Berriak Lehendakaritza
Eu

Konstituzio Auzitegiak aldi baterako langile publikoen aparteko ordainaren auzian erabakirik hartu ez izana «deitoratu» du Eusko Jaurlaritzak

2013.eko apirilak 30

Konstituzio Auzitegiak langile publikoei iazko abenduko aparteko ordaina ezabatzea berresten duen autoa analizatu du Gobernu Kontseiluak. Konstituzio Auzitegiak aldi baterako langile publikoen aparteko ordainaren kasuan nola jokatu erabaki ez izana «deitoratu» du Eusko Jaurlaritzak, 2012ko uztailetik abendura bitartean kitatutako kontratuetan aparteko ordaina aintzat hartu baitzen. Erkorekak azaldu duenez, Urkulluren gobernuari «oso deigarria egiten zaio» autoak «nabarmenkeriatzat» jotzea EAEko langile publikoak desberdin tratatzea. 12.000 langileren soldata dago auzitan, eta 8.000.000 euro inguruko munta ekonomikoa du. Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak azpimarratu du kolektibo horren egoera zeharo «segurtasun juridikorik gabea» dela. Eusko Jaurlaritzak ez ditu kopuru horiek erreklamatuko Konstituzio Auzitegiak epai irmoa ematen ez duen artean.

Eusko Jaurlaritzaren bozeramaile Josu Erkorekak gaur goizean eman du hori jakitera, Jaurlaritzak gaur goizean Gasteizen –Lehendakaritzan, hain zuzen– egin duen Gobernu Kontseiluan aztertu diren gai nagusien berri emateko eskainitako prentsaurrekoan. Jaurlaritzak Karen autoaren aurrean duen jarrera azaltzeaz gain, gizarte-gaietarako onetsi diren laguntza ekonomikoak ere azaldu ditu Erkorekak. Kazetariek galdetuta, Lehendakariak talde politikoei Herri eta Egonkortasun Itun bat egiteko egin dien eskaintza aipatu du Erkorekak.

Josu Erkorekak nabarmendu du zeinen «larderiatsu» lehenetsi duen Konstituzio Auzitegiak estatuaren defizit-helburua eta estatuak defizitari eusteko eta zor publikoa mugatzeko nazioartean hartu dituen konpromisoak betetzea, langile publikoek beren lan-sariak direla eta dituzten aspirazioen kaltean. Hori dela eta, adierazi du ez duela itxaropen handirik azken epaiak «oraingoan hain argi eta biribil azaldu deun balio-hierarkia iraul lezakeenik».

Herri-ituna, egonkortasun-ituna
Lehendakaria eta Jaurlaritza bi motatako itunak egiteko «prest daudela» argitu du bozeramaileak. Batetik, Herri Itun bat, Legebiltzarren ordezkaritza duten indar politiko guztiak «gonbidatu» dituelarik horretara, «denak baitira beharrezkoak». Bestetik, EH-Bilduren «bere burua baztertzeko jarrera» ikusita, Alderi Popularrari eta Alderdi Sozialistari luzatu dien egonkortasun-itun baterako eskaintza. Erkorekak azaldu duenez, EH-Bildurekin egonkortasun-itun bat egitea ezinezko bihurtu zuten EH-Bilduk Jaurlaritzari emandako hiru ezezko biribilek; hain zuzen, hauteskundeen ondoren akordioa egiteko gonbitari emandakoak, aurrekontuaren inguruko hitzarmenari emandakoak eta Lehendakariak berriki aurkeztu zuen oinarri-dokumentuari emandakoak.

23,2 milioi euro gizarte-gaietarako laguntzetan
Gaurko gobernu-kontseiluak, besteak beste, dena delakoagatik premian dauden pertsonentzako laguntza ematera 23,2 milioi euro bideratzea onetsi du. Alde batetik, 18,2 milioi euro bideratuko dira umeak izateagatik nahiz adopzioan hartzeagatik familiei laguntza moduan ematera; gainerako 5 milioiak, bestetik, pertsonen autonomia sustatzen eta babesten duten erakundeentzat eta boluntarioen eta elkarteen parte-hartzea sendotzen dutenentzat izango dira.

 

 

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako erabakiak (2013.04.30)

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)