Berriak
Eu

Urumea ibaiaren arroan uholdeak saihestearren adostutako neurriak betetzeko konpromisoa berretsi du Erakunde Arteko Batzordeak

2013.eko maiatzak 20

Gaur goizean, Donostiako Udalean, Urumea ibaiaren arroan uholdeak ekiditeko Erakunde Arteko Batzordearen bosgarren bilera egin da. Bertan hurrengoek hartu dute parte: Donostia, Astigarraga eta Hernaniko Udaletako ordezkariek, Gipuzkoako Foru Aldundiko ordezkariek, Eusko Jaurlaritzako eta Uraren Euskal Agentziako ordezkariek, Añarbeko Uretako ordezkariek eta, Kosten Lurralde Ordezkaritzako ordezkariek. Hauekin batera, bizilagun elkarteen ordezkaritza ere egon da, aurreko bileretan bezala.

Batzordeak ibaiaren arroan uholde arriskuak murrizteko planean jasota dauden neurriak errepasatu ditu, eta erakunde bakoitzak egiten ari den eta egin beharreko jardueren egoera azaldu du.

Bileran Urumean uholdeak ekiditeko proiektu ezberdinen inguruko ekimenen egoera aztertu da eta azken hiru hilabete hauetan egindako lanen egoera partekatu dute.

Neurri horien artean nabarmendu daitezke:

  • Maiatzaren bukaerarako hasiko direla Loiolako ETSren zubiaren eraisketa, eta, ekainerako, zubi berria egiteko obrak. Lan hauek urtebete inguruko luzapena izan dezakete eta, aurreikuspenen arabera, 2014ko uztailean bukatuko dira.

 

  • Egiako zubiari dagokionez, ekainean aterako dira lanak enkantera.

 

  • Bestalde, Karabeleko zubiaren obrak ere enkantera atera dira eta lanak aurtengo iraila edo urrian hasiko direla kalkulatzen da.

 

  • Martuteneko bideratzeari behin betiko soluzioa emateko azterketa geoteknikoak egin dira eta URA eta Donostiako Udalaren arteko elkarlana sustatu da, bertako obren exekuziorako hitzarmen proposamen bat adosteko. 2014rako zubiaren ordezkapena eta ibaian gora bideratze lanak egiteko konpromisoa berretsi dute.

 

  • Txomin auzoari dagokionez, Donostiako Udalak behar diren tramite guztiak aurreratu ditu bertako lur eremuak eskuratu eta bertan egin beharreko lanak egin ahal izateko. Donostiako Udal Gobernuak bertako zubia eraikitzeko obrak lanen lehen fasera aurreratu beharko liratekeela adierazi du, auzoaren maila igotzeko lur ekarpenak egin ondoren.

 

2011ko uholdeak izan zirenetik ia urte eta erdi luze bete den honetan, gogorarazi behar da ibaiaren arroan dauden udalerriek aldian behin sufritzen dituzten uholdeen arriskua murrizte aldera sortu zela Erakundeen Arteko Batzordea, neurri zehatzak adosteko helburuz. Lehentasuna da hemezortzi ekintza neurri jasotzen dituen plana gauzatzea, eta bide horretan batzordea osatzen duen erakundeek azkeneko bileratik gaur egun arte emandako pausoak jakinarazi dizkiote elkarri. Hurrengo bilera irailaren 23an egitea adostu dute Erakunde Arteko Batzordea osatzen duten erakunde guztiek.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau