Berriak Osasuna
Eu

Euskeraren erabilerak aurrera egin du Osakidetzan, 1. Euskera Planaren (2005-2012) behin betiko ebaluazio-txostenak egiaztatzen duenez

2013.eko maiatzak 13
  • Aurrerapen handiena hizkuntza-eskakizunaren esparruan egin da, non bikoiztu egin baita lanpostuari dagokion eskakizuna egiaztatu duten langileen kopurua
  • Hurrengo euskalduntze-planari begira, Osakidetzan zerbitzuko eta laneko hizkuntza gisa euskararen erabilera bultzatzea da helburua

Euskararen erabilerak aurrera egin du etengabe Osakidetzan, 2008an egindako lehen ebaluaziotik gaur egun arte. Horixe da, hain zuzen, Osakidetzako 2005-2012rako euskara-plana ebaluatu duen behin betiko txostenaren ondorio nagusia. Gaur goizean eman ditu aditzera esandako txostenaren xehetasunak Jose Maria Armentia Osakidetzako Giza Baliabideen Zuzendariak, Eusko Legebiltzarreko Osasun eta Kontsumoko Batzordearen aurrean.

Txostenaren arabera -hurrengo plana egiteko oinarri gisa erabiliko dena-, aurrerapen handiena hizkuntza-eskakizunaren esparruan lortu da. Izan ere, bere garaian horixe ezarri zen-eta lehentasunezko helburu moduan, lehenengo Euskara-plana izanik, oinarrizkoa hizkuntzaren ezagutza hedatzea bai baitzen.

Aurrerapenaren froga gisa, Armentiak nabarmendu du, 2008tik hona, bikoiztu egin dela lanpostuari dagokion hizkuntza-eskakizuna egiaztatu duten enplegatuen kopurua; gaur egun, bada, Osakidetzako 4 langiletik 1ek egiaztatua du bere lanpostuari dagokion profila.

Dokumentuak adierazten du ingurune soziolinguistikoak eta hizkuntza-eskaerak eragin garrantzizkoa dutela euskararen erabileraren normalizaziarengan. Nolanahi ere, desberdintasun handiak daude, zerbitzu-antolakunde batetik bestera, Euskara-planeko helburuen betetze-mailari dagokionez; esate baterako, Planeko ataletan markatutako gutxieneko mailak gainditzen dituzten indizeak eta irizpideak aplikatu dituzten antolakundeek eta Plana eraginkortasunez ezartzeko beharrezkoak ziren egiturak eta baliabideak ipini dituztenek garapen-maila handiagoa erdietsi dute.

Txostenak azpimarratu ditu 2008ko ebaluazio partzialetik hona aurrerapen handirik izan ez duten alderdiak ere: hizkuntza-irizpide eta jarduera-pauta guztiak erakundeko zerbitzu eta maila guztietara hedatzerakoan Zuzendaritza batzuen eta besteen artean erantzukizun partekaturik ez egotea; Planak lidergo argirik ez izatea; edo aurrerapenik ez izatea paziente eta erabiltzaileek lehenesten duten hizkuntza erregistratzerakoan.

Datuak zerbitzu-antolakundeen tipologiaren arabera aztertzen badira, ikusten da Zerbitzu Erakunde Integratuek (ZEI) lortu dutela garapen handiena. Hain zuzen ere, eredu hori Euskadiko osasun-sare guztira zabaltzea da Jon Darpon Osasun sailburuak legegintzaldi honetarako ezarri duen helburu estrategikoetako bat. Era berean, artatze-zerbitzu espezializatuko erakundeetan -ospitaletan, batez ere- egin da aurrerapen txikiena.

OSASUN SAILAREN HURRENGO URRATSAK ETA HELBURUAK

Ebaluazioko azken txosten hau gaur aurkeztu ondoren, eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren balorazioa behin eskuratu ostean, datorren ekainean ekingo zaio Osakidetzako 2. Euskara-plana idazteari. Hala, udazken honetan izan lezake eskuetan plan berria Osakidetzako Administrazio Kontseiluak, beronek onar dezan.

Osakidetzako Giza Baliabideetako Zuzendariak Legebiltzarreko gaurko agerraldian aurreratu duenez, bigarren Plan honek, Jon Darponen Sailak bultzatu eta Eusko Legebiltzarrak berak sostengatu dituen gida-lerroei jarraiki, pazienteen eta langileen hizkuntza-eskubideak babestea eta, Osakidetzako zerbitzuko eta laneko hizkuntza gisa, euskararen erabilera bultzatzea bilatuko du, bide batez, zerbitzuaren kalitatea hobetzen dela.

Azkenik, euskararen normalizazioan eta sustapenean izango duten garrantzia dela eta, une honetan Osakidetzaren esparruan garatzen ari diren bi ekintza aipatu ditu: batetik, Informazio Sistemak euskarara egokitzea (OsabideGlobal eta OsaNaia); eta, bestetik, euskara erabiltzeko sustapen-kanpaina: «Euskaraz bai sano!»

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @PatxiSaez
    2013.eko maiatzak 14

    Comentario de Twitter:
    Osakidetzaren 1. Euskara Planaren (2005-2012) ebaluazio-txostena aztergai Eusko Legebiltzarreko Osasun Batzordean.
    1)http://t.co/WqIG4p0zFA

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • José María Armentia