Berriak Lehendakaritza
Eu

Latinoamerikarako Garapen Bankuak Euskadi bisitatuko du inbertsio bila

2013.eko maiatzak 14

Latinoamerikarako Garapen Bankuko hainbat ordezkari Euskadi bisitatzera etorriko dira aste honetan, EAEko ekoizpen eta enpresa sarea ezagutzeko eta euskal enpresek Latinoamerikan inbertsioak egin ditzaten lankidetza aukerak aztertzeko. Bisita hau Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetako idazkaritza Nagusiak antolatu du, Garapen Ekonomiko eta Lehiakortasun Sailarekin eta SPRI-rekin batera.

Eusko Jaurlaritzak uste du Latinoamerikako Garapen Bankuaren egitekoa aukera handia dela Euskadirentzat banku hori osatzen duten estatuek eta finantza-erakundeek ezagutu ditzaten, batetik Eusko Jaurlaritzaren nazioartekotze-politikak, eta bestetik euskal enpresek dituzten potentzialitateak erakunde honek jorratzen dituen sektoreetan: azpiegiturak, garraioa, energia, uraren maneiua edota ikerkuntza, erakunde horren jarduera-esparruak diren aldetik.

Iñigo Urkullu lehendakaria hartuko ditu erakundeko ordezkariak, Europako zuzendaria, Guillermo Fernández de Soto, buru dela. Bilera bihar izango da, maiatzak 15, Lehendakaritzan. Bilera horretan honakoek ere parte hartuko dute: Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko sailburu Arantza Tapia eta Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorza.

Ostegunean, maiatzak 16, Latinoamerikako Garapen Bankuko ordezkariek SPRIk antolatutako lan-jardunaldi batean parte hartuko dute Bilbon. Bertan 80 euskal enpresen aurrean azaldu ahal izango dute zein diren auren lan programak.

Ondoren, Bilboko Udalarekin batzar bat izan ostean, SPRIren egoitza bisitatuko dute Bilbon, eta bertako ordezkari gorenek Eusko Jaurlaritzaren lehiakortasun-programak eta -erremintak azalduko dizkiete.


Azkenik, Energiaren Euskal Erakundearekin elkartuko dira Euskadiko energia estrategia aztertzeko, baita Ingurumen Jarduketarako Sozietatearekin (IHOBE), Tecnaliarekin, Deustuko Unibertsitatearekin eta Orkestrarekin.

LATINOAMERIKAKO GARAPEN BANKUA

Garapen Bankua Karibeko, Europako eta batez ere Latinoamerikako 18 herrialdek osatutako finantza-erakundea da. Horrez gain, Latinoamerikako 14 finantza-erakunde pribatuk ere parte hartzen dute. Helburua da garapen-eredu jasangarria sustatzea eta sektore publiko zein pribatuko proiektuen egituratze teknikoa eta finantzarioa babestea Latinoamerikan.

Garapen Bankuak hainbat eratako finantza-zerbitzuak eskaintzen ditu, balio erantsi handikoak eta hala dagokionean, bai sektore publikoan, bai pribatuan: maileguak, bermeak eta abalak, aholkularitza, eta abar. Hainbat eratako proiektuak finantza ditzake: bideragarritasunarekin lotutako azpiegitura-planak, garraioa, telekomunikazioak, energia sortzea eta igortzea, ura, ingurumen-saneamendua, edota mugaz haraindiko garapena.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)