
Eusko Jaurlaritzak eta alderdi politikoek diagnosia, lehentasunak eta lan-egutegia hitzartu dituzte
Eusko Jaurlaritza «pozik» agertu da «lehen pausotzat» jo duen bilerarekin. Erkorekak nabarmendu du bai Jaurlaritzak bai alderdi politikoek «egoera ekonomikoa larritzat» jo dutela. Gainera, guztiek uste dute ados jarri behar direla berehala planteatutako bost gaien gainean: zergen erreforma, iruzur fiskalaren aurkako borroka, ekonomia eta enplegua suspertzea, politika publikoak eta sozialak eta eredu instituzionala. Lehendakariak eta alderdi politikoen goi ordezkariek «lehentasunak, prozedurak eta lan-egutegia» hitzartu dituzte. Ildo horretatik, zergen erreforma eta iruzurraren aurkako plana ekainean adostuko dutela zehaztu dute. Hala, baliteke 2014ko urtarrilean jartzea indarrean. Hil horretan, halaber, Jaurlaritzaren eta foru aldundien Ekonomia eta enplegua bizkortzeko erakunde arteko plana aurkeztuko dute eta lantalde batek gizarte-babeserako EAEko sistema landuko du. Uztailean, sektore publikoa berregituratzeko proposamena aurkeztuko dute, eta udazkenean, autogobernuari eta eredu instituzionalari buruzko txostena.
Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkoreka hedabideen aurrean agertu da lehendakariak eta Eusko Legebiltzarra osatzen duten alderdi politikoetako ordezkariek gaur arratsaldean, Lehendakaritzan, izan duten bileraren berri emateko.
Eusko Jaurlaritzaren ustez, batzarra «beharrezko lehen pausoa» izan da, eta «pozik» agertu da horrekin. Gainera, eskerrak eman die alderdi politikoei lehen bilera honetan azaldu duten asmo konstruktiboagatik.


