Berriak Segurtasuna
Eu

Ertzaintzak Hendaiako Polizia Lankidetzako Zentrotik egiten dio aurre mugaz gaindiko delinkuentziari

2013.eko apirilak 30

Sendotu egin da Ertzaintzak Zentroan duen presentzia eta etorkizuneko helburuak indartu dira

Hiru urte joan dira 2010eko martxoan Hendaiako Polizia eta Aduana arloko Lankidetza Zentrora (CCPA) Ertzaintza gehitu zenetik. Erakunde horretan, Espainia eta Frantziako poliziekin elkarlanean, mugaz gaindiko lankidetzaren alde ari da lanean. Hendaian biltzen diren polizia desberdinetako agenteek nazioez gaindiko delinkuentziari buruzko informazioa kontrastatzen dute, datuak trukatzen dituzte eta polizia batek edo bestek egindako kontsultei erantzuten diete. Informazio-truke horretatik sortzen dira «Informazio-oharrak» deituak, polizia-gorputzentzat interes operatiboa duten informazioa ematen dutenak. Kontsulta urgenteak momentuan egiten dira mugaz beste aldera, eta erantzuna, beranduenera, hamar minutu barru etortzen da.

Hendaiako Polizia eta Aduana arloko Lankidetza Zentroan 2012an Ertzaintzaren presentzia finkatu izanari esker, % 20 baino gehiago handitu dira Frantziako eta EBko gainerako polizia-gorputzetatik jasotako eskaerak. Ertzaintzak egindako eskabideak ere % 5 hazi ziren. Informazio-truke horren emaitza gisa -Hendaiako Zentrotik Frantziako polizia-gorputzetara eta EBko gainerako polizia lankidetzako zentroetara zabaltzen da-, delitu-kopuru esanguratsua argitu zen, egileak atxilotu ziren eta gaizkileei Europa barruko mugak igarotzeak ematen dien inpunitate-sentsazioa gutxitzea lortu da.

Bi norabideetako kontsultak

Ertzaintzak Hendaiako Lankidetza Zentroan duen helburu nagusia mugaz gaindiko delinkuentziarekin zerikusia duen informazioa trukatzea da Frantziako polizia-zerbitzu desberdinekin. Terrorismoaren aurkako borrokarekin lotutako gaiak dira Lankidetza Zentroaren eskumenetik kanpo geratzen diren bakarrak, baina horretarako badaude lankidetzarako eta informazio-trukerako beste bide batzuk. Lanaren parterik handiena, dena dela, pertsonen eta ibilgailuen inguruko kontsultak izaten dira, aurrekariak eskatzea edo matrikulak identifikatzea, adibidez. 2012an, 3.329 informazio-eskaera egin ziren, guztira, bi norabideetan, hau da, ia % 5 hazi ziren aurreko urtearekin alderatuta. Eskaera horietatik 2.589 Frantziako eta Europar Batasuneko beste herrialde batzuetako poliziak egindakoak izan ziren, eta gainerako 740ak Ertzaintzak eginak. Eskabide-kopuru hori zela eta, datuak tratatu eta aztertzeko hainbat prozesu aktibatu eta 5.971 kontsulta sortu ziren.

Frantziatik egindako eskaerei dagokienez, aipatzekoa da Jendarmeriatik egin diren eskabideak % 20 hazi direla, eta gainerako polizia lankidetzako zentroetatik egindakoak % 28. Bereziki, aurrekari-eskariak eta matrikula-identifikazioak handitu dira, eskabide guztien % 69 eta % 21, hurrenez hurren.

Ertzaintzak egindako kontsultek ere hazkunde nabarmena izan dute, Gipuzkoako ertzain-etxeak izan direlarik izapide gehien egin dituztenak, kontsulta guzien % 71, hain zuzen. Mugatik hurbil egoteak mugaz gaindiko delitu- eta polizia-aktibitate gehienen agertoki bihurtzen du Gipuzkoako lurraldea. Hendaiara egiten diren eskabide-motari gagozkiola, gehienak zirkulazioaren kontrolarekin dute zerikusia: gida-baimenen egiaztapenak eta Frantziako eta atzerriko matrikulen identifikazioak eskatzen dira, batik bat.

Poliziaren arrakastak mugaren alde bietan

Hendaian dauden Ertzaintzako arduradunek egiaztatu dute, pixkanaka, igotzen ari direla unitate guztietatik egiten zaizkien kontsultak. Jakinaren gainean daude zerbitzuaren potentzialaz eta EBko beste herrialde batzuetatik informazioa lortzeko ematen dituen aukerez. Erabakigarria gertatzen da, askotan, informazioa bi norabideetan transmititzeko Hendaiak eskaintzen duen azkartasuna. Esate baterako, iazko urtarrilean, frantses poliziak abisatu zuen Lankidetza Zentrora narkotrafikatzaile-konboi batek ihes egin ziela Biriatuko ordainlekutik. Ertzaintzak, handik laster, Zornotzan aurkitu zuen ibilgailuetako bat, 400 kg haxix barruan zituela.  Ibilgailua aurkitu izanari esker jabea identifikatu zen eta operazioak jarraipena izan zuen Frantzian.

Hurrengo hilean gertatu zen beste kasu bat: hiru gizonek pistolaz bahitu zuten gizonezko bat Errenterian, autoan sarrarazi eta ihes egin zuten. Ertzaintzak Gipuzkoako Ikerketa Kriminaleko Unitateari eta Hendaiako Polizia Lankidetzako Zentroari pasa zien informazioa eta azken horretatik Frantziako polizia-agintariei abisatu zitzaien. Datu-truke azkarrari eskerrak oso denbora laburrean askatu zuen bahitua frantses poliziak; erakunde kriminal bat desegin zuten eta ibilgailuak, su-armak eta drogak konfiskatu zituzten.  

Mugaz gaindiko lankidetzarekin erlazionatutako beste jarduera bat joan zen abenduan gertatu zen. Bi ibilgailuk kontrol bat saltatu zuten Urruñan eta Irun aldera egin zuten ihes. Hendaiako Polizia Lankidetzako Zentroan informazioa bizkor prozesatu izanari esker, mugatik hurbil aurkitu zen ibilgailuetako bat, ehun kilo sorgorgarri baino gehiagorekin. Gidaria, berriz, Donibane Lohizuneko geltokian atxilotu zuten, trena hartzera zihoala. Bigarren ibilgailua (anezka) eta barruan zihoazen bi bidaiariak ere muga inguruan atxilotu zituzten.

Beste kasu bat, oraingoan humanitarioa, Gipuzkoatik partikular batek Lankidetza Zentrora deitu zuenean aktibatu zen, jakinarazi baitzuen Hendaian bizi zen adineko emakumezko batek -bere senitartekoa- ez ziela bere deiei erantzuten. Hala, protokolo bat abian jarri zen eta bere etxean erorita zegoen emakumea erreskatatu ahal izan zuten. Andrea mugitu ezinik zegoen eta, ospitalean gero kontatu zuenez -Irungo erietxe batera eraman zuten-, zenbait egun igaro behar izan zituen postura hartan.

Delinkuentzia mugak gainditzen dituen fenomeno gero eta globalagoa ari da bilakatzen, bereziki herritarrak Estatu batetik bestera trabarik gabe mugi daitezkeen Europa batean; gero eta beharrezkoagoa da, beraz, polizia batzuen eta besteen arteko lankidetza guztiona den arazo bati erantzuna emateko. Eskualde edo nazioarteko ekimen guztietan, beharrezkoak dira lankidetza eta informazio estrategiko zein datu teknikoen truke azkarra, gaizkileak eraginkortasunez neutralizatu ahal izateko. Hendaiako Ertzaintzako arduradunetako batek honako hau adierazi du: Delinkuentzia antolatuaren forma guztien kontrako borrokan, nazioarteko lankidetza eta, kasu honetan, mugaz gaindikoa, indarra hartzen ari da Europan, azken urteotan; zeregin horretarako giltzarriak dira polizia lankidetzako zentroak, gainerako herrialdeetara informazioa pasatzeko duten arintasuna dela eta, asko zailtzen baitizkie gauzak mugak igarotzen dituzten gaizkileei. Gainera, Hendaian dauden Espainia eta F rantziako beste polizia-gorputzetako agenteekiko bizikidetzak eta elkarrekin lanean aritzeak kidetasun- eta enpatia-harreman onuragarria sortzen du, delinkuentziaren kontra guztiok egin beharreko ahaleginean.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko