Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Lanbidek hautatutako 29 gaztek alemanian ikasi eta bertako enpresetan praktikak egingo dituzte hiru urtez

2013.eko maiatzak 21

Lanbidek 29 gazte aukeratzeko prozesua hasi du gaur Gasteizen. Hautatutakoak Alemaniako Saxonia Beherea eta Bremen estatuetan ikasi eta bertako enpresetan praktikak egingo dituzte, prestakuntza eta praktikak konbinatzen dituen hiru urteko programaren barruan.

 

Martxoan, Lanbidek deialdiaren inguruko informazio-saioak antolatu zituen, eta gaur hasitako hautaketa-prozesua horien jarraipena da. Saiootan, Alemaniako Enplegu Zerbitzuak (ZAV) lehen hautaketa egin zuen. Deialdiaren ezarritako baldintzak betetzen zituzten 46 pertsonaren artean, 38 aukeratu zituen.

Hauexek dira prestakuntza eta praktikaldiaren xede diren lanpostuak: maîtrea, sukaldaria, ingeniaritza mekatronikoko teknikaria, teknologia energetikoan espezializatutako argiketaria eta eraikinetako argiketaria, eraikuntza-mekanikaria eta adinekoen zaintzailea.

Oro har, prestakuntza praktikoa astean hiruzpalau egunetan izango da, eta gainerakoak prestakuntza teorikoari eskainiko zaizkio. Zikloaren amaieran, ikasleek espezialitatearen inguruko azterketa bat gainditu beharko dute Alemaniako lanbide-heziketako titulua eskuratzeko. Horrez gain, programak aldez aurreko alemaneko ikastaro bat ere hartzen du baitan.

Hautaketak bihar jarraituko du Bilbon, eta ostegunean Donostian amaitu. Lanbideren eta Alemaniako Enplegu Zerbitzuaren arteko lankidetza hurrengo hilabeteotan zehar luzatuko da, eta antzeko proiektuak garatuko dituzte.

 

Danimarkarako hautagaitzak

Europako enplegu-zerbitzuekiko lankidetzaren barruan, Lanbidek estatu mailako hautaketa-prozesu bat aurrera eramango du Danimarkako Workindenmark (Danimarkako Eures sarea) atariarekin batera. Maiatzaren 27an izango da, Euskal Herriko Unibertsitateko Paraninfoan, eta bertan Danimarkako hainbat enpresatan 100 lanpostu betetzeko langileak aukeratuko dituzte.  

Guztira 25 profil baino gehiago behar dituzte, hala nola ingeniariak, salmenta-buruak, finantza-espezialistak edo osasun- eta segurtasun-espezialistak.

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)