Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Oregik in situ aztertu du Pasaiako Badiaren oneratzea

2013.eko maiatzak 20

• Portu Agintaritzarekin batera, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak Pasaia-Irun logistika-plataformaren garapena aztertu du
• Herrerako berrantolaketaz jardun da
• Arrain merkatuaren lanak bisitatu ditu
• Pasaiak 78,2 hektarea lur eta 94 hektarea itsaso hartzen ditu eta urtean 3,5 milioi tona salgai mugitzen ditu
• Gaur da itsas-turismoa garatzea proposatzen duen Itsasoaren Europako Eguna
• Debako geltokian kostaldeko aterpetxea egiteko lanak hasi dira

Ana Oregi Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburuak hainbat lan-bilera izan ditu Pasaiako portuan, besteak beste, Rikardo Peña Portu Agintaritzaren presidentearekin, eta bere saileko kargudunekin eta teknikariekin badiaren eta ingurunearen hiri- eta ekonomia-biziberritzea gidatzeko.

Oregi Gipuzkoako portu nagusienaren instalazioak bisitatzen izan da eta arreta berezia eskaini die Herrerako guneari eta tren-kaiaren gaitasunari, Lezon eta Gaintxurizketan plataforma intermodala eginez gero, Euskadiren eta Europako barnealdearen, hego-ekialdearen eta ardatz atlantikoaren arteko lotura behin betiko ezarriko duen Pasaia-Irun logistika-gunearen oinarria izango baitira.

«Erkidegoko salgaien % 74 itsasoz mugitzen da eta, ondorioz, Pasaia aukera-iturri garrantzitsua da», adierazi du Oregik. «Krisi ekonomikoa, garraiobideetan gertatutako aldaketak, portuko salgai- eta arrain-instalazioen zahartzea, itsas turismoaren egoitza izateko ahalmena, badia zedarritzen duten lau udalerrietako herritarrak bizi diren ingurunea berritzeko premia larria, berrantolaketa eta bertako uren ingurumen-osasuna oinarrizko langaiak dira Pasaiak plan sendo, egingarri eta ondo kalkulatua izan dezan eta, hartara, bere etorkizuna, eskualdearena bezala, Irundik Donostiara, bikaina izango dela bermatzeko».

Oregiren lantaldeko kide gehientsuenek parte hartu dute lan-jardunaldian. Bertan izan dira, besteak beste, Izaskun Iriarte Lurralde Politikako sailburuordea, Antonio Aiz Garraioko sailburuordea, Elena Lete Lurralde Antolaketako zuzendaria, Almudena Ruíz de Angulo Garraio Azpiegituretako zuzendaria eta Edurne Egaña, EKP´ko zuzendaria.

Portuko eragileekin bilduta, Oregik jakin-mina agertu du zama-bolumenen, edukiontzi-terminal berrirako planen, jasangarritasunarekin zerikusia duen guztiaren eta sektoreari eragiten dioten Europako zuzentarauen gainean.

Era berean, Oregik Pasaiako arrain merkatuaren obrak bisitatu ditu, aurten, Lakuak hobekuntza-lanak egiteko ordainduko dituen hiru milioietatik bat inbertituko da eta.

Debako aterpetxearen obrak

Euskal Autonomia Erkidegoko Garraio eta Lurralde Politika arloetako agintari nagusien lan-jardunaldia Europako Batzordeak antolatutako Itsasoaren Europako Egunean gauzatu da. Oregik adierazi duenez, «dagoeneko hasi dira Debako geltoki zaharra berritu eta, Santiagoko Bideko Adiskideen Elkartearekin batera, erromesen kostaldeko aterpe bihurtzeko lanak». Aurreikusitakoaren arabera, urtean zazpi mila pertsona igaroko dira bertatik.

«Joan den astean egiaztatu zen egurrezko egitura eta, egoera aski onean dagoenez, egurrean tratamendu prebentiboa besterik ez da aplikatu behar. Horrenbestez, geltokiko etxebizitzak zaharberritzeko lanak hasi dira. Bertan jardungo dira Eusko Jaurlaritzako Azpiegitura Zuzendaritzako teknikariak eta Santiagoko Bideko Adiskideen Elkartekoak, azken horiek aterpe bihurtu nahi dutelako. Hala, Zumaiarekin elkarlanean, kostaldeko turismo-ekintzak sustatu nahi dituzte, batez ere arku atlantikoko itsas turismoari begira, gero eta garrantzitsuagoa baita. Zaharberritze-lanak 2014ko udaberrian amaituko dira», aurreikusi du Ana Oregik.

«Hain juxtu, gaur eta bihar bilduko dira Maltan Europa osoko itsas sektore guztietako adituak, turismoa zein eratara sustatu daitekeen aztertzeko eta, garapen jasangarriko sektore izaerari eusteaz gain, ekonomiaren oinarrizko motor eta EBko "hazkunde urdineko" estrategiaren funtsezko osagai izan dadin. Debako ekimena ezin hobeto egokitzen da baldintza horietara», gogorarazi du Oregik.

Kostaldearen garapena eta itsas turismo jasangarria dira biltzarreko hizpide nagusiak. Maiatzaren 20a da Europar Batasunak itsas Europari urtero eskaintzen dion eguna, itsasoen eta ozeanoen garrantzia azpimarratu asmoz.

Itsas turismoa

Turismoa da itsas sektoreko segmentu garrantzitsuena; 2,35 milioi langile ditu eta EBko ekonomiari urtean 100.000 milioi euroko ekarpena egiten dio. Euskadik garapen-ahalmen handia du, Alemaniako, Danimarkako, Frantziako, Herbeheretako eta Ingalaterrako laketontzi asko bertatik igarotzen direlako. Orain arte, euskal portuen eskaintza barne-eskarira mugatu da, baina Eusko Jaurlaritzako eta EKP sozietate publikoko arduradunak hasiak dira portuok izan ditzaketen aukerak aztertzen. Horretarako, adeitasunezko leku gehiago egin beharko lirateke kirol-kaietan eta zerbitzu gehiago eskaini aisialdiko nabigatzaileen beharrei erantzuteko, urtarokotasuna eta kontzeptu berri eta berritzaileak aintzat hartuta.

Europako Batzordeak, Europako Parlamentuak eta EBko Kontseiluak emandako hiru aldeko adierazpen batean sortu zen Itsasoaren Europako Eguna 2008ko maiatzaren 20an. Urtero ospatzen da maiatzaren 20 inguruan eta itsas Europaren ikusgarritasuna areagotzeko helburua du. Itsasoaren Europako Egunaren aurreko edizioak Bruselan (2008), Erroman (2009), Gijónen (2010), Gdansken (2011) eta Göteborgen (2012) ospatu ziren.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Edurne Egaña, Ricardo Peña