Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

41,8 milioi euro laneko prestakuntza sustatzeko (2013-05-14(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2013.eko maiatzak 14

Erabakia, 5.000.000 eurotik gorako gastua baimentzekoa, enplegurako lanbide-heziketako azpisistemaren esparruan eskaintza-prestakuntzarekin zerikusia duten gaietarako diru-laguntzak finantzatzeko. Diru-laguntza horiek batik bat Euskal Autonomia Erkidegoko langileei zuzendutako prestakuntza-ekintzak egiteko erabiliko da.

Erabakia, 5.000.000 eurotik gorako gastua baimentzeko dena. Helburua: Euskal Autonomia Erkidegoko lana duten langileei batez ere zuzendutako enplegurako prestakuntzarako laguntza ekonomikoak finantzatzeko, 2013ko ekitaldirako.

LABURPENA

Eusko Jaurlaritzak 41,8 milioi eurorekin lagunduko du langabeak trebatzeko (lanerako prestakuntza) eta dagoeneko enplegua duten pertsonak trebatzeko (etengabeko prestakuntza) jarduera-multzoa.

Gaurko bilkuran, Gobernu Kontseiluak lanerako prestakuntza-jarduerak eta etengabeko prestakuntzakoak egiteko deialdiak onartu ditu. Akordioa Euskal Enplegu Zerbitzu Lanbideko Administrazio Kontseiluak berretsi du aldez aurretik.

Lehenengo kasuko prestakuntza-jarduerak enplegurako prestakuntza-azpisistemaren barruan sartzen dira. Orotara, gobernuak 24,9 milioi euro bideratuko ditu langabeak gaitasun eta kualifikazio profesionalez jabetzeko eta haiek hobetzeko nahiz etengabe eguneratzeko jardueretara.

Diru-laguntzen hartzaileak Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren mende ez dauden prestakuntza-zentro publiko edo pribatuak izango dira. Era berean, bere kasa nahiz mendeko zentro eta entitateen bidez enplegurako prestakuntza profesionala eskaintzen duten enpresa-erakunde eta sindikatuek ere jaso ahal izango dituzte laguntza horiek.

Ezingo dira diruz lagundu enpresa jakin bateko lanpostua lortzera bideratutako irakaskuntzak hartzen dituzten prestakuntza-jarduerak -beste enpresa batzuetara zabaldu ezin diren kualifikazioak dituztenak-, ez eta oinarrizko osagai gisa prestakuntza-prozesu baten garapena (irakaskuntza-ikaskuntza) ez dutenak ere.

Enplegurako prestakuntza-profesionala enplegua sortzeko politika aktiboen artean tresnarik osoena da. Honako alderdi guztiak modu global eta integratuan hartzen ditu: orientazio- eta aholkularitza-lana, prestakuntza-jarduera eraginkortasunez ematea -ikuspegi teorikoa eta praktikoa barne hartuta-, lanez kanpoko praktika profesionalak egitea, kontratazio-konpromisoak eskaintzea, eta, batez ere, prestakuntza profesionalaren azpisisteman enplegua duten eta ez duten pertsonekin aurrera eramaten den ibilbide profesionala eta trebakuntzakoa.

Etengabeko prestakuntza

Bilkura horretan bertan, Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak proposatuta, enplegua duten pertsonei zuzendutako prestakuntza-planak sustatzeko laguntza-programara 16,9 milioi euro bideratzea erabaki du Eusko Jaurlaritzak.

Gaitasun eta kualifikazio profesionalak hobetzea xede duten prestakuntza-jarduerak eskaintzen dituzten EAEko entitate guztiek jaso ahal izango dituzte aipatu laguntzak, Hobetuz fundazioaren bitartez. Besteak beste, unibertsitateek eta enpresa-erakundeek, 1995ean EAEko Etengabeko Prestakuntzari buruzko Lanbide arteko Akordioa sinatu zuten prestakuntza-entitateek eta sindikatuek eta laneko kooperatiba eta sozietateen konfederazio eta federazioek.

Programak diruz lagunduko dituen prestakuntza-ekintzak EAEko langileei eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonak zaintzen dituzten langile ez profesionalei zuzenduta daude.

Era berean, Lanbiden enplegu-eskatzaile gisa izena emandako langileek ere parte hartu ahal izango dute. Kasu horretan, hala ere, horien partaidetza , prestakuntza-ekintzan parte hartzen duten pertsonen % 20 eta % 40 bitartekoa izango da plan bakoitzean. Zentzu horretan, parte-hartzaileak langabetzat hartuko dira baldin eta trebakuntza-ekintza hastean egoera horretan badaude. Halaber, prestakuntza-jardueretan parte hartu ahal izateko, langabeak Lanbideko Orientazio Zerbitzuak proposatutakoak izatea gomendatzen da.

Lanbidek aitortzen ez dituen prestakuntza-entitate pribatuei emango zaizkien laguntzak prestakuntza-behar espezifikoak edo laneratzeko zailtasunak dituzten pertsonei zuzendutako berariazko programak finantzatzera bideratuko dira. Hala, partaideen % 70 gutxienez talde hauetako batekoak izan beharko dira: enpresa txiki eta ertainetako langileak, emakumeak, terrorismoaren nahiz genero-indarkeriaren biktimak, 45 urtetik gorakoak, kualifikazio txikiko langileak, desgaitasunen bat duten pertsonak eta langabe gazteak, iraupen luzekoak edota gizarte-bazterketako arriskua dutenak.

Ekimenak 2013ko urtarrilaren 1etik abenduaren 31ra bitartean hasiko dira, eta 2014ko ekainaren 30ean gehienez ere bukatu.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau