Berriak Herri Administrazioa eta Justizia
Eu

Itzarri BGAE-k % 11,18ko errentagarritasuna lortu du 2012an, eta 474 milioi euroko ondarea du

2013.eko apirilak 30

 

Borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak Euskadiko Administrazio Orokorreko eta Erakunde Administrazioko 92.386 langile hartzen ditu.

Itzarri BGAEk errenta finko egonkorreko eta errenta aldakor egonkorreko inbertsio-ehunekoei eutsi die 2012an; urte amaieran, ondarean %80ko gutxi gorabeherako pisua zuen errenta finkoan, eta %20koa, berriz, errenta aldakorrean.

Estatutuetan ezarritako ildoari jarraiki, 95 milioi euro baino gehiago inbertitu da Euskadin: ondare osoaren %20, 21, eta %6,38 igo da 2011rekin alderatuta.

Itzarri BGAEk 474 milioi euroko ondarearekin itxi du 2012ko ekitaldia. Kudeaketaren urteko balantzea borondatezko gizarte-aurreikuspeneko erakundeak Gasteizen, astearte honetan, egin duen Ohiko Batzar Nagusian eman dute, eta gobernu-organo gorenaren babesa eta onespena lortu du. 

2012ko ekitaldia, aurrekoa bezalaxe, ekitaldi konplexua izan zen, dela merkatu-egoerengatik, dela euroaren ekonomiak eta batez ere Espainiak (erakundearen xede-merkatu nagusietako bat, zorroen kudeaketan aktiboak dibertsifikatzen badira ere) ekonomiaren aldetik jasan zuten urte zailagatik. Baina, joan den urtea Itzarri BGAE finkatzeko eta hazteko ekitaldia ere izan zen. 

Gobernu Batzordeak onartutako inbertsio-politikarekin bat, Itzarri BGAEk errenta finko egonkorreko eta errenta aldakor egonkorreko inbertsio-ehunekoei eutsi zien 2012an, eta, urte amaieran, ondarean % 80ko gutxi gorabeherako pisua zuen errenta finkoan, eta % 20koa, berriz, errenta aldakorrean.  

Gainera, nabarmen igo zen inbertsioa Euskadin, zehazki, 95 milioi euro inbertitu ziren, ondare osoaren % 20,21 (% 6,38ko igoera aurreko ekitaldiaren aldean), estatutuetan Euskal Autonomia Erkidegoaren ekonomia- eta gizarte-garapena sustatzera bideratutako inbertsioak egiteko ezarritakoaren ildotik. 

Itzarri BGAEk 10.166.198 euroko ondarea zuen 2005eko apirilean, hots, jarduera hasi zuenean, eta, 473.685.804 eurokoa, berriz, 2012ko abenduaren 31n. Hortaz, % 11,58 igo zen aurreko ekitaldiarekin alderatuta. 

Pixkana, finkatzen ari da etorkizuneko proiektu hau, eta, garrantzitsuena dena, kide osoen konfiantza sendotzen ari da, erretiroa hartuko dutenean beren pentsioen osagarri bat izateko profesionaltasunez lanean dihardugulako.  Finkatzen ari da, gainera, egoera ekonomikoa eta uneko egoera zailak izanagatik ere. Egoera hori, bada, zaildu egin da bi lege aplikatu direlako; batetik, 2012rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko ekainaren 29ko 2/2012 Legea, eta, bestetik, 2013rako Estatuko Aurrekontu Orokorrei buruzko abenduaren 27ko 17/2012 Legea. Horiei jarraiki, kide babesleek eten egin dituzte 2012ko ekitaldirako eta 2013ko ekitaldirako erakundeari egin beharreko ekarpenak. 

Alde positiboan, nabarmendu behar da errentagarritasun handia lortu zela (% 11,175), herrialdeak egoera ekonomiko eta finantzario zaila bizi bazuen ere. 

Nabarmentzekoa da, halaber, administrazio-gastu zuzenengatik edo egitura-gastuengatik ehuneko txikia aplikatu zela, hots, ondarearen % 0,255. Hortaz, aurreko ekitaldiko ehunekoari eutsi zitzaion ia, ondarea igo bazen ere eta zenbait prezio eta zerga (tartean BEZa) igo baziren ere. Izan ere, lortutako errentagarritasun garbia ahalik eta gutxien gutxitzeko, kostuari eusteko politika zorrotza egin zen batik bat azken ekitaldietan. 

Itzarri BGAEk Euskadiko Administrazio Orokorreko eta Erakunde Administrazioko 92.386 langile hartzen zituen. 2013an, kide osoen kopuruari eutsiko zaio, gutxi gorabehera, eta langile gehiago sartuko dira. 

Gainera, ondareak hazten jarraituko du, ekitaldiko emaitza positiboari esker, baina aurreko ekitaldietan baino motelago, bizi dugun krisi ekonomiko larriaren ondorioengatik. Horregatik, bada, kide babesleek ez dute ekarpenik egingo 2013an, iaz bezala. 

8.454 mila euroko prestazioak ordaindu ziren (ondarearen % 1,78). Hona hemen xehetasunak: erretiroa hartzeagatik, 7,041 mila euro; ezintasunagatik, 907 mila euro; heriotzagatik, 435 mila euro; eta langabeziagatik, 71 mila euro.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko