Berriak Ekonomiaren Garapena eta Lehiakortasuna
Eu

Tapiak argi adierazi die klusterrei ekonomiaren suspertzea manufaktura industriaren eskutik iritsiko dela eta espezializazio adimendunak lehiakortasuna sendotuko duela

2013.eko maiatzak 06

Industria Abagunearen Behatokiak iragarri du 2013an euroguneko BPGaren hazkunde-joera ez dela aldatuko iazkoarekin alderatuta (-%0,5) eta 2014an balio positiboak lortuko dituela (%0,9).

Esportazioak eta zenbait sektore, hala nola biozientziak, aeronautika eta itsas industria, dira ekonomiaren alderdi positiboak

Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburu Arantza Tapiak gaur esan du ekonomiaren suspertzea manufaktura industriaren eskutik iritsiko dela eta espezializazio adimendunak Euskadiren lehiakortasuna hobetuko duela. Baita ere adierazi du Jaurlaritzak arlo publikoaren eta pribatuaren arteko sinbiosia bultzatzen jarraituko duela, egoera ekonomiko zail honi aurre egiteko. Aipatu du klusterrek eta sektore elkarteek ahalegin handia egin dutela krisiak enpresa-sarean izan dituen efektuak gainditzeko.

Gogoeta horiek denak Bilbon egin ditu Tapiak, gaur arratsaldean ospatu den Industria Abagunearen Behatokian (IAB), non Euskadiko hainbat klusterrek euskal industriaren diagnostikoa egin baitute. Administrazioa eta enpresariak bat etorri dira esatean egoera larria bizi dugula. Gainera, agerian geratu da Euskadi herrialde esportatzailea dela, nahiz eta esportazioak murriztu egin diren, eta zenbait sektorek (besteak beste, biozientziak, aeronautika eta itsas industria) aurreikuspen positiboak dituztela.

Ekonomiaren Garapen sailburuak Eusko Jaurlaritzaren politika ekonomikoa azaldu die hainbat sektore industrialetako ordezkariei. Tapiak esan duenez, "lehenbailehen konpondu nahi ditugu krisiak euskal enpresen gainean izan dituen efektuak eta horretarako apustu sendoa egin dugu produkzio industriaren alde". "Hasieratik-bertatik azkar jokatu dugu, krisiari industriaren eta enpleguaren bidez erantzuteko". Zentzu horretan, gogora ekarri du martxan jarri dutela Funts zirkulatzailea, Enplegu Plana onartu dutela eta etengabe ematen dituztela enpresa proiektuak finantzatzeko abalak.

"Ziurrenik hori guztia ez da nahikoa izango - erantsi du Tapiak - eta horregatik, etorkizuneko proiektu industrialen oinarri izango diren neurriak artikulatzen ari gara. Sinetsirik gaude industria aurreratu eta espezializatuak trakzio indarra egingo duela gainerako sektore ekonomikoetan ".

Sailburuak adierazi du Eusko Jaurlaritzak fabrikazio aurreratu, eraginkor eta iraunkorragorantz eraman nahi duela industria, teknologia eta material berriak sartuz eta berrikuntza integratuz produktuen diseinu nahiz merkaturatzean, zerbitzu eta konponbideetan, negozio ereduetan eta kudeaketa sistemetan. Horrez gain, berrikuntza eta teknologia transferitzeko prozesuak hobetu behar dira eta horren emaitzak industria guztietan aplikatu.

Bestalde, SPRIko (Enpresa Garapenerako Euskal Agentzia) zuzendari nagusi Alexander Arriolak argi esan du enpresen tamaina arazoak gainditu behar direla eta balioa eman behar zaiela bakoitzaren gaitasun eta indar-guneei, garapen maila berreskuratzeko enpresariekin, klusterrekin eta enpresa sektoreekin batera lan eginda.

Industria Abagunearen Behatokiaren ondorioak

Klusterrek gaur eginiko IABren batzarrean aztertu eta azaldu dutenari dagokionez, aipatzekoa da 2013an euroguneko BPGaren hazkunde-joera ez dela aldatuko iazkoarekin alderatuta (-%0,5) eta 2014an balore positiboak lortuko dituela (%0,9). Beste behin ere esportazioak dira sektore ia guztietako datu itxaropentsuenak. 2011n 20.000 milioi euro lortu ziren esportazioetan eta 2012an mantendu egin zen kopuru hori. 20.000 milioi horiek BPGaren gaineko %30,7 dira, hots, Italian baino bost puntu gehiago, Alemanian eta Frantzian baino %9 gutxiago, baina Espainian baino %10 gehiago. Datu horri eta inportazioen jaitsierari (%-9,4) esker, 4.749 milioi euroko merkataritza saldo errekorra lortu da 2012an. 2013ko lehen bi hilabeteetako euskal esportazio eta inportazioen datu konbinatuek 396 milioi euroko emaitza positiboa adierazten dute.

Enpresa elkarteek beste datu garrantzitsu bat eman dute joera esportatzaileari eta biztanleko esportazioen balioari buruz, eta datu hori Estatuko gainerako autonomia erkidegoekin alderatuta, ikusten da Euskadi bigarren tokian kokatu dela Nafarroaren atzetik, ondoren datoztelarik Katalunia, Galizia eta Madril.

2013ko lehen hilabeteetako BPGaren %1,7ko atzeraldiak eta enpleguaren %3ko gainbeherak eragina izan dute Euskadin ere, baina zenbait sektorek aurreikuspen positiboak dituzte datozen hilabeteetarako: biozientziak, aeronautika eta itsas industria. Nekazaritza eta elikaduraren sektoreak, aldiz, gorabehera gutxi izan ditu, pisu ekonomiko handia duelako eta eragin handia duelako tokiko enpleguan.

Datuak sektoreka:

Sektore aeronautikoa eta espaziala: Hegan elkartean 4.036 lagun enplegatzen dituzten 38 konpainia biltzen dira eta 2012an 767 milioi euro fakturatu zituzten (+%30). 2013ari begira iazko antzeko hazkundea espero dute eta, gainera, uste dute aeronautikako nahiz makina-erremintako tokiko enpresen kontratuak ugaritu egingo direla. Era berean, 2012ko joerari jarraiki, ETEetako esportazio zifra pixkanaka hobetzen doala nabaritu da. Enpleguaren joerak ere 2012koaren antzeko goranzko bilakaera izan du.

Ikus-entzunezkoen sektorea: Eiken klusterrean 1.354 lagun enplegatzen dituzten 32 enpresa biltzen dira eta 2012an 63,54 milioi euroko fakturazioa izan dute. Argi ikusten da sektore hau makaldurik dagoela, ikus-entzunezkoen sektore publikoak (telebista publikoak) ez duelako apenas trakzio gaitasunik.

Automobilgintzaren sektorea: 292 enpresa biltzen ditu eta 2011n 10.000tik gora milioi euro fakturatu zituen. 2012a ondo hasi zuen, baina urtearen bigarren erdian salmentak jaitsi egin ziren. Hala ere, Europar Batasunetik kanpo egindako esportazioak biziki hazi dira, barne merkatua atzerantz doan arren. Euskadiko zuzeneko enplegua murriztu egin da. Euskal enpresek fabrika berriak ireki dituzte atzerrian eta epe ertainera hazkundea izatea espero dute.

Ekipo ondasunak eta energia: 12.649 lagun enplegatzen dituzten 80 enpresa biltzen ditu eta 45.531 milioi euroko fakturazioa izan dute. EAEko elektrizitate eskaera %7 murriztu zen. Gas naturalaren kontsumoa, berriz, %6,2 hazi zen. Aurreikuspenen arabera, petrolioaren eskaera eta kontsumotik eratorritako diru-sarrerak suspertu egingo dira 2014rako. Ingeniaritza enpresek beren fakturazio mailak mantendu dituzte maila teknologiko handia dutelako eta oso espezializatuta daudelako. Ingeniaritza, instalakuntza eta muntaia sektoreari dagokionez, 2013an aurreikuspen hobeak dituzte nazioarteko kontratuen lizitazioetan parte hartzen duten enpresek, nahiz eta lan-esku asko behar izateak zailtasun handiak ekarriko dizkien.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)