Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Eusko Jaurlaritzak 18 milioi euroko aurrekontu partida onartu du seme-alabak dituzten familiak laguntzeko

2013.eko apirilak 30

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak seme-alabak dituzten familiei laguntzak bideratzeko programa finantzatzeko 18.279.878 euroko aurrekontu-partida onartu du gaurko bileran.

Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak egindako proposamenaren helburua familiei seme-alabak edukitzean edo adoptatzean izaten dituzten gastuei aurre egiteko laguntza ematea da.

Diru-laguntza seme-alaba bat izan edo adoptatzen duten bakoitzean jasoko dute familiek, lehena, bigarrena, hirugarrena, edo dagokiona izan. Halaber, aldi berean haur bat baino gehiago izateko edo adoptatzeko aukera ere aurreikusiko da laguntzetan. Lehen seme-alaba izateagatik jasoko den laguntza 400, 500 edo 900 eurokoa izango da haurra jaio edo adoptatzen denean, eta zenbatekoa familiaren errentaren arabera zehaztuko da. Bigarren seme-alabaren kasuan, berriz, 1.100 euroko laguntza jasoko du familiak haurra jaio edo adoptatzerakoan eta beste 400 euro urtebeteren buruan. Hirugarren seme-alabaren kasuan edo hortik aurrerakoetan, azkenik, 1.100 euro jasoko ditu familiak haurra jaio edo adoptatzerakoan, beste 1.100 euro urtebeteren buruan, bi urtera, hiru urtera eta lau urtera, eta, azkenik, beste 400 euro handik bost eta sei urtera. Aldi berean haur bat baino gehiago izan edo adoptatuz gero, bai Estatuan bai atzerrian, laguntza espezifikoa jasoko du familiak lehen urtean.

Laguntza horren zenbatekoa familiaren errentaren eta seme-alaba kopuruaren arabera zehaztuko da. Gobernu Kontseiluak onartutako aurrekontu-partida Eusko Jaurlaritzak familiak babesten eta laguntzen jarraitzeko duen borondate irmoaren erakusgarri da, eta, gainera, ez du albo batera uzten etorkizunean aurrekontu-partida hori handitzeko aukera, baldin eta egindako eskaera kopuruak edo laguntzen zenbatekoa aldatu eta eguneratu beharrak hala eskatzen badu.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)