Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Eusko Jaurlaritza kezkatuta dago Espainiar Estatua ez delako hasi Europar Batasuneko garraio politika betetzen

2013.eko maiatzak 14

Eusko Jaurlaritzako Garraioko sailburuorde Antonio Aizek kezkatuta dagoela esan du; izan ere, «Espainiako gobernua ez da hasi oraindik Europar Batasuneko garraio-politika betetzen. Politika horrek aurreikusten dituen proiektuen helburuak hauexek dira: mugaz haraindiko lotuneak erraztea eta Europako korridore nagusietako (besteak beste, atlantikokoa) itoguneak desagerraraztea, garraio jasangarria bermatzea eta Europako garraiobideen integrazioa eta lortura hobetzea».

Aiz Valentzian izan zen astelehenean, Europako Parlamentuak antolatutako Europaz haraindiko garraio-sareei buruzko jardunaldi batzuetan, eta, gogorarazi duenez, «Europaz Haraindiko Sareen Lehentasunezko Proiektuei buruzko 1994ko erabakiak Europako hego-ekialdeko trenbide-loturaren proiektua barne hartzen zuen, eta, horrek bi adar aurreikusten zituen; bata, atlantikokoa (Madri-Gasteiz-Dax) eta mediterraneokoa (Madril-Bartzelona-Perpinyà). Erabaki zenez, mediterraneoko adarra 2008an hasiko zen funtzionatzen, eta, 2010ean, berriz, atlantikokoa».

Eusko Jaurlaritzako Garraioko sailburuordearen aburuz, «estatu espainiarrak ez dio lehentasunik eman trenbide-sare hauek gauzatzeari, Europak zehaztutako epeak betez; aitzitik, Europaz haraindiko sareen proiektuen barruan ez dauden beste batzuk garatzen ari da, eta, aldi berean, Europako finantzazioa Europako erabakien arabera lehentasunezkoak ez diren trenbide-sareetara bideratzen ari da».

Korridore garaiak
«Espainiako gobernua ez da hasi oraindik Europar Batasuneko garraio-politika betetzen -gehitu du Aizek-. Politika horrek aurreikusten dituen proiektuen helburuak, hain zuzen ere, hauexek dira: mugaz haraindiko lotuneak erraztea eta Europako korridore nagusietako (besteak beste, atlantikokoa) itoguneak desagerraraztea, garraio jasangarria bermatzea eta Europako garraiobideen integrazioa eta lortura hobetzea».

Antonio Aizen arabera, «nabarmen atzeratu da Europaz haraindiko trenbide-korridoreak abian jartzeko unea, eta, gainera, orain, krisi ekonomikoan gaude eta aurrekontu-defizita dugu, eta estatu espainiarra horiei aurre egiten ari da oraindik garraio-azpiegiturei eta, bereziki, trenbide-egiturei dagokienez, eta abiadura handiko trenak eraikitzen ari da inolako lehentasunik gabe eta Europaz haraindiko garraio-sareen politika aintzat hartu gabe. Horiek, bada, Europarako lehentasunik gabeko beste edozer ildotzat jotzen ditu inbertsio-planetan».

«"Europara ez begiratzeko" politikari jarraiki eta baldintza ekonomikoak eta aurrekontukoak aitzaki, Madriletik hiru hariko trabesadun hirugarren erraila proposatzen dute Madrildik behin eta berriro, eta uko egiten diote prestazio handiko trenbide-sareen azpiegiturak eraikitzeari, bai Burgos-Gasteiz zatian, bai Euskadiko trenbide-sare berriaren zati batean. Azken hori eraikitzearen ardura, bada, estatu espainiarrarena da», esan du Eusko Jaurlaritzako Garraioko sailburuordeak.

Aizek azpimarratu duenez, «ez nator bat estatu espainiarraren "aurrera ihes egiteko" politikarekin, ez baititu aintzat hartzen Europar Batasunaren lehentasunak eta ez baita gai Europa xede duten garraio-politikak egiteko; hortaz, ez ditu errazten Europaz haraindiko sareekiko irisgarritasuna eta lotura eta ez ditu lehenesten Europaren balio erantsi handiagoa duten sareak eta korridoreak».

«Beste behin, kezkatuta gaude estatu espainiarraren garraio-politikak Europako eraikuntza-lehentasunak baztertzen dituelako eta isolatuta bizitzera garamatzalako, trenbide-mugei eutsita eta Europako garanpen-zentroetatik at», esan du amaitzeko Eusko Jaurlaritzako Garraioko sailburuordeak.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)