Berriak Segurtasuna
Eu

Gazteen lonjak, arriskurik ere badakarren gizarte-fenomeno bat

2013.eko maiatzak 18

Ertzaintzak oinarrizko segurtasun-neurri batzuk eskatu dizkie gazteei eta, arriskurik egonez gero, berehala 112ra deitzeko

Azken urteotan gazteak, askotan adingabeak, biltzeko prestatutako lonjak ugaritu dira gure herrietan, eta bereziki hiri-inguruetan. Toki horiek oso baldintza interesgarriak dituzte erabiltzaileentzat, hala nola pribatutasuna edo gazteek oso gustuko dituzten tresna teknologikoak edukitzeko aukera; bideo-jokoen kontsolak edo ordenagailuak, besteak beste. Hala ere, haien izaera eta funtzionamenduagatik beragatik, badute oso kontuan hartu beharreko ahulgune bat: segurtasuna.

Lagun-taldeak elkartzeko tokiak diren «gazteen lonja» gehienek antzeko ezaugarriak izaten dituzte: normalean lehen erabili gabe zeuden lokalak dira, lagun-taldeko kideren baten familiarenak edo guztien artean alokatuak, eta ez daude bertan bizitzeko prestatuta, elektrizitate- eta ur-hartune batzuk kenduta. Egongelak balira bezala egokitzen dituzte lokal horiek, taldeko kideek eskuratzen dituzten altzariak erabiliz, eta arreta berezia eskaintzen diote gogokoen duten arlo teknologikoari: bideo-jokoen kontsolak, neurri handiko telebistak, ordenagailuak, bideoak edo musika-ekipoak.

Tokia oso erakargarria da gazteen ikuspegitik: kalean bildu behar ez izateko tokia da, pribatutasuna eskaintzen die, eta, dirurik gastatu gabe, aisiaz nahierara gozatzea ahalbidetzen.

«Gazteen lonja» batek dakartzan arriskuak

Horrelako lokalek, halere, arazo larri batzuk ere eragin ditzakete. Lehenik eta behin, lonja behar bezala egokituta ez egoteak hainbat arrisku, eta ez nolanahikoak, eragin ditzake kontsumo elektrikoari dagokionez. Instalazio elektrikoa ez bada egokia, eta, gainera, aparatu elektrikoen (kontsolak, ordenagailuak edo telebistak, besteak beste) kontsumoari erantzuteko fluxu elektrikoa lortzeko guk geuk asmatutako irtenbideak gauzatzen baditugu, suteak ere sor litezke gainkargagatik edo zirkuitulaburrengatik.

Bigarrenik, pertsonen eta ondasunen segurtasunaren arazoa dugu (esperientzia frogatzen ari da arrisku handia dela); hau da, horrelako lonjen barruan gaudenean lapurretak edo erasoak nozitzeko arriskua. Horretan lagungarria da segurtasun gutxiko ate bat egotea, ohikoa izaten dena, ez baitu balio egon litezkeen lapurrak edo erasotzaileak uxatzeko. Horretaz gain, lonjetan era guztietako aparatu elektroniko edo elektrikoak izaten direnez, gaizkile jakin batzuentzat benetako pagotxa izaten dira lonja haiek. Ertzaintzak 18 pertsona atxilotu ditu 2012 eta 2013 bitartean era horretako lokaletan lapurtzeagatik.

Lonjak eta sare sozialak

Horrelako lokalak erabiltzen dituztenen ohiturek beraiek ere eragiten dute haien segurtasunean. Nabarmentzekoa da, beraz, gazteek zer-nola erabiltzen dituzten gaur egun sare sozialak edo lagun-taldeen izaera irekia edo hedakorra; izan ere, horrek guztiak nolabaiteko lotura izan dezake era horretako lokaletan gertaturiko lapurreta gehienak, indarrez egindakoak baino gehiago, indarkeriaz eta larderiaz egindakoak izatearekin.

Hala, maiz honelako egoera bat gertatzen da: bi gazte horrelako lonja batean daude goizaldean, bideo-kontsolan jolasten edo film bat ikusten; sare sozialetan horren berri eman dute, lonja non dagoen jakinarazi, eta han dituzten gauzak azaldu dituzte (aparatuak, altzariak eta abar), baita solaskideei bisitatzera gonbidatu ere. Ez dira konturatu, baina, «adiskide» asko jasotzen ari direla mezuok, eta haietako asko ez dituztela, ziur aski, ezagutu ere egiten. Jakin gabe, gizatxar bat edo hainbatengana erraz eta berehala irits daitekeen informazioa zabaltzen ari dira, eta haiek pentsa dezakete oso erraza izango litzatekeela hara labana eskuan joatea eta hustea. Hori gertatzen ari da.

Azaroaren 19an bi gizabanako sartu ziren, gaueko hamaikak aldean, bi adingabe zeuden Erandioko era horretako lokal batean; hartarako, atea kisketaz itxi gabe zegoela baliatu ziren. Gaizkileek aizto banarekin mehatxatu zituzten adingabeak, eta bideo-kontsola bat, LTD bat eta bi mugikor lapurtu zituzten, besteak beste. Antzeko lapurreta bat gertatu zen otsailaren 24an udalerri bereko beste lonja batean; orduan, bi gizabanako sartu ziren eta, bertan zegoen gazte bakarra aizto batekin mehatxatu ondoren, kutxa gotorra, gerriko poltsa bat (telefono bat, bankuko txartelak eta dokumentazioa zituen barruan) eta abar lapurtu zituzten. Ertzaintzaren ikerketak ustezko egileak identifikatzea ahalbidetu zuen kasu haietan; lau gizabanako ziren, martxoaren 18an herri hartan atxilotuak.

Talde bateko hiru kideak espetxeratu zituzten urtarrilaren 17an; izan ere, urritik urtarrilera bitartean hiru eraso egin zituzten era horretako bi lonjatan, Gasteizko Gazalbide auzoan. Orduko erasoetan, lonjetan zeudenak jo zituzten eta heriotza-mehatxuak egin zizkieten ordenagailu eramangarri bat eta hainbat mugikor eramateko.

Segurtasunaren gaineko aholkuak

Horregatik guztiak, komeni da era horretako lokalen erabiltzaileek oinarrizko segurtasun-aholku batzuk jarraitzea.

Lehenik, istripuak saihestearren, lonjak biltzeko toki gisa erabili aurretik behar bezala egokitu behar dira, batez ere elektrizitate-hornidurari dagokionez; halaber, osasun arloko beharrezko hornidura ere eduki behar dute. Era berean, segurtasun pasiboko neurriak ere beharrezko dira, hala nola su-itzalgailuak egotea edo Ertzaintzaren edo Udaltzaingoaren zuzeneko telefono-zenbakiak beti eskura edukitzea, beharrezkoa bada, larrialdi-abisu azkar bat emateko.

Horretaz gain, gutxieneko segurtasun-bermeak betetzen dituzten sarbideak eta ateak eduki behar dituzte horrelako lonjek. Horrek eta, behar izanez gero, larrialdi-dei azkar batek baino ezin dute eraso bat saihestu.

Hirugarrenik, lokal horien erabiltzaileek izan ditzaketen arrisku-egoeren jakitun izan behar dute, eta horren arabera jokatu beharra dute. Hortaz, oso zuhurrak izan behar dute lonjaren kokapenari edo edukiari dagokionez, informazio hori sare sozialetan argitaratzeak arriskuan jar baititzake.

Halaber, norbera babesteko sen on hutseko oinarrizko arau batzuk ere bete behar dituzte. Esate baterako, lonjan goizaldean egotea arriskutsuagoa izango da beti goizean edo arratsaldeko lehen orduan baino. Lonjan bakarrik dagoenari errazago lapurtuko diote taldeari baino; zenbat eta talde handiagoa, orduan eta hobeto. Atea ezagunei eta fidatzekoak direnei bakarrik irekitzea oinarrizko segurtasun-neurri bat da.

Azkenik, era horretako lonjen erabiltzaileek Ertzaintza eta Udaltzaingoa hartu behar dituzte kontuan edozer arazoren aurrean, beharrezkoa denean haien zerbitzuak azkarrago eta eraginkortasun handiagoz eskaini ahal izateko.

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @mlizardui
    2013.eko maiatzak 18

    Comentario de Twitter:
    Interesantes recomendaciones y consejos. http://t.co/G4On44pJwk