Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Jaurlaritzak Alde Biko Batzordean helegitea egin dio Euskadiko trenbideak estatuaren interes orokorreko katalogoaren barruan sartzeari

2013.eko maiatzak 12

• Eusko Jaurlaritzaren iritziz otsailaren 22ko 4/2013 Errege Lege Dekretuan finkatutako «Estatuko Interes Orokorreko Trenbide Sareko Linea eta Zatien Katalogoak» Euskadiko eskumenak urratzen ditu trenbideei dagokienez.
• Espainiako Gobernuak gaia Euskadiren eta Estatuaren arteko Alde Biko Batzordean eztabaidatzea onartuz gero, 6 hilabeteko negoziazio-epea hasiko da auzia ebazteko Konstituzio Auzitegira jo aurretik.

Konstituzioaren aurkakotasun-helegite bat jartzea aztertuko du datorren asteartean -eta bere kasuan baimenduko du- Gobernu Kontseiluak otsailaren 22ko 4/2013 Errege Lege Dekretuaren aurka; izan ere, izenak izen (ekintzaileari laguntzeko, hazkundea sustatzeko eta enplegua sortzeko neurriak), haren 38. artikuluan eta eranskinean «Estatuaren Interes Orokorreko Trenbide Sarearen Linea eta Zatien Katalogo» bat jasota dago, zeinak EAEren eskumenak (Gernikako Estatutuaren 10.32 artikuluan aurreikusiak) urratzen dituen trenbideei dagokienez.

Katalogo horren barruan Espainiako Gobernuak interes orokorrekotzat jo dituen trenbideen zerrenda bat ageri da, eta Eusko Jaurlaritzak hura egiaztatu duenean konturatu da Euskal Autonomia Erkidegoko trenbide guztiak ageri direla bertan.

Euskaditik igarotzen diren trenbide guztiak interes orokorrekotzat hartzean Estatuko Administrazio Orokorraren kudeaketa betikotzea bermatu nahi dute, horrela etorkizunean Euskadiri eskualdatu ahal izatea galarazteko.

11 linea eta zati dira, eta haietatik 6 autonomia-erkidegoko lurraldekoak dira zeharo. Hauexek dira, besteak beste: Hendaiatik Irunerako 106 linea, oraindik RENFErena den Santurtzi-Abando linea, Muskiz-Barakaldo arteko 722 linea, Ariz eta Basurto ospitale arteko 782, Lutxana-Barakaldo eta Irauregi arteko 784 linea eta abar. Eusko Jaurlaritzak hamaika aldiz eskatu du linea horiek EAEri eskualdatzeko.

KONSTITUZIO AUZITEGIAREN OHARTARAZPENA


Eusko Jaurlaritzaren ustez Espainiako Gobernuaren maniobra hori gardentasunaren eta leialtasun instituzionalaren aurkakoa da, ezkutuan egiten saiatu baitira trenbideei buruzkoa ez den errege lege-dekretu baten bitartez.


Horrela bada, Espainiako Gobernuari gogorarazten zaio Konstituzio Auzitegiak iruzurrezko praktika horretaz ohartarazi ziola 2012ko abenduaren 18ko epai batean; haren bidez azpiegitura guztiak «Estatuko Interes Orokorraren Katalogoan» betikotzeko aurreko ahalegin bat indargabetu zuen, legediak xedatzen baitu han ezin direla jaso autonomia-erkidego bateko lurralde batetik osotasunean igarotzen badira.


ALDEBIKO NEGOZIAZIOAK


Eusko Jaurlaritzak auzi hori «Estatuaren eta Euskadiren arteko Alde Biko Batzordean» ebaztea aukeratu du; hortaz, Espainiako Gobernuak hori onartuz gero, sei hilabeteko epea irekiko da eskumen-inbasioagatik gatazkan dauden puntuak negoziatzeko.


Alde biko batzorde hori, gainera, beste eskumen-gatazka bat negoziatzen ari da uneotan urtarrilaren 25eko 1/2013 Errege Lege Dekretuaren inguruan, Prepara planak iraupen luzeko langabetuentzako 400 €-ak kudeatzeari dagokionez.


Legegintzaldia hasi zenetik, Alde Biko Batzordeak 5 hitzarmen lortu ditu, Konstituzio Auzitegira jotzea saihestuta, hurrengo arau hauen manu jakin batzuei dagokienez:


1. Hezkuntzaren arloko gastu publikoa arrazionalizatzeko premiazko neurriei buruzko 14/2012 Errege Lege Dekretua.
2. Osasunari buruzko 16/2012 Errege Lege Dekretua.
3. Transexualak genero-identitateagatik ez baztertzeari eta haien eskubideak aitortzeari buruzko Euskadiko 14/2012 Legea.
4. Kiroleko dopinaren aurkako Euskadiko Legea.
5. Euskadiko Aurrezki Kutxen Legea.

KONSTITUZIO AUZITEGIAN AURKEZTUTAKO ERREKURTSOAK

Legegintzaldia hasi denetik 5 aldiz, ordea, ez da akordiorik lortu eta Konstituzio Auzitegira jo da:

1. 2012rako eta 2013rako Estatuaren Aurrekontu Orokorrei buruzko legeak.
2. Estatuaren 20/2012 Errege Lege Dekretua, uztailaren 13koa, aurrekontu-egonkortasuna bermatzeko eta lehiakortasuna sustatzeko neurriei buruzkoa (funtzionarioen eta merkataritzako gaiekin).
3. Espainiako Gobernuak Segurtasun Publikoaren Sistema Antolatzeko EAEko Legea errekurritu du.
4. Eta Borondatezko Gizarte Aurreikuspeneko Erakundeen EAEko Legea.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)