Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Eusko Jaurlaritzak espero du, 'Bioman 2013' kanpainari esker, arrantzaleen kudeaketa arduratsuarekin lortutako antxoa-biomasaren berreskurapena sendotuko dela

2013.eko maiatzak 09

Eusko Jaurlaritzak Azti-Tecnalia etxeari eskatu dio Bizkaiko Golkoko antxoa-populazioa ebalua dezala, gaurtik hasita hurrengo 20 egunetan

Teknikariek aztertuko dute antxoa-biomasak egunero zenbat arrautza ekoizten dituen, bai eta haien ugalkortasuna ere; hala, udaberri amaieran zenbat antxoa dagoen zehaztuko dute

Kanpaina hau 1987tik egiten da urtero, antxoa berez ugaritasun gorabeheratsuko espeziea dela ikusirik

(Pasaia, 2013ko maiatzak 9) Eusko Jaurlaritzak ‘Bioman 2013' kanpainaren ardura AZTI-Tecnalia etxeari eman dio. Kanpaina horren helburua Bizkaiko Golkoan udaberri amaieran zer antxoa-populazio dagoen zehaztea da. Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun Sailak nabarmendu du azterlan honetako datuak garrantzitsuak direla, eta adierazi dute arrantzaren egoera ona berretsiko dutela, egindako kudeaketa arduratsua dela-eta. Ikerketak zehaztuko du antxoa zer eremutan ugaltzen den, zer arrautza-ekoizpen duten, baita zer ugalkortasun daukaten ere. Teknologia Zentroko zientzialariak Ramón Margalef eta Emma Bardan ontzi ozeanografikoetan itsasoratu dira gaur lanerako. Hilabetez jasotzen dituzten datuek, txosten teknikoekin batera, udaberri amaieran espezieak zer biomasa duen zehazteko balioko dute.

Pasaiako portuan itsasoratu dira espezialistak, eta ikerketa-eremuko gune ugaritan jasoko dituzte antxoa-arrautzak, espezie horren arrautza-ekoizpena zenbatekoa den jakiteko, hain zuzen ere. Horrez gain, antxoa helduak ere arrantzatuko dituzte, haien ugalkortasun-tasa zehazteko. Datu horiez baliatuta kalkulatuko dute Bizkaiko Golkoko antxoaren biomasa, Arrautza Ekoizpenaren Metodoaren bitartez.

Ikuspegi hidrografikotik eta biologikotik ere aztertuko du antxoaren habitata zientzialari-taldeak. Izan ere, geroz eta garrantzitsuagoak dira bi alderdi horiek arrantzaren ikerketa zientifikoan. Zenbait datu hidrografiko ere (tenperatura, gazitasuna eta klorofila-maila) ere jasoko dituzte.

Aurreko kanpainetako datu-sail historikoko informazioarekin alderatuko dira Bioman 2013-ren emaitzak, baita Itsasoa Ustiatzeko Frantziako Institutuko (IFREMER) datuekin ere. Frantziar teknikariak orain ari dira egiten antxoaren biomasa kalkulatzeko kanpaina, teknika akustikoetan oinarriturik. Metodo horrekin, ultrasoinuak igortzen dira itsasora, eta haien oihartzunak aztertzen dira, azterketa-eremuaren biomasa kalkulatzeko.

Kanpainaren amaieran (ekainean), datuak aztertu eta Bizkaiko Golkoko antxoaren biomasari buruzko txosten bat egingo da. Itsasoa Esploratzeko Nazioarteko Kontseiluari (ICES/CIEM) aurkeztuko dizkiote datuak. Emaitza horiek eta Frantziako institutuarenak kontuan harturik, ICES/CIEMek aholku zientifikoa bidaliko die Europar Batasuneko arrantza-kudeatzaileei, eta horiek ezarriko dituzte antxoa arrantzatzeko kudeaketa-neurriak.

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasuneko Sailaren eta Europar Batasunaren diru-laguntza du Bioman 2013 kanpainak, arrantza-lekuetako datu-bilketarako Europako esparruan betiere. Nekazaritza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak ere laguntzen dio ikerketa-proiektu honi: Emma Bardán ontzi ozeanografikoa utzi du kanpainarako. Beste ontzia -Ramón Margalef ontzi ozeanografikoa-, berriz, Espainiako Ozeanografia Institutuarena da, eta AZTI-Tecnaliak erabili ohi du, bi erakundeek elkarrekin sinatutako ontzi ozeanografikoen erabilera-kontratu bat dela medio.

Bi kanpaina urtean

Urtean bi kanpaina egiten ditu AZTI-Tecnaliak Bizkaiko Golkoko antxoa aztertzeko, eta horietako bat da Bioman. Maiatzean egin ohi du, antxoa-kopurua zehazteko asmoz. Beste kanpaina (Juvena izenekoa), berriz, irailean egiten da, eta dagokion urteko udaberrian jaiotako antxoa gazteen populazioa zehaztea du xede. Datu horien arabera kalkulatzen da zenbatekoa izango den hurrengo urteko antxoa helduaren erreklutamendua.

AZTI-Tecnalia, erreferentzia itsas eta elikagaien ikerkuntzan

Hogeita hamar urtetik gora daramatza AZTI-Tecnaliak (erreferentziazko zentro teknologikoa itsas eta elikagaien ikerketan) itsas ingurunea eta arrantza-flotarako interesgarri diren arrantza-lekuak aztertzen. Antxoaren populazioaren egoerari eta populazioaren bilakaerari egin zaien segimenduari esker, AZTI-Tecnaliak aholku zientifikoak ematen ditu espezie garrantzitsu horren berreskuratzeari eta iraunkortasunari buruz. Horrek, jakina, onura dakarkie ekonomiari eta gizarteari. Urte hauetan guztietan zientzialarien, arrantzaleen eta administrazioen artean izan den lankidetzari esker, kudeaketa globaleko estrategia sendo bat sortu da; hala, arrantza arduratsu eta jasangarria bermatzen da Bizkaiko Golkoko uretan, eta etorkizuneko belaunaldientzat itsas baliabideak zaindu egiten dira.

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau