Berriak
Eu

Erkoreka: «Erakundeek esku hartzen badute, eragina askoz ere handiagoa izango da»

2013.eko maiatzak 07

Iñigo Urkullu lehendakaria hiru foru-aldundietako ahaldun nagusiekin eta Eudeleko presidentearekin bilduko da bihar 16:00etan.  Gobernuko bozeramile Josu Erkorekak erakundeei esku hartzeko eskatu die, egoera ekonomikoari buruzko diagnostiko bat egiteko eta, hori oinarri hartuta, ekonomia berpizteko eta enplegua sortzeko «proiektu-multzo» bat «diseinatzeko, osatzeko eta gauzatzeko». Erkorekak ziurtatu duenez, «elkarrekin heltzen badiegu helburuei, amaierako eragina askoz ere eraginkorragoa izan daiteke, bakoitzak bere aldetik helduta baino».

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Josu Erkoreka komunikabideen aurrean azaldu da, ohiko Gobernu Kontseiluaren ostean.

Goizeko bileraren ostean, lehendakaria Legebiltzarrean ordezkaritza duten alderdi politikoekin bilduko da. Erkorekak azaldu duenez, Gobernuak Legebiltzarreko taldeak «leialak, zuzenak, zintzoak eta koherenteak» izatea nahi du, bai eta horiekin «oinarrizko» akordioak egin ere.   Bozeramaileak azaldu du Iñigo Urkulluk hainbat neurri azalduko dizkiela erakundeei eta eragile politikoei: ekonomia berpizteko funtsa, enpleguaren aldeko funts berezia, ekintzaileak laguntzeko plana, erreforma fiskala eta iruzurraren kontra borrokatzeko eta sektore publikoa erreformatzeko plan integrala.

ETAren kontrako polizia-eragiketa
ETAren aurkako polizia-eragiketa egin dute Frantzian eta, ondorioz, sei pertsona atxilotu dituzte. Horren harira, bada, zera esan du bozeramaileak: «ETA bizirik dago eta armatuta dago; ez da desegin eta ez ditu armak entregatu». Gainera, esan du egoerak horrela jarraituz gero poliziak bere erantzukizuna bete behar duela. Josu Erkorekak nabarmendu du ETA «berehala» desegin behar dela; izan ere, «ez dauka zentzurik funtzionatzen jarraitzeak».

Enplegurako, gizarte-politiketarako eta hezkuntzako itunerako laguntzak
Gobernuak 30 milioi euro bideratuko ditu 2013an ezgaitasunen bat duten pertsonak laneratzeko Lanbidek kudeatzen dituen enplegu-zentro bereziak finantzatzeko. Gainera, 8 milioi euro bideratuko ditu laneratzearen arloan diharduten enpresak eta kooperatibak sortzeko edo mantentzeko. Ildo beretik, Eusko Jaurlaritzak 4 milioi euro jarriko ditu udalen, mankomunitateen eta koadrilen esku integrazio komunitarioko politikak gartzeko profesionalak kontratatu ahal izan ditzaten.  Eta, azkenik, milioi erdi euro bideratuko ditu ekintzaileak laguntzeko.

Bestalde, Gobernu Kontseiluak 182,6 milioi euroko «lehen gastu» bat onartu du irakaskuntza-zentro pribatuetako –haur hezkuntzakoetatik batxilergokoetara– hezkuntza-itunak finantzatzeko, 2013ko irailetik abendura doan tarterako.

Bakearen Aldeko Koordinakundea eta Xabier Landaburu
Goizeko gobernu Kontseiluan, gobernuak Bakearen Aldeko Koordinakundea «errekonozitu eta eskertu» du, «28 urtean euskal gizarteari egindako ekarpenagatik». Gobernuak «adierazpen bakezale» hori posible egin duten pertsona guztiak errekonozitu nahi ditu.

Era berean, Xabier Landaburu gogoratu du, erbestean hil zela 50 urte bete baitira aste honetan.


Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako erabakiak (2013.05.07)

 

 

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)