
Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendariak oso positibotzat jo du Dublinera egin duen bidaia
Asier Vallejo Itsaso Kanpoan den Euskal Komunitatearentzako zuzendariak oso positibotzat jo du maiatzaren 14an eta 15ean Dublinen egin den Diasporari buruzko Foro Orokorrean izan duen parte-hartzea.
Eusko Jaurlaritza lehenengo aldiz joan da mundu-mailako ekitaldi honetara, eta Asier Vallejo Itsaso zuzendariaren esanetan "oso esperientzia positiboa izan da".
Gainera, maiatzaren 16an eta 17an bilerak egin ditu Vallejo Itsasok Irlandako Atzerri Gaietako eta Merkataritza Ministerioko arduradunekin, eta Diasporarekiko harremanetarako irlandar ereduko adituekin. Bilera horiek direla-eta, Irlandako Diasporaren Nazioarteko Zentroaren proiektua bisitatu du. Beraz, oro har, "oso emankortzat" jo du agenda Eusko Jaurlaritzako zuzendariak.
Azken urteotan, hegaldi merkeei eta teknologia berriei esker, pil-pilean dago Diasporaren gaia, eta Irlandan jarri ditu begiak mundu guztiak, Diasporarekiko oso harreman-eredu interesgarria baitu.
Munduko populazioaren % 3 (214 milioi lagun) jaio diren herrialdetik at bizi dira. Emigratzaile horiek herrialde bat osatuko balute, "munduko bosgarren herrialderik handiena izango litzateke, eta, ziur asko, dinamikoena", Foroan esandakoaren arabera.