Berriak Segurtasuna
Eu

Ertzaintzako espezialistek parte hartu duten ikerketa bat, 'Forensic Science International' nazioarteko aldizkari zientifikoan

2013.eko maiatzak 10

Spray-margoen laginetatik abiatuta krimen-ebidentziak lortzea du xede

Forensic Science International aldizkari zientifikoak kriminalistikan adituak diren Ertzaintzako teknikariek parte hartu duten ikerketa bat argitaratu du. Ertzaintzarekin batera Europako auzitegi-laborategietako espezialistek jardun dute lan horretan, eta helburua margoen laginen azterketatik abiatuta krimen-ebidentziak lortzea da. Ikerketa Auzitegiko Zientzietako Institutuen Europako Sare ENFSIko margoei buruzko taldearen arteko lankidetza-proiektu bat da, eta hamaika laborategiri esker eraman da aurrera, horien artean Ertzaintzako Polizia Zientifikoaren Unitatea.

Gertaera benetan garrantzitsua da artikuluaren argitalpena. Izan ere, Forensic Science International aldizkaria Europa mailako erreferente nagusia da auzitegiko zientziei dagokienez, besteak beste, patologia eta histokimika, kimika, biokimika eta toxikologia, biologia, serologia, odontologia, psikiatria, antropologia, zientzia fisikoak, suzko armak eta dokumentazio-analisia. Zehazki, zientziak, medikuntzak eta legeek elkarri eragiten dieten alor guztiak barne hartzen ditu.

Bi ertzainek -emakumeak biak- parte hartu dute ikerketan. Kimikan lizentziatuak dira eta alor horretako talde espezializatuan lan egiten dute, Ertzaintzako Krimen Gaietarako Poliziaren Alorrari atxikitako Polizia Zientifikoaren Unitatearen barruan. Lana ENFSIko kide diren nazioarteko auzitegi eta poliziako laborategi batzuk aurrera eramaten ari diren proiektuari dagokio.

Ikerketaren arabera, bai spray margoen laginen gainean egiten den lana bai hainbat teknika erabilita laginok loteka bereiztekoa modu praktikoan aplikatu daitezke horietan oinarrituta ebidentzia kriminologikoak lortzeko. Horri esker, margoen aztarnak dauden delituzko egitateak argitzeko oinarrizkoak diren alderdiak zehaztu ahal izango dira. Era berean, teknika eta metodologia egokiak erabilita, margo-loteak sailkatu eta euren jatorria zehaztu ahal izango da, bai eta ikertutako ebidentzietan bat datozen alderdiak ezarri ere, alderaketa bat eginez. Aplikazio berriaren bidez, biktima edo susmopekoengan pinturen lagina aurkitzen bada, delituzko egitateak argitu ahalko dira; adibidez, harrapatzeetan parte hartu eta ihes egin duten ibilgailuak eta saltokietan lapurtzeko erabili diren ibilgailuak (establezimenduaren aurka jo dutenak) identifikatzeko aukera egongo da.

Abangoardiako erakundea

2006ko abendutik, ENFSIko eskubide osoko kide da Ertzaintza. Erakundea 1995eko urriaren 20an sortu zen ofizialki, eta bere helburua Europako auzitegiko zientzia eta bere garapenaren kalitatea mundu mailan abangoardian egotea bermatzea da. Era horretan, polizia-espezialistek aurrerapenen eta ikerketa-teknika berrien inguruko lehen eskuko informazioa lortuko dute. Hasieran hamaika kide besterik ez bazituen ere, azkar baino azkarrago hazi da. Hala, berrogeita hamar kide ditu egun, Europako laborategi ezberdinetan banatuta.

Sailburuaren zorion-hitzak

Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak zorionak eman dizkie ertzainei egindako lanarengatik: «Ertzaintzak krimenen alorrean duen ikerketa-ahalmenaren erakusgarri da, eta hala, Europako onenetarikoen artean dago gure erakundea. Horrek zuzeneko eragina du poliziak herritarrei ematen dien zerbitzuaren kalitatean».






Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko