Berriak Osasuna
Eu

Osakidetza, Euskal Osasun Zerbitzua, publikoki errekonozitzeko eta babesteko adierazpen instituzionala, Eusko Legebiltzarrak 10/1983 Legea onartu zuela 30 urte bete direnean.

2013.eko maiatzak 19

(Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluaren 2013ko maiatzaren 21eko akordioa)

Eusko Legebiltzarrak Euskal Osasun Zerbitzua-Osakidetza sortzeko legea onartu zuen 1983ko maiatzaren 19an. Testu horretan hitzez hitz adierazi zenez, «euskarazko izenaren jatorri semantikoak ere osasun eta elkartasun ideiak islatzen ditu».

Modu horretan, Euskadik kalitatezko zerbitzu publiko baten lehen harria jarri zuen. Hura gabe ezingo lirateke Euskadiko herritarrek denbora honetan lortutako aurrerabidea eta ongizatea ulertu.

Ordutik, Osakidetza hazi eta heldu egin da. Gaur, hiru hamarkadaren ondoren, 320 osasun-zentro, hamar ospitale, osasun mentaleko zerbitzuak eta 30.000 profesional inguru ditu, eta Euskadiko enpresarik handiena da.

Hala ere, ez ditu sorrerako printzipioak aldatu: unibertsaltasuna, elkartasuna, ekitatea, zerbitzu-kalitatea eta herritarren partaidetza. Ezaugarri horiei esker, Euskadiko gizarteari zerbitzurik onenak eskaini dizkiote une eta egoera bakoitzean. Eredu hori guztion ahaleginekin eraiki da, eta zalantzan jar ezin daitekeen ospea lortu du, bai herritarren bai profesionalen artean. Horregatik, erreferente bihurtu da beste erkidego, administrazio eta herrialde batzuentzat.

Hori guztia, Euskadiko gizarterako lorpen ukaezina ez ezik, gure aurrekoek utzitako herentzia, gaur egungo Euskadiren ondare eta, batez ere, etorkizuneko belaunaldientzako babestu beharreko legatu ere bada zalantzarik gabe.

Horrenbestez, gure etorkizuna bermatzeko, arduraz eta zuhurtziaz jokatu behar dugu.

Lehenik eta behin, botere publikoek sistemaren eta haren ezinbesteko oinarrien jasangarritasuna babesten jarraitu behar dute, agintari demokratikoak diren heinean.

Gainera, kalitatezko osasun zerbitzu publikoa eta unibertsala jasotzeko eskubidea duten banako bezala, baliabide horiek zuzen erabiltzeko eta beren osasuna arduraz zaintzeko betebeharra dute.

Noski, Euskal Osasun Sistemaren profesionalek egunero, bai atzo bai gaur, erakutsi eta erakusten duten esfortzuaren eta konpromisoaren laguntza izan dute horretan guztietan, haiek baitira Osakidetzaren benetako gorputz eta arima. Medikuek, erizainek, zeladoreek, administratzaileek eta gainerako langileek gauzatzen duten lan bikainari esker. Osakidetza gaur egun dena eta etorkizunean izaten jarraitu behar duena da: gure osasun zerbitzua, denona, herrialde honetako herritar guztiona.

Ondorioz, Osasuneko sailburu Jon Darpón Sierraren eskariz, Jaurlaritzaren Kontseiluak honako hau onartu du:

AKORDIOA

Lehena.- Euskal Osasun Zerbitzuari, Osakidetzari, sortu zenetik hiru hamarkada igaro diren honetan, gauzatu duen lan baliotsua eta bikaina errekonozitzeko eta eskertzeko adierazpen instituzional hau promulgatzea.

Bigarrena.- Herritarren esker ona Osakidetzako profesional guztiei helaraztea banan-banan, beren lanari eta esfortzuari esker, zerbitzua eredu eta erreferentzia bihurtu baitute Euskadin eta kanpoan.

Hirugarrena.- Euskal Osasun Sistema eta haren izaera publikoa, unibertsala eta kalitatezkoa babesteko ekintza politikoa lehentasun izateko Eusko Jaurlaritzaren eta gainerako euskal erakundeen konpromiso argia erakustea.

Laugarrena.- Aurreko gobernuek Osakidetza sortzeko eta bultzatzeko erakutsitako babesa errekonozitzea, baita Eusko Legebiltzarrak Euskadiko herritar guztiak ordezkatzen eta artatzen dituen zerbitzua zaintzeko egindako lana ere.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau