Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Iñaki Arriola sailburuak agerraldia egingo du datorren apirilaren 14an Legebiltzarrean EuskoTrenek eta ETSek trenbide-segurtasunaren etengabeko hobekuntzarako abian jarritako neurriei buruzko informazioa emateko

2010.eko martxoak 24

Arriolak orain aste bete eskatu zuen agerraldia


Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburu Iñaki Arriolak agerraldia egingo du datorren apirilaren 14an Legebiltzarrean Euskal Autonomia Erkidegoko sarean trenbide-segurtasunaren etengabeko hobekuntzarako EuskoTren trenbide-operadoreak eta Euskal Trenbide Sarea/Red Ferroviaria Vasca – ETS azpiegituren erakunde kudeatzaileak abian jarritako neurrien berri emateko.

Agerraldi hori orain aste bete eskatu zuen sailburuak berak 2009ko urrian Legebiltzarrean hartu zuen konpromisoari jarraiki. Helburuko geltokietan trenbide-zirkulazioetan dagoen arriskua gutxitzeko neurri sorta bat aurkezteko konpromisoa hartu zuen joan zen urtean.

Joan zen urteko urriaren 8an Lezamako (Bizkaia) geltokian izandako trenbide-istripu lazgarriaren ondoren, sailburuak publikoki adierazi zuen EuskoTreneko eta ETSko zuzendaritza taldeei hainbat jarraibide eman ziela azken urteotan egindako jarduketen atzerabegirako azterketa bat egin zezaten, jarduketa horiek zirkulazioaren segurtasunean eta arriskuen prebentzioan bi erakunde horien egoera gaur egun baldintzatzen ari ote ziren jakiteko.

Joan zen urriko Legebiltzarreko bilkuran agerian geratu zenez, 2004 eta 2008 urteen artean, biak barne, ETSko zazpi geltokietan (toperadunetan) sartu ziren tren-zirkulazioen kopuru osoa 501.488 izan zen. Aldi horretan, lau intzidentzia izan ziren topera jo zutenak, eta hainbat lagun suertatu ziren zauriturik edo lesionaturik. Istripu horiek Atxurin (Bilbo), Amaran (Donostia/San Sebastián) eta bi Hendaian izan ziren. Beraz, topera jo zuten tupust horiek % 0,000008ko istripugarritasun- indizea adierazten dute, hau da, % 99,999992ko segurtasun-indizea.

Dagoen segurtasun-indizea handia izanik ere, EuskoTren eta ETSko arduradunek Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako Sailaren mandatu bat jaso zuten. Orain artean dauden segurtasun-neurriak hobetzea ahalbidetuko duten jardun posibleei buruzko txosten bat eskatu zien.

Gainera, azken asteotan EuskoTrenen eta ETSren trenbide-segurtasunaren egoera zalantzan jarriz izan diren informazio eta iritzi batzuen aurrean, Eusko Jaurlaritzako Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako Sailak lasaitasuna zabaldu nahi du herritarren artean, honako datu hauetan oinarrituta:

§ EuskoTren, trenbide-enpresa operadorea, eta Euskal Trenbide Sarea (ETS), trenbide-azpiegituren erakunde publiko kudeatzailea, trenbide-segurtasunaren arloan arriskuen prebentzioaren gaian kultura eta tradizio handiko eta zabaleko bi erakunde dira.

§ EuskoTren eta ETS esperientzia handiko bi erakunde dira eta beren oinarrizko jarduketa-printzipioetako bat zera da, istripuen arrazoiak argitzeko errorearen oinarrizko faktoreen ezagutza aplikatzea. Erroreen jatorriaren ikerketa eta arriskuen identifikazioa eta ebaluazioa, datu-baseak sortzea, prebentziozko estrategiak garatzea, eta abar.

§ Azpiegituretan, segurtasun-instalazioetan eta abarretan egindako lehengo eta oraingo inbertsio ugariek Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sarea nabarmen hobetu dute, eta horregatik trenbide-zerbitzua erabiltzen duten bezeroek lasai egon behar dute alderdi horri dagokionez.

Eusko Jaurlaritzaren Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako Sailak EuskoTreni eta ETSri Baterako Batzorde bat sortzea eskatu zien. Batzorde horrek zera aztertu beharko zuen, Trenbide Segurtasunean egin beharko liratekeen jarduketak orain hilabete batzuk Lezaman gertatu zen istripua bezalako istripuen probabilitatea eta ondorioak gutxitzeko.

Apirilaren 14an egingo duen agerraldian, Iñaki Arriola sailburuak abian jarri diren inbertsio eta antolamendu hobekuntzen nondik norakoa azalduko die legebiltzarkideei. Jarduketa horiekin Euskal Autonomia Erkidegoko Trenbide Sarean segurtasunaren egoera etengabe hobetzeko prozesuak sendotu nahi dira, bai eta sakondu ere.

Abian jarritako jarduketek, besteren artean, instalazioen eta material mugikorraren hobekuntza eta egokitzapena dute helburu.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko