Berriak Osasuna
Eu

Lupusa duten pazienteen %90 emakumezkoak dira

2013.eko maiatzak 08

Lupusaren Mundu Eguna da laster; hori dela-eta, jardunaldi zientifikoa antolatu dute herritar ororentzat

  • Emakumezko horietako gehienek 25 urtetik 35era bitartean izan ohi dituzte gaixotasuna diagnostikatzen zaien unean.
  • Lupus eritematoso sistemikoa (LES) gaixotasun autoimmune kronikoa da, eta hainbat konbinazioren bidez antzeman daiteke azalean, artikulazioetan, odolean, giltzurrunetan eta nerbio-sisteman. 
  • Osakidetzak paziente horiei arreta emateko diziplina arteko unitate espezifikoa du, bai eta gaixotasun autoimmuneen ikerketa klinikorako taldea ere. 
  • 1/1000 inguruko prebalentzia du eta, beraz, Euskadin 2.000 lagun inguruk lupusa duela uste da. 
  • Gaur, lupusari buruzko jardunaldia egingo da Bilbon; doakoa eta bertaratu nahi duten herritar guztientzat izango da. Paziente batek bere haurdunaldi-esperientzia azalduko du. Gainera, bertaratuko direnen galderei erantzuteko tartea ere izango da. 
  • Lupusa da gaixotasun autoimmune sistemikoetan ohikoena.

"Lupus eritematoso sistemikoa duten pazienteen %90 emakumezkoak dira, eta gehienek 25 urtetik 35era bitartean izan ohi dituzte. Lupusa da gaixotasun autoimmune sistemiko ohikoena, eta gaitz horren prebalentzia 1/1000 ingurukoa da; hortaz, Euskadin gutxi gorabehera 2.000 lagunek lupusa dutela uste da". Guillermo Ruiz Irastorza Osakidetzako medikua eta Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Gaixotasun Autoimmuneen Sailaren burua da, bai eta BioCruces Ikerkuntza Sanitarioko Institutuko Gaixotasun Autoimmuneen Ikerketa Taldeko (Osakidetza) burua ere. Berak azaldu duenez, "gaixotasun autoimmuneen unitate espezifikoak egotea eta unitate horietan prestakuntza eta esperientziadun profesionalak izatea eta lupusa duten pazienteekin lan egiten duten espezialistak elkarrekin koordinatuta egongo direla ziurtatzea", Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko unitatean bezala, "funtsezkoa da, lupusaren pronostikoa hobetzeko eta osasun-sistema publikoan duen eragina arintzeko".

Helburu hartuta, batetik, lupusaren errealitatearen berri ematea eta eritasun horren gaineko ikerketan, diagnostikoan eta tratamenduan egindako aurrerapenak jendarteratzea, eta, bestetik, bertaratuko direnen zalantzak argitzea, lupusari buruzko jardunaldi monografikoa egingo da gaur arratsaldean (maiatzak 8), Bilboko Euskalduna jauregian (A3 aretoa), 17:00etatik 20:30era bitartean. Ekitaldia doakoa eta bertaratu nahi duten herritar guztientzat izango da, eta bertan, osasuneko profesionalek eta pazienteek lupus eritematoso sistemikoari buruzko galderen eta erantzunen gainean hitz egingo dute. Jardunaldian, lupusa duen paziente batek bere haurdunaldi-esperientzia azalduko du. Gainera, bertaratuko direnen galderei erantzuteko tartea ere izango da. Ostiralean, maiatzak 10, Lupusaren Mundu Eguna ospatuko da, eta horregatik antolatu da jardunaldia. 

Lupus eritematoso sistemikoaren pronostikoa hobetzeko oso garratzitsua den beste aderdi bat ikerketa da. Alde horretatik, Gurutzetako Unibertsitate Ospitaleko Gaixotasun Autoimmuneen Ikerketa Unitateak (Osakidetzarena, gaur egun BioCruces Ikerketa Sanitarioko Institutuan integratua) hamar urtez dihardu gaixotasun horri aurre egiteko aplikazio praktikoa duten emaitzak ematen.

Guillermo Ruiz Irastorza medikuak nabarmendu duenez, "lupusaren arloan, oso ikerketa-ildo aktiboak daude, besteak beste honako alderdi hauek ardatz dituztenak: arrisku-faktore genetikoak eta immunologikoak, gaixotasunaren bilakaerako pronostiko-alderdiak eta sendagai berrien sintesia. Unitate espezializatuetan arreta ematen zaien pazienteen behaketa kliniko egituratuak (gure ospitalean egiten den bezalakoak) balio handiko informazioa ematen du, eta praktika klinikora berehala eramateko modukoa. Hortaz, gaixotasun konplexu hori hobeto ezagutzeko eta eritasunari era integratuan aurre egiteko, funtsezkoa da laguntza, ikerketa eta prestakuntza arloak hirurak lan daitezen bultzatzea". 

Lupusa eta eritasunaren seinale klinikoak

Ruiz Irastorza aditua Euskal Herriko Unibertsitateko Medikuntza eta Odontologia Fakultateko irakasle ere bada, eta lupus eritematoso sistemikoa zer den azaldu du: "gaixotasun autoimmune kronikoa da, eta hainbat konbinazioren bidez antzeman daiteke azalean, artikulazioetan, odolean, giltzurrunetan eta nerbio-sisteman, bai eta beste gorputz-atal batzuetan ere. Dena den, gizonezkoetan ere ager daiteke gaitza, eta edozein adinetan, bai eta haurretan eta adinekoetan ere. Gure inguruan, lupusa duten pazienteen %90 baino gehiago bizirik egoten da lupusa hartu zutenetik 15 urte igaro eta gero; nolanahi ere, paziente horien hilkortasun-tasa gainerako pertsonena baino handiagoa da oraindik ere". 

Lupusak askotariko seinale klinikoak izan ditzake. Ohikoenak honako hauek izaten dira: azalekoak, "aurpegiko eritema izaten da tipikoa, tximeleta-hego itxurakoa; artikulazioetakoak; eta, organo bitalen barruan, giltzurrunetakoak. Askotan zaila izaten da eritasun horren diagnostikoa, eta susmo kliniko handia izatea eskatzen du; proba immunologikoak ere egin behar izaten dira, hala nola, antigorputz antinuklearrei buruzkoak, anti-DNA antigorputzen gainekoak eta beste batzuk". Halaxe adierazi du Ruiz Irastorza medikuak. 

Lupus eritematoso sistemikoa gaixotasun kronikoa da; izan ere, "tratamendu asko izan arren, ezin da sendatu". Kasu gehienetan, gaixoek, duten adina dela-eta, urte asko dituzte oraindik bizitzeko. "Egoera ohikoenetan, lupusa duten gaixoek, eritasunak aurrera egin ahala, gero eta kalte organiko handiagoa metatzen dute gorputzean; kalte hori, gainera, gaitza kontrolatzeko erabiltzen ditugun sendagaiek sortzen dute, maiz". 

Hori dela medio, adituaren hitzetan, lupusak osasun-sisteman izan dezakeen eragina "oso handia da, eta gainera, kontuan izan behar da azkenaldian merkaturatu diren sendagaietako asko garestiak direla. Horregatik, funtsezkoa da eritasunari era integral eta koordinatuan heltzea unitate espezializatuetan, eta arreta anbulatorioa bultzatzea, zerbitzua eskueran izan eta azkar erantzun ahal izateko", Osakidetza Euskal Osasun Sisteman bezala. 

Lehen eta ezinbesteko urratsa gaixotasuna eta konplikazioak goiz detektatzea da. "Hori da era bakarra tratamendu egokia emateko, eta tratamendu hori gaixotasunaren hasiera-hasieran hasita, kalte itzulezinik ager ez dadin, kasu askotan. Tratamendu onena eta eraginkortasunaren, toxikotasunaren eta ordaintzeko moduko prezioaren arteko orekari eutsiko diona aurkitzeko, bi gauza behar dira: arlo horretan esperientzia eta diziplina anitzeko ikuspegia izatea. Bestalde, lupusari aurre egitean, oinarrietako bat epe luzera konplikazio kardiobaskularren agerpena prebenitzea da".

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko