Berriak Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura
Eu

41 milioi euro baino gehiago erabiliko ditu Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak 2013ko diru-laguntzen deialdietarako

2013.eko maiatzak 06

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak euskara sustatzeko 2013ko diru-laguntzen deialdiak aurkeztu ditu gaur Donostian. Guztira, 41.264.000 euro emango dira sei arlotan banatuta: helduen euskalduntzea, euskalgintza, euskarazko hedabideak, IKT, EBPN-ESEP eta LanHitz. Hizkuntza Politikarako sailburuorde Patxi Baztarrikak aurkezpenean adierazi duenez, “gure konpromisoa da urte bakoitzeko diru-laguntzen deialdiak (HABErenak —bestela behar dutelako— izan ezik) urte hasieraren bueltan kaleratzea. Konpromiso hori hartzen dugu”. Sailburuordeak aitortu duenez, gainera, “nahiz eta aurrekontu luzatua izan, nahiz eta iaz baino diru-sarrera txikiagoak izan, iaz aurreko Gobernuak bertan behera utzi zuen euskara ikasleentzako diru-laguntza indibidualak berreskuratu egingo ditugu, iaz zero euro ziren tokian aurten 700.000 euro baliatuz”. Diru-laguntzetara aurkezteko epea bihar, maiatzak 7, zabaldu eta ekainaren 6an amaituko da.

Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzak euskara sustatzeko 2013. urteko diru-laguntzak aurkeztu ditu gaur Donostian. Bertan, Hizkuntza Politikarako sailburuordearekin batera, sailburuordetza horretako zuzendariak eta HABEko zuzendaria ere izan dira.

Guztira, aurten 41.264.000 euro emango dira sei arlotan banatuta: helduen euskalduntzea, euskalgintza, euskarazko hedabideak, IKT, EBPN-ESEP eta LanHitz. Diru-laguntzetara aurkezteko epea bihar, maiatzak 7, zabaldu eta ekainaren 6an amaituko da. Aurtengo diru-laguntzen artean, Patxi Baztarrika sailburuordeak berrikuntza nagusi bat nabarmendu du: “Euskara ikasleentzako diru-laguntza indibidualak. Nahiz eta aurrekontu luzatua izan, nahiz eta iaz baino diru-sarrera txikiagoak izan, iaz aurreko Gobernuak bertan behera utzi zuen euskara ikasleentzako diru-laguntza indibidualak berreskuratu egingo ditugu, iaz zero euro ziren tokian aurten 700.000 euro baliatuz”.

Aurtengo deialdien helburuei dagokienez, Baztarrikak hiru azpimarratu ditu: 1) helduen artean euskararen ezagutza sustatzea; 2) euskararen erabilera eguneroko bizimoduan indartzea, euskararen erabilerako aukerak finkatzea; 3) euskararen normalizazioaren aldeko gizarte-ekimena sustatzea (elkarteak, enpresak…) eta herri-aginte eta gizarte-eragileen arteko elkarlana sendotzea.

Sailburuordeak gaur aurkeztu diren deialdien inguruan ere mezu bat helarazi nahi izan du: “Ahaleginak eta bi egin beharko ditugu guztiok, baita proiektu eragileek ere, baita proiektu sortzaile eta banatzaileek ere, euskara sustatzeko proiektuek gutxienez bi printzipio kontuan har ditzaten: batetik, eraginkortasuna, hau da, ditugun baliabideei ahalik eta etekinik handiena ateratzea euskararen kontsumoa egiazki areagotuz, eta, bestetik, askotarikoa den gure gizarte honetan askotarikoen beharrak, apetak eta espektatibak asebeteko dituzten proiektu eta produktuak kaleratzea”. Euskal kontsumitzailearen neurrira egokiak eta kalitatezkoak diren produktuak behar ditugula onartu du Baztarrikak, “kontuan hartuz euskal kontsumitzaileak askotarikoak —oso askotarikoak— direla eta izan litezkeela —eta hobe hala izatea—“.

Patxi Baztarrikak, bestalde, urte bakoitzeko diru-laguntzen deialdiak (HABErenak —bestela behar dutelako— izan ezik) urte hasieraren bueltan kaleratzeko konpromisoa hartu du, “konpromiso hori hartzen dugu”.

Hizkuntza Politikarako Sailburuordetzaren diru-laguntzak (2013)

Helduen euskalduntzea
31.272.000
Euskalgintza
979.200
Euskarazko hedabideak
4.875.000
IKT
807.500
EBPN-ESEP
1.385.000
LanHitz
1.944.800
GUZTIRA
41.264.000

1. HABE deialdia: euskararen irakaskuntzako eta ikaskuntzako helduen jarduerak: euskaltegiak, ikasleentzako laguntza indibidualak.

Arlo honetarako 31.272.00 euroko diru-partida erabiliko da.
• Udal-euskaltegien euskararen irakaskuntzako jardueraren finantzaketa (39).
• HABEk homologatutako gizarte-ekimeneko euskaltegien euskararen irakaskuntzako jardueraren finantzaketa (66).
• HABEren egiaztapen-azterketak gainditzen dituzten euskaltegietako ikasleentzako beka indibidualak (4.500 ikasle).

2. EUSKALGINTZA deialdia: gizarte-bizitzan euskara sustatzeko, garatzeko edota normalizatzeko diru-laguntzak.

Euskalgintzari dagozkion diru-laguntzetarako erabiliko den diru-partida 979.200 eurokoa da.
• Hartzaileak: gizarte-bizitzan, oro har, euskararen erabilera sustatzeko proiektuak dituzten erakunde pribatuak.
• Helburua: euskararen erabilera sustatzeko ekimenak:
• Aisialdian, gizarte-harremanetan, kultur ekoizpenetan…
• Ezagutzatik euskararen erabilerara pasatzeko aurrera egitea: haurtzaroa, gaztaroa eta euskaldunberriak.
• Euskararen erabilera kirol-ekintzetan sustatzea.
• Euskalduna ez den mundua euskarara hurbiltzea.
• Euskararen ondareari lotutako jarduerak batu, babestu edo digitalizatu eta zabaltzea.
• Euskararen munduarentzat garrantzitsuak diren gaiei nahiz pertsonei buruzko jardunaldiak eta omenaldiak.
• Euskara familian transmititzea.
• Euskarazko irakurketa sustatzea.
• Emakumeei buruzko euskarazko kultur sorkuntza.
• Immigranteen artean euskararen irakaskuntza eta erabilera sustatzea.
• Euskarazko jostailuak, jokoak eta denborapasak.

3. EUSKARAZKO HEDABIDEAK deialdia: euskarazko hedabideak sendotu, garatu eta normalizatzeko diru-laguntzak.

Hedabideei dagozkien diru-laguntzetarako erabiliko den diru-partida 4.875.000 eurokoa da.
• Hartzaileak: euskarazko hedabideen jabe diren enpresa pribatuak (egunkariak, aldizkariak, irratiak, telebistak eta Internet bidezko hedabideak).
• Helburua: euskarazko hedabideak finkatzea:
• Euskara hutsean argitaratutako egunkaria.
• Euskara hutsean argitaratutako aldizkariak: informazio orokorrekoa eta espezializatuak, eta toki-eremuko, eskualdeko edo lurralde zehatzetako aldizkariak.
• Euskara hutsean edo zati bat euskaraz emititzen duten irrati eta telebistak.
• Internet bidez zabaldutako hedabideak eta euskarazko berri-agentziak.

4. IKT deialdia: 2013an Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologietan euskara sustatu, garatu edota normalizatzeko diru-laguntzak.

Informazioaren eta Komunikazioaren Teknologietarako 807.500 euro erabiliko da.
• Hartzaileak: IKTetarako euskarazko baliabideak eta aplikazioak garatzen dituzten enpresak eta Interneten euskararen presentzia areagotzeko ekimenak.
• Helburua:
• Euskarazko atari edo webgune berriak sortzea.
• Lehendik badiren webguneetan zerbitzu, funtzionalitate edo eduki berriak garatzea.
• Erabilera orokorreko eta aisialdiko Internet aplikazioak euskaraz garatzea eta euskarara lokalizatzea, gailu mugikorretan erabiltzeko direnak barne

5. EBPN-ESEP deialdia: Euskal Autonomia Erkidegoko toki-entitateetan Euskara Biziberritzeko Plan Nagusia (EBPN) garatu edota entitateetako Administrazioetan euskararen normalizatzeko planak onartzeko diru-laguntzak.

Euskara Biziberritzeko Plan Nagusirako 1.385.000 euroko diru-partida onartuko da.
• Hartzaileak: udalak eta udalaz gaindiko erakundeak.
• Helburua: EBPN-ESEP diseinatzea eta abian jartzea, jada landutako EBPN garatzea.
• 2013rako jarritako xedea: jada onartuta duten erakundeetan EBPN-ESEP eguneratzea eta gainerakoetan, haren onarpena sustatzea.
• Lehenetsitako jarduerak:
• Euskararen erabilera sustatzea eskola-ordutegitik kanpoko hezkuntza-arloan.
• Helduen artean euskararen erabilera sustatzea: Mintzalaguna proiektua.
• Euskara eta euskal kultura immigranteei eta euskaldunak ez direnei hurbiltzea.
• Familia bidezko transmisioa.
• Administrazioaren erabilera-planaren barneko proiektu aitzindariak.
• Euskararen erabilera aisialdian sustatzea, euskaldunak ez diren biztanleen dentsitate baxuko zonetan bereziki.
• Hizkuntzaren erabilerari buruzko sentsibilizazio-kanpainak.

6. LANHITZ deialdia: entitate pribatuek EAEn dituzten lantokietan 2013an euskararen erabilera eta presentzia areagotzeko diru-laguntzak.

LanHitzen diru-laguntzetarako erabiliko den diru-partida 1.944.800 eurokoa da.
• Hartzaileak: Lantokiak EAEn kudeatzen edo bertan kokatuta dituzten enpresa eta erakunde pribatuak.
• Helburua:
• Euskararen erabilerarako lehenengo plana lantzea.
• 2013an euskarazko kudeaketa-plana garatzea.
• BIKAIN Euskararen Kalitate Ziurtagiri ofiziala lortu duten enpresek laguntza gehigarria jaso ahalko dute.
• BIKAIN: BIKAIN-Euskararen Kalitate Ziurtagiria eskuratzeko eskaerak aurkezteko epea, bihar, maiatzaren 7an, zabalduko da ekainaren 6a bitarte. Ziurtagiria eskuratzeko kanpo-ebaluazioaren zerbitzua eskatu ahal izango dute entitate publiko eta pribatuek, negozio-unitateek eta entitate handietako lan-zentroek, baldin eta beren jarduera Euskal Autonomia Erkidegoan egiten badute. Izena ematen duten erakunde edo enpresen artetik gehienez 30 aukeratuko dira 2013an, kanpo-ebaluazioaren zerbitzu honen onuradun izateko.

7- Beste zenbait diru-laguntza :
• Berariazko proiektu batzuekin hitzarmenak eta haientzako laguntzak, esate baterako: Euskaltzaindia, Euskara Elkarteen Topagunea, Labayru, UPV/EHUko Euskara Institutua, Unesco Katedra, EUDEL, UEMA, Tokikom, Euskal Herriko Bertsozale Elkartea, ONCE, EIZIE, Galtzagorri, Filmazpit-Victoria Eugenia, Mintzola, Nafarroako EKE eta Euskararen Erakunde Publikoa-Iparraldeko Office Publique de la Langue Basque … Guztira, 2.272.000 euro.

EPEAK
Diru-laguntza guztiak EHAAn argitaratu (maiatzak 6), eta hurrengo egunetik aurrera hilabeteko epean aurkeztu ahal izango da:
- Euskalgintza: maiatzaren 7tik ekainaren 6ra, biak barne
- Euskarazko hedabideak: maiatzaren 7tik ekainaren 6ra, biak barne
- IKT: maiatzak 7tik ekainaren 6ra, biak barne
- EBPN-ESEP: maiatzaren 7tik ekainaren 6ra, biak barne
- LanHitz: maiatzaren 7tik ekainaren 6ra, biak barne

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)