Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak

Eusko jaurlaritzak hezkuntza publikoaren grebarako gutxieneko zerbitzuak ezarri ditu

2013.eko maiatzak 08

Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak Agindua eman du gaur, zeinaren bitartez bermatzen den Euskal Autonomia Erkidegoko hezkuntza-sektore publikoan 2013ko maiatzaren 9rako deitutako grebak dirauen bitartean erkidegoari eskaini behar zaizkion funtsezko zerbitzuak beteko direla.

FE.CCOO, STES, CGT eta FETE-UGT sindikatu-erakundeek 24 orduko grebarako deia egin dute 2013ko maiatzaren 9rako. Deialdi horrek eragingo du Estatuko hezkuntza-administrazioen irakaskuntzako funtzionario publikoek egiten dituzten jarduera guztietan. Orobat eragiten die guztiz edo partez funts publikoekin mantentzen diren irakaskuntzako langile eta irakaskuntzaz kanpoko langileei, ikastetxe publikoetako eta itunpeko ikastetxe pribatuetako jantokiko eta beste jarduera batzuetako begiraleei, hezkuntza-arretako edo laguntzako langile azpikontratatuei, eta toki-administrazioaren mendeko eskoletako langileei.

Lanuztea bihar izango da, 00:00etan hasi eta 24:00ak arte.

Horregatik guztiagatik, grebak dirauen bitartean funtsezko zerbitzuak beteko direla bermatzeko, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak honako hau ebatzi du:

“Lehenengoa.- Euskal Autonomia Erkidegoan sektore publikoaren hezkuntza-eremuko langile guztiek, funtzionarioek nahiz lan-kontratuko langileek 2013ko maiatzaren 9rako deialdia egin zaien grebarako eskubidea balia dezakete, betiere ondoren adierazten diren funtsezko prestazioak eta haien ondoriozko gutxieneko zerbitzuak atxikita erkidego horren eremuan:

Ikastetxe publikoetan, unibertsitate-zentroetan, unibertsitatez kanpokoetan eta haurreskoletan, ondoren adieraziko diren zerbitzuak mantenduko dira, honako langile hauekin:

a) Unibertsitatez kanpoko hezkuntza: Zentroetarako sarrera-kontrola bermatzeko, zentro publiko bakoitzeko: zuzendaritza-taldeko pertsona 1 eta mendekoen plantillako pertsona 1 goizeko txandarako eta beste bat arratsalderako.

b) Haurreskolak Partzuergoa eta udal titulartasuneko haurtzaindegiak: Zentroetarako sarrera-kontrola bermatzeko, zentro bakoitzeko koordinatzaile 1, edo ordezkatuko duen pertsona 1

c) Euskal Herriko Unibertsitatea: Zentroetarako eta haiei lotutako eraikinetarako sarrera-kontrola bermatzeko: zentro bakoitzeko eta/edo lotutako eraikin bakoitzeko atezainen plantillako pertsona 1 goizeko txandarako eta beste bat arratsaldekorako.

d) Goi Mailako Musika Ikastegia, MUSIKENE: zentroetarako sarrera-kontrola bermatzeko, atezainen plantillako pertsona 1 lotutako lau eraikinetako bakoitzarentzat eta goizeko eta arratsaldeko txanda bakoitzerako.

Bigarrena.- Ahal dela, arestian aipatutako zerbitzu horiek greba egin behar ez duten langileek emango dituzte, ezarritako gutxieneko zerbitzuak langile haiekin bete ezin direnean izan ezik.

Hirugarrena.- Agindu honen aurreko idatz-zatietan bildutako gutxieneko zerbitzuak ezin dira aldatu haiek egiteko izendatuta dauden langileen aldaketa edo geldialdien ondorioz. Halakorik gertatuz gero, legez kanpokotzat joko dira eta haiek egiten dituztenak erantzule izango dira, eta erantzukizuna eskatuko zaie indarrean dagoen ordenamendu juridikoaren arabera.

Laugarrena.- Aurreko artikuluetan xedatutakoa gorabehera, greba egiten duten langileen eskubideak ez dira inolaz ere murriztuko, ezta grebarako deia egin dutenen eskakizunen izapidetzea eta ondorioak mugatuko ere.”

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak