Berriak Ogasuna eta Finantzak
qrcode

Jaurlaritzak lan-proposamen bat helarazi die foru-aldundiei

2013-05-13

Eusko Jaurlaritzak lan-metodologia bat helarazi die EAEko hiru foru-aldundiei, erakunde arteko funts bat sortzeko. Funts horren bitartez, defizit-muga malgutuz gero izango liratekeen 180 milioi euroak kudeatuko lituzkete. Gatzagaetxebarriak ez du dokumentu honetan jasotako metodologiaren xehetasunik azaldu, foru-aldundiei zor dien «errespetuagatik»; izan ere, batzordea datorren astean berriro elkartzea adostu dute, foru-aldundietako agintariek dokumentua «aztertu» ostean.

Ogasun eta Finantzetako sailburu Ricardo Gatzagaetxebarria gaur arratsaldean elkartu da Ogasuneko hiru foru-diputatuekin. Hala adostu zuten Iñigo Urkullu lehendakariak, hiru foru-aldundietako ahaldun nagusiek eta EUDELeko presidenteak, joan den astean egindako bileran. Horrenbestez, lehendabizikoz elkartu da gaur Ogasun eta Finantzetako sailburuak eta foru-aldundietako homologoek osatutako batzorde delegatua.

Batzorde honen helburua defizitaren muga malgutuz gero mamitu ahalko liratekeen proiektuak identifikatzea eta aukeratzea da. Aurreko astean bost erakundeak ekonomia suspertzeko eta enplegua sortzeko plan bat elkarrekin prestatzearen alde agertu ziren, defizitaren muga malgutzeak ekarriko lukeen gastu-gaitasun gehigarria baliatuta.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)