Berriak Segurtasuna
Eu

Genero nahiz etxeko indarkeriaren 5.000 biktima inguruk jasotzen dute Ertzaintzaren aldetik informazioa, arreta edo babesa

2013.eko maiatzak 06

25 komisarietan dauden genero eta/edo etxeko indarkeriaz arduratzeko taldeen zeregina espedienteak kudeatu eta erreferentziazko ertzain bat esleitzea da

Ertzaintzak genero nahiz etxeko indarkeriaren 5.000 biktima ingururi -horietatik 4.658 emakume- ematen die informazioa edo arreta, bai eta, beharrezkoa bada, babes tekniko edo pertsonalerako neurriak hartu ere, kasu bakoitzaren arrisku mailaren arabera.

Halaxe adierazi du Segurtasuneko sailburu Estefanía Beltrán de Herediak Eusko Legebiltzarrean. Bertan tratu txarrak jasotzen dituzten emakumeei ematen zaien babesaren inguruko azalpena eman du. Horrekin lotuta, 25 Ertzaintza-komisarietan genero eta/edo etxeko indarkeriaz (GI/EI) arduratzen diren taldeak daudela adierazi du. Beren lana espedienteak ireki eta kudeatzea (espediente bat arreta eta tratamendu globala jasoko duen familia-unitate bakoitzeko) eta erreferentziazko ertzain bat esleitzea da, biktimen harremanetarako pertsona izango dena.  

GI/EI kasuak artatzeko unitateetan 74 profesional aritzen dira guztira, komisaria ezberdinetan banatuta. Indarkeria horien biktimak artatzea dute helburu, eta kontzientziazio-, informazio- eta babes-zerbitzua eskaintzen diete.

Ertzaintzak kasuaren berri izan ostean, hurrengo pausoa biktima bakoitzari beharrezko babes-neurriak ematea da. Hala, ertzainek biktimaren arrisku-egoera baloratzen dute eraso berriak prebenitzeko eta dagozkion babes-neurri polizialekin biktima behar bezala babesteko.

Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburuak mintzaldian esandakoaren arabera, lan horretan oso garrantzitsua da arriskua prebenitzeko tresna, Euskal Herriko Unibertsitateko Psikologia Klinikoko Sailarekin egindako lankidetzari esker garatu dena. Eusko Jaurlaritzako Segurtasuneko arduradunak hauxe adierazi du: «arrisku maila baloratzeko eta zehazteko orduan, besteak beste, biktimak eta erasotzaileak, tartean diren polizia-baliabideek eta lekukoek ematen duten informazioa kontuan hartu behar dugu, bai eta gertakarien tokia eta eskuragarri dauden datuak ere».

Arrisku mailak eta babes-neurriak

Era berean, egun hiru arrisku maila daudela azaldu du sailburuak: oinarrizkoa, altua eta berezia. Babes-neurri polizialak horien arabera zehazten dira. GI/EIren biktimak diren emakumeen 4.658 espedienteen artean, % 63k oinarrizko arrisku maila dute, % 35ek, altua eta % 2k ia-ia, berezia.

Hauek dira oinarrizko arrisku maila duten biktimen gutxieneko zerbitzuak:

  • Babes-neurrien inguruko prestakuntza.
  • Telefono bidezko ausazko egiaztapenak.
  • Bortxa telefonoaren eskaintza (886).

Horiez gain, arrisku maila altua duten biktimek honako zerbitzu hau ere dute:

  • Lehenego agerraldia egin behar duenean, biktima epaitegiraino laguntzea.

Azkenik, arrisku maila berezia duten biktimek honako zerbitzu hauek jasotzen dituzte aipatutakoez gainera:

  • Etengabeko zaintza. Bizkarzaina izatea eguneko 24 orduetan. Segurtasun Saila arduratzen da kontratatzeaz, eta Ertzaintzak ikuskatzen du. (Apirilaren 29an, 53 emakume).
  • ­Ohikeria (692) eta eremu ezberdinen (1.729) inguruko prebentzio-jarduerak. Uniformea jantzitako ertzainek egiten dituzte patruila-autoetan, eta helburu bikoitza dute: biktima babestea eta erasotzaileari asmoa kentzea.
  • ­Segimendua egitea baliabide telematikoak erabilita. Etengabeko zaintza nahi ez duten eta aldetze-agindua duten biktimeen kasuetan, eskumuturreko elektronikoak instalatzeko eskaera epaitegian izapidetzea eskaintzen die Ertzaintzak. Helburua neurri hura betetzen dela kontrolatzea da. Erabaki hori, alabaina, ez da poliziala, baizik eta judiziala. (Apirilaren 29an, 28 emakume).
  • Arrisku maila berezia duten biktimen kasuan, kontrazaintza bidez babestuak izango dira, etengabeko zaintza eta eskumuturreko elektronikoa onartu ez badituzte. Kontrazaintza horiek ez dira modu iraunkorrean egiten, une zehatzetan baino ez. Uniformerik gabeko ertzaintzek gauzatzen dituzte, polizia-bereizgarririk gabeko kotxeetan. (Apirilaren 29an, 32 emakume).

Zerbitzua hobetzea

Azkenik, Segurtasuneko sailburuak Laguntza Unitatea ezabatzearen inguruan hitz egin du. Egun, kontrazaintzak egiteko baino ez da erabiltzen, eta barneko neurri horren bidez, zerbitzuaren eraginkortasuna eta efizientzia hobetzen dira. «Biktimen espedienteak kudeatzen dituzten komisarietako langileek jarraituko dute kontrazaintzak egiten. Horretaz aparte, neurriak bigarren mailako biktimizazioa murriztea bilatzen du, pertsona gutxiagok izango baitute biktimaren esperientzia eta eguneroko ekintzen berri». Amaitzeko, Estefanía Beltrán de Herediak azpimarratu du «babesa behar duten emakume guztiek jasoko dutela babesa».

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)