Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak alderdi politikoekin akordioa lortzeko «borondatea, grina eta inplikazioa» berretsi ditu

2013.eko maiatzak 15

Iñigo Urkullu lehendakariak berretsi du borondatea duela egungo egoeraren diagnostiko partekatua alderdi politiko guztiekin egiteko; hortik aurrera, lehendakariaren esanetan, euskal gizarteari egonkortasuna emateko konpromisoak lortu ahal izango dira, adostuta betiere, krisiari aurre egiteko eta ekonomia suspertzeko bideak topatzeko. Lehendakariak espero du topaketa horretan alde guztiek jakingo dutela egoera zein den; nolanahi ere, aitortu du azken adierazpenetan ikusi duela alderdi politiko batzuek zer jarrera duten. Horrek esan nahi du, Urkulluren esanetan, alderdi guztiak ez direla ari gizarteak eskatzen duenarekin pentsatzen, baizik eta «zigor politikoarekin eta zigor instituzionalarekin».

Lehendakaria Arespalditzan (Araba) izan da gaur, San Isidro egunez, bertan egiten duten nekazaritza- eta abeltzaintza-azokan, eta hantxe erantzun die komunikabideei.

Autonomia-erkidegoen defizitaren inguruan hartuko diren erabakiei dagokienez, lehendakariak iritzi dio «kontraesana» dela defizitaren helburua bete ez duten erkidegoak saritzea. Urkulluk esan du «arreta berezia» beharko luketela bete dutenek. Lehendakariak nabarmendu du gai hau Ekonomia Itunaren Batzorde Mistoan eztabaidatu behar dela Espainiako Gobernuarekin, EAEk duen aldebikotasun-erregimena dela eta.

Ertzaintzaren esku-hartzea Ondarroan
Lehendakariak Urtza Alkorta atxilotzeko Ondarroan (Bizkaia) egindako esku-hartzea ere izan du hizpide. Iñigo Urkulluk «erantzukizuna» eskatu dio ezker abertzaleari, eta gogorarazi du Ertzaintza polizia integrala dela eta epaileen aginduak betetzen dituela.  Lehendakariak nabarmendu du operazio honek baliabide publikoak «xahutzea» eskatu duela, eta sortutako «alferrikako» tentsio soziala gaitzetsi du.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)