horiei guztiei etekina atera behar diegu: Jundizek sekulako potentziala du, Foronda gertu daukagu, eta, gure xedea lortzeko baldintza oso onak izateaz gain, horretarako gaituta dago. Madrilek hori ulertu eta erabakitasunez eta argi eta garbi babestu behar du. Guztion etorkizuna da».

Horretarako, sailburuak nabarmendu du Rivabellosan presentzia eta potentzial handiko «logistikarako diamante landugabea dugula, Arasur. «Ez naiz eztabaidatzen hasiko zergatik ez ote zaion behar beste etekin atera eta tankerako galderak, ez du zentzurik. Garrantzitsuena Arasur plataforma laguntzea da fruituak eman ditzan, eta Bilboko Portuko Agintaritza horretaz ohartu da. Hala, bere zerbitzuen aldeko apustua egingo du. Orain ondo ari gara lanean, eta emaitzak laster lortuko ditugu».

Azkenik, Ana Oregik honako hau adierazi du: «Eusko Jaurlaritza eta EAEko ekonomia- eta enpresa-sarea elkarren ondoan gabiltza lanean. Krisi-garaian gaude, baina ondo diseinatzeko unea da, bai eta etorkizunari modu egokian eta aurreikuspenak eginez heltzekoa ere. Araba eta Euskadi euroeskualde dinamiko batean daude, eta gure erakundeek, gizarteak eta enpresek koordinatuta eta plangintza egokiari jarraiki jarduten badute, aurrerapauso handiak emango ditu».

 

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @camaradealava
    2013.eko maiatzak 24

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia_News: Arasur plataformak euskal logistikaren eskaintzan duen garrantzia nabarmendu du Oregik. http://t.co/5HXaFRuONp

  • @camaradealava
    2013.eko maiatzak 24

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia_News: Ana Oregi destaca el papel de Arasur en la oferta logística vasca. http://t.co/3K8Om4t6lf

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)