Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzaren parte-hartzea Europako Batzordearen kontsulta publikoan

2010.eko martxoak 25

Eusko Jaurlaritzak erregioek Europar Batasunaren garapenerako lankidetza-politiketan duten rola defendatu du Europako Batzordearen aurrean

Eusko Jaurlaritzak erregioek garapenerako lankidetza-programetan duten rola defendatu du Europar Batasunaren aurrean; halaber, horri buruzko nazioarteko konpromiso eta agendak betetzearen alde azaldu da.

Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiak (Euskadiren Ordezkaritza Bruselan, eta Europar Batasunerako eta Kanpo Harremanen Koordinaziorako Zuzendaritza) eta Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak Eusko Jaurlaritzaren jarreraren berri eman zuten, garapenerako lankidetzaren programa ebaluatzeari buruz Europar Batzordeak egin duen kontsultari erantzunez.

Kontsulta publikoak EBk eskaintzen dituen tresnetako bat dira, eta haien helburua da eragina izatea gauzatzen diren programa eta ekimenetan. Oraingo kontsultaren erantzunak kontuan hartuko dira EBko garapenerako lankidetzaren 2001-2013ko Estrategia prestatzerakoan.

Eusko Jaurlaritzaren iritziz, toki eta erregioetako agintaritzen rolak eta agintari horiek garapenerako lankidetzan duten parte-hartzeak eskubide osokoak izan behar dute; horrenbestez, aurrerapauso bat egiteko deia egin dio Europar Batzordeari, toki eta erregioetako agintaritzek garapenerako lankidetzaren alorrean dituzten eginkizun eta gaitasun berrien inguruko hausnarketa egin dezan. Eusko Jaurlaritzaren arabera, ekimenek eragin hobea izango lukete, eta funtsen kudeaketa eraginkorragoa izango litzateke, baldin eta EBk programa espezifiko bat abiatuko balu agintaritza horientzat.

Jaurlaritzak EBri helarazi dion ekarpenean, toki eta erregioetako agintaritzek lankidetza deszentralizatuaren eremuan duten ahalmena zehazten da, alegia:

- toki eta erregioak alor instituzionalean indartzea eta haien gaitasunak sendotzea,  

-elkarrekikotasun- eta konfiantza-harreman horizontalak bultzatzea, aldebakarreko harremanetatik urrunduz,

-eta, halaber, kudeaketa eraginkorra gauzatzea eta kontuen azalpenak ematea.

Erregioen rola garapenerako lankidetzaren alorrean: Lisboako Ituna eta Milurtekoaren Garapen Helburuak (MGH)

Azpimarratu behar da erregioen rola indartu egin dela Lisboako Ituna indarrean sartzean. Izan ere, Lisboako Ituna aurrerapauso bat da garapenerako lankidetza garatze bidean dauden herrien esparru nagusi bezala definitzean.

Bakeak, segurtasunak eta gobernantzak funtseko rola jokatu behar dute pobrezia ezabatzera eta Milurtekoaren Garapen Helburuak (MGH) betetzera zuzendutako ekimenean, eta dimentsio horretan funtsezkoak dira deszentralizazio-prozesuak ere. Hain zuzen ere, eremu horiexetan jarduten dute modu eraginkorrenean toki eta erregioetako agintaritzek, garapenerako lankidetzari dagokionez.

Milurtekoaren Garapen Helburuak (MGH) lehentasun-agenda bat dira garapenaren alorrean eta pobreziaren kontrako borrokaren eremuan; gobernuek munduko goi bilera batzuetan berretsi dituzte 2015 urterako bete nahi diren helburu horiek. MGHek pobrezia murriztu nahi dute, hezkuntza, ama-osasuna  eta genero-berdintasuna sustatu, eta haur-hilkortasunaren, GIB-HIESaren eta beste gaixotasun batzuen aurka borrokatu.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko