Berriak
Eu

Jaurlaritzak Erakundeen Mahaian lortutako adostasuna Alderdien Mahaira ere eraman nahi du

2013.eko maiatzak 14

Jaurlaritza pozik agertu da atzo foru-aldundiekin erakunde arteko mahaian lortutako aurrerapenekin. Erkorekak azaldu du atzo «lehendabiziko urratsa» eman zutela 180 milioi euroko inbertsioetan lehentasunak zehazteko, eta gaineratu du giroa «eraikitzailea» izan zela. Bozeramailearen aburuz, adostasuna lortzeko bidean «erreferentea» da egoera hori. «Adostasun hori Alderdi Politikoen Mahaira ere eraman nahiko genuke», adierazi du.

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkoreka komunikabideen aurrean azaldu da, ohiko Gobernu Kontseiluaren ostean.  Erkorekak jakinarazi du Alderdien Mahaia datorren asteartean elkartuko dela 17:30etik aurrera. Bozeramaileak aitortu du erakunde arteko mahaia eta alderdi politikoena foro desberdinak direla, baina, era berean, azaldu du erakunde arteko foroan partekatutako oinarriek «alderdien arteko elkar-ulertzeak» bidera ditzaketela; izan ere, bere esanetan, «erakundeak ez daude alderdi politikoetatik at».

Gizarte-politiketarako laguntzak
Gaur goizeko Gobernu Kontseiluak jorratu dituen gaien artean, Josu Erkorekak ziurtatu du hitzarmen bat lortu dutela 41,8 milioi euro bideratzeko, Iñigo Urkulluren gobernuak abiarazitako enplegu-planean aurreratzeko.  Partida hori langabeentzako trebakuntza-jarduerak diruz laguntzeko baliatuko dute, edota, enplegua izanagatik ere, gaitasunak hobetu nahi dituztenentzat. Esku-hartze horrek 12.000 pertsonari baino gehiagori eragingo lioke.

Nabarmendu duten beste gaietako bat da arreta juridikoko doako zerbitzua indartuko dutela, etxeko indarkeria edota genero-indarkeria jasan duten pertsonak artatzeko. Helburu horrekin 1,1 milioi euro bideratuko dituzte; hau da, iaz baino % 1 gehiago. Datu gisa, 2012an doako zerbitzu hau 3.686 lagunek baliatu zuten: 2011n baino % 4,7 gehiago.

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako erabakiak (2013.05.14)

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)