Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

Herri Urrats festaren hasiera ekitaldian parte hartu du Cristina Uriarte sailburuak

2013.eko maiatzak 12

Seaskaren lana aitortu du, eta Iparraldeko eragileekin euskararen aldeko lankidetzan jarraitzeko prest azaldu da sailburua Senperen

Iparraldeko ikastolen alde Senpereko aintziraren inguruan ospatzen den Herri Urrats festan izan dira gaur goizean Cristina Uriarte, Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura sailburua, eta Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikarako sailburuordea. Hasiera ekitaldian hitza hartu du sailburuak. Ipar Euskal Herrian euskara biziberritzeko lanean hezkuntzak eta Seaskako ikastolek duten zeregina aitortu du Cristina Uriartek. “Seaskak biziki zati garrantzitsua betetzen du ahalegin zabal horretan, eta horregatik egon gara urte luzetan eta egongo gara aurrerantzean ere, Seaskaren ondoan, bere lana ahal dugun neurrian errazteko. Gaurko jai honek paregabeko aukera eskaintzen dit, neure izenean eta Eusko Jaurlaritza osoaren izenean ere, Seaskaren lana aitortu eta goraipatzen jarraitzeko. Euskarak beti izango gaitu ondoan, hegoaldean nahiz iparraldean, huts-hutsik euskararen interesak bultzatuta, gure betebeharren eta ahalbideen neurrian”.

“Eusko Jaurlaritzak euskararekin duen konpromisoa irmoa eta sakona” dela gogorarazi du sailburuak, eta horregatik, Eusko Jaurlaritzaren jardun-eremutik kanpora ere, EAEtik kanpora, sustapen lana egin beharra dagoela azaldu du. “Euskararen lurralde guztietan eragin beharra dago euskararen sustapenean, euskara baita gu guztiok lotzen gaituen hizkuntza. Hori sinetsita, beraz, Eusko Jaurlaritzak ez du bere ahalegina Autonomia Erkidegora mugatzen”.

Ahalegin horren adibide, azaldu du, Eusko Jaurlaritza laurogeiko hamarkadatik ari dela Iparraldeko eragileen lana babesten eta diruz laguntzen. “Eta halaxe jarraitzen du gaur egun, eta halaxe jarraituko du etorkizunean ere. Konpromiso horren emaitza dira, Euskararen Erakunde Publikoarekin 2003an sinatu genuen lankidetza protokoloa eta 2007az geroztik sinatzen ari garen hitzarmenak”. Aurtengo  urteari dagokion hitzarmena apirilaren 17an sinatu zutela Baionan gogorarazi du Cristina Uriarte sailburuak, eta urtetako lankidetza horren helburua garbia dela gaineratu: “Iparraldean euskara biziberritzeko egiten den ahalegina laguntzea, gure ahalbideen barruan, eremu administratibo bakoitza erabat errespetatuz, lankidetza zintzoan. Lankidetza baita, lankidetza eraginkorra, Eusko Jaurlaritzaren bidea, hori delako biderik emankorrena”.

Euskarak Ipar Euskal Herrian bizi duen egoera kezkagarria ere izan du hizpide Uriartek, ezagutzan, erabileran eta transmisioan izan diren galerak aipatu dituenean. Baina argi izpirik ere ikusten da: “Lortu duzue gazteenen artean galerari atea ixtea, eta badirudi joera aldaketari bidea zabaltzen hasi zaiola. Hala ikusten da azken bi inkesta soziolinguistikoetan. Argi izpi hori hezkuntzari zor zaio”. Uriarte sailburuaren esanetan, lehen eta bigarren hezkuntzan ia 12.000 gazte ari dira euskarazko irakaskuntza jasotzen: erabat euskaraz 3.000 ikasle Seaskaren ikastoletan, eta 8.600 pasa partzialki, sistema publikoan edo kristau eskoletan. “Garrantzitsua da hori guztia –gehitu du- gaur egun gauza jakina baita hezkuntzan erabiltzen ez den hizkuntza heriotzara kondenaturiko hizkuntza dela”.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)