Berriak Segurtasuna
Eu

Segurtasuneko sailburuak berriro adierazi du Euskadiko 25 ertzain-etxeak irekita uzteko konpromisoa

2013.eko maiatzak 10

Estefanía Beltrán de Herediak Galdakaoko eta Basauriko bulegoak bisitatu ditu, hainbat polizia-etxetara egingo dituen bisitetako batean

Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak berriro adierazi du Euskadiko 25 ertzain-etxeak irekita uzteko konpromisoa. Ortzimuga 2016 Ertzaintzaren Plan Estrategikoa Eusko Legebiltzarrean aurkeztu zuenean ere adierazi zuen asmo hori.

Euskadiko hainbat polizia-etxe bisitatzeko planaren barruan, Segurtasuneko sailburua Galdakaoko eta Basauriko ertzain-etxeetan izan da gaur, Segurtasuneko sailburuorde Josu Zubiagarekin batera.

«Gure polizia-etxeak publikoari irekitako zerbitzu bat dira. Polizia-etxeen sareari eutsiko diogu, eta, batez ere, pertsonei hurbildu nahi dizkiegu. Gainera, eskaintzen ditugun polizia- eta laguntza-zerbitzu guztiak hobetzen saiatuko gara», esan du sailburuak. Eta jarraitu du: «azkenean, prebentzioa da segurtasun-bermerik onena».

Galdakaoko polizia-etxeko bisitaldian, sailburuak esan du polizia-etxeen sarearen rola oso garrantzitsua dela «Ertzaintzak bermatzen duen segurtasun-zerbitzuaren oinarria» delako. Horren harira, gogorarazi du laster 450 ertzain hasiko direla herritarrentzako segurtasun-lanetan; horrela, «agente gehiago egongo dira kaleetan, Ertzaintza jendearengandik hurbilago egongo da, herritarrentzako segurtasuna handituko da eta gehiago ikertuko da».

Galdakaoko eta Basauriko polizia-etxeez gain, sailburuak Biasterikoa, Bergarakoa eta Gernikakoa ere bisitatu ditu, eta datozen asteetan gehiagotan izango da.

Galdakaoko polizia-etxeak 50.000 bat laguni ematen die zerbitzua. Hiri-eremu oso jendetsuez arduratzen da, hala nola, Galdakaoz eta Arrigorriagaz, bai eta hain jendetsuak ez diren beste landa-gune batzuez ere, esaterako, Zaratamoz eta Zeberioz. Basaurikoak ere 50.000 laguni ematen die zerbitzua.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko