Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Urdaibai Biosfera Erreserba, 'geoturismoaren' erakargarritasun berria

2013.eko apirilak 29

• Ekainean, Frantziako ehun biologo eta geologo estuarioan barrena ibiliko dira

Urdaibai Biosfera Erreserbak hartzen dituen askotariko eremu naturaletara eta herrialdeetara hurbiltzen diren turisten artean, geodibertsitatearen inguruko interesa duten bisitarien kopurua gero eta handiagoa da. Geodibertsitatea Europan hedatzen ari den fenomenoa da, eta horren ildotik «geoturismoa» sortu da. Turista mota horien helburua bisitatzen duten tokiko fenomeno geologiko garrantzitsuak behatzea eta ezagutzea da, birding edo hegaztien behaketan egiten duten antzera.

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saileko Biodibertsitate zuzendari Amaia Barredok azaldu duenaren arabera, «Ingurumen eta Lurralde Politika Sailak geodibertsitatearen aldeko apustua egin du, eta Urdaibai Biosfera Erreserban bulego tekniko bat ezarri du; orain, apustu hori fruituak ematen hasi da. Izan ere, Urdaibaiko geologia interesguneen gidaliburua dokumentua argitaratu dugu eta erreserbako elementu garrantzitsuenetan 28 interpretazio-panel kokatu ditugu; horiei esker, gero eta gehiago dira biosfera-erreserbara hurbiltzen diren turista taldeak, ingurune natural aparta horren sekretu geologikoak deskubritzeko asmoarekin».

Urdaibai erreserban hainbat elementu beha ditzakegu, besteak beste, garai bateko arrezifeen fosilak, ur-azpiko erupzio garrantzitsuen aztarnak, flysch motako metaketak (ur-azpiko deltak), bai eta K-T muga ere. Bertan Lurraren aurka jotako meteoritoak eragindako izaki bizidun ugarien desagerpena adierazten da. Amaia Barredok gaineratu duenez, «geologiaren bidez, egunerokoan gertatzen diren prozesu geologikoak uler ditzakegu, hala nola kostaldeetako olatuak, Urdaibaiko estuarioan hondarra mugitzen duen haizearen eta mareen eragina, gure arbasoak bizi ziren leize-zuloen sorrera eta bilakaera, ibai-uholdeen sorrera eta gure errepide nahiz herriei eragiten dieten mazelen labainketen sorrera».

Burgosko bisitariak

Apirilaren 27an, Caja Burgos kutxako Ingurumen Gelak antolatuta, 30 burgostarrek bisita gidatua egin zuten geologia-interesgune horietan barrena. Horiekin batera, Juan Carlos Utiel ondare natural eta kulturalaren interpretazioan aditua izan zen.
Uztaileko bigarren astean, bestalde, Biologia eta Geologia Irakasle Elkarteko 100 kide (Frantziako hainbat herritakoak) Urdaibai Biosfera Erreserbara hurbilduko dira. Asturiasko Luna Adrados turismo-gidaren eskutik (ondare natural eta kulturalaren interpretazioan aditua), arro eusko-kantauriarraren bilakaera geologikoa interpretatuko dute.

Amaia Barredok zehaztu duenez, «Urdaibai Biosfera Erreserbak egindako aurreikuspenen arabera, ondare geologikoa eskualdeko ekonomia-sarea sustatzen duen eskaintza turistiko berria bihurtzen ari da».

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)