Gaur gauzatuko da Gipuzkoan itzalaldi analogikoa
Gaur behin betiko itzaliko da Donostiari eta bere metropoli-areari zerbitzua ematen dion Jaizkibelgo errepikagailua. Horrela, Gipuzkoako itzalaldi analogikoa gauzatuko da (orain arte seinale analogikoa eta digitala, biak hartzen ziren). Egunean zehar, Jaizkibelgo dorreak seinale analogikoa igortzeari utziko dio eta bere eragin-esparruan behin betiko desagertuko da "ohiko" telebista ikusteko aukera.
Jaizkibelgoa da Gipuzkoako errepikagailu nagusia; 200.000tik gora pertsonari ematen dio estaldura eta, itzaltzen denean, LTDrako (Lurreko Telebista Digitalerako) trantsizioa bukatutzat emango da. Lurralde historiko horretan trantsizioa joan den urtarrilean hasi zen Debagoiena, Debabarrena eta Urola Kosta eskualdeetako hainbat udalerriren deskonexioarekin.
Martxoaren 10ean hasi zen behin betiko itzalaldiaren hirugarren fasea, hain zuzen ere Jaizkibelgo Proiektu Teknikoan sartuta dauden zentroei eragiten diena. Emanaldiak pixkanaka eten dira. Aurrena, biztanle gutxien hartzen dituzten igorpen-zentroek eta seinaleak hierarkikoki garrantzitsuagoak diren zentroetatik igortzen dituzten zentroek eten dute seinalea. Eta, fase honi bukaera emateko, Usurbe, Oiaun, Igeldo eta Jaizkibelgo zentroek etengo dituzte emisioak.
Horrela, gaur digitalizatuta geratuko da Gipuzkoako lurralde osoa. LTDaren seinalea jasotzeko, komunitateko antenak egokitu behar dira eta seinale digitala deskodetzeko aparailua jarrita daukan telebista eduki behar da.
Estatu-mailako telebista-kateen eskaintza Euskadiko biztanle guztiei iritsiko zaiela bermatzeko, Eusko Jaurlaritzak hitzarmenak sinatu ditu hiru foru-aldundiekin eta Eudelekin. Gipuzkoaren kasuan, 80tik gora zentro berrigorletara hedatu behar izan da kate horien estaldura, eta Itelazpi Telekomunikazioaren Zerbitzu Publikoa arduratu da lan horretaz; jartzeko zeuden azken berrigorleak zerbitzu horrek jarri ditu.