Berriak Segurtasuna

Segurtasuneko sailburuak alkateari jakinarazi dio polizia gehiago bideratuko dituela Sestaoko ertzain-etxera

2013.eko maiatzak 22

Estefanía Beltrán de Herediak udalarekin lankidetzan aritzeko konpromisoa hartu du, udalerriko segurtasun-sentsazioa hobetzeko

Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko eta Sestaoko Udaleko ordezkariak gaur goizean bildu dira azkeneko delinkuentzia-datuak analizatzeko eta udalerriko segurtasun-sentsazioa hobetzeko har daitezkeen neurriak aztertzeko.

Sestaoko alkate Josu Bergara, Herritarren Segurtasuneko zinegotzi Gorka Egia, Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Heredia eta Ertzaintzako zuzendari Gervasio Gabirondo izan dira bileran.

Udal-gobernuak eskatu zuen bilera, azkeneko delinkuentzia-datuek sortutako kezkak bultzatuta.

Beltrán de Herediak udal-arduradunei jakinarazi die Eusko Jaurlaritzak ertzain gehiago bideratuko dituela Sestaoko ertzain-etxera, ertzain gehiago egon daitezen kaleetan.

Sailburuak planok zehaztu ditu, eta, adierazi duenez, maiatzaren 19tik aurrera, sei ertzain gehiago izango ditu udalerriko ertzain-taldeak; hots, hiru patruila gehiago. Hala, zentro horri dagokion lanpostu-zerrenda osatuko da. Hemendik aurrera, bada, Sestaoko ertzain-etxeak 252 ertzain izango ditu; Barakaldon, Sestaon eta Trapagan arituko dira.

Udalerrian ertzain gehiago egoteko eskaeraren aurrean Beltrán de Herediak adierazi duenez, udalak eta sailak «lehendabiziko lankidetza-lerroak ireki ditugu, eta, horiei esker, Sestaok konfiantza eta segurtasun publikoko mailak berreskuratuko ditu».

Udaltzainek eta Ertzaintzak elkarrekin jarduteko planaren barruan, udala laguntzeko lehenengo neurriek honako lau jarduera-lerro hauek izango dituzte ardatz:

  1. Ertzaintzaren patruilen ibilbidea luzatzea eta indartzea, Txabarri auzoa hobeto estaltzeko. Ertzaintzak Hiru Kontsejuen Enparan tzara eta Eguzki kalera hedatuko du bere lan-eremua.
  2. Ertzaintzak Sestaoko tokiko poliziarekin lankidetzan aritzeko eta hura laguntzeko ahalegina egingo du. Ertzaintzak udal-polizia lagunduko du, behar duenetan; alegia, polizia gehiagoren beharra dutenetan.
  3. Udalarekin batera lan egitea, beharrezkoa izan daitekeen bideozaintza operatiboko baliabideak izapidetzerakoan.
  4. Tokiko poliziaren eta Ertzaintzaren arteko etengabeko komunikazio-lerroa, delitua eragozteko eta prebenitzeko ekintzak eta politikak definitzeko, bai eta prestakuntzarako ere, Sestaoko herritarrei segurtasunik ezaren sentsazioa sortzen dieten faktoreei aurre egiteko.

Udalaren aldetik, alkateak aurreratu du udala udal-polizian artekaritza-unitate berri bat abian jartzeko lanean diharduela. Bi poliziak osatuko dute unitatea, eta beren helburua bizilagunen arteko liskarretan esku hartzea izango da; izan ere, herritarren arteko ika-mikak tokiko poliziaren lan-iturri nagusietako bat dira. Datozen egunetan, prestakuntza-aldia hasiko dute, eta, espero denez, ekainean hasiko dira zerbitzua eskaintzen.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Josu Bergara, Gorka Egia