Berriak Osasun eta Kontsumoa
Eu

"A Gripea: Honetatik ikasi duguna" jardunaldia

2010.eko martxoak 24

Osasun sailburuak "kogestioa" azpimarratu du etorkizunean epidemiei aurre egiteko tresna gisa 

Rafael Bengoak nabarmendu egin du berriro A Gripearen kontrako txertoaz immunizatu beharraren garrantzia, "bizitza asko salbatu baititu". Hori izan da sailburuak "A Gripea: Honetatik ikasi duguna" jardunaldian azpimarratu duen ondorioetako bat, birusari aurre egiteko kanpainaren balantzea egiterakoan.

Eusko Jaurlaritzako Osasun eta Kontsumo sailburuak, Rafael Bengoak, erakundeen eta hedabideen arteko "kogestioa"ren aldeko apustua egin du etorkizunean A Gripeak sortu duena baino osasun alerta "larriago"ei ere aurre egiteko. Bengoaren aburuz, hedabideek "lagundu egiten digute pandemia bezalako krisi egoera larriei aurre egiten". 

Bilbon egin ditu hitzok osasun sailburuak, "A Gripea: Honetatik ikasi duguna" lelopean egin den jardunaldian, eta H1N1 birusari aurre egiteko kanpainaren balantzea ere egin dute bertan. 

Bengoak esan duenez, oso inportantea da txertoarekin immunizatzea "seguruenik bizitza asko salbatu direlako horri esker". H1N1 birusak Euskadin eragindako epidemia, berriz, "txikia" izan dela gaineratu du. 

Julián Pérez Osakidetzako zuzendariak eta Jesus María Fernández Osasun sailburuordeak emandako datuen arabera, 2009ko abuztuaren eta 2010eko urtarrilaren artean gripe pandemikoaren 676 kasu antzeman dituzte Euskadiko ospitaleetan; horien % 44 emakumezkoen (batez beste, 38 urtekoak) artean. Ospitaleratutako gaixoen % 71k konplikazioak izateko arrisku-faktoretzat jotzen direnetako baten bat zuten. Adin-tarteei dagokienez, arrisku-faktore usuena asma da adingabeen artean, eta BGBK (Biriketako Gaixotasun Buxatzaile Kronikoa), diabetesa edo gaixotasun kardiobaskularrak, helduen artean. EAEn guztira 7 pertsona hil dira H1N1 birusak jota. 

Osasun arduradunen esanetan, orain "hobeto prestatuta gaude" A Gripeak eragindakoa baino pandemia "larriago" bati aurre egiteko, iaz eta aurtengo lehen hilabeteotan modu arduratsuan erabili baititugu birusaren kontrakoak, modu egokian aukeratu baita txerto hori hartzeko lehentasuna zeini eman, herritarrek etengabe jaso baitute informazioa, eta hartutako erabakiak neurri-neurrikoak izan baitira, besteak beste.

Bestalde, hurrengo pandemiei aurre egiteko "hobetu beharrekoak" azpimarratu dituzte: "herritarrek txertoen segurtasunaren eta eraginkortasunaren inguruan duten konfiantza berreskuratzea", osasun langileak "are gehiago" sentsibilizatzea, "etengabe" indartzea higiene eta osasun baldintzen garrantzia, eta hedabideekin harremana hobetzea. 

Jesús María Fernández Osasun sailburuordearen iritzian, A Gripearen ondorioz "orain askoz ere hobeto prestatuta gaude etorkizunean osasun publikoari dagokien larrialdiei aurre egiteko, gripe mota berriei, hondamendi naturalei zein naturalak ez direnei aurre egiteko, hain zuzen ere".

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Rafael Bengoa