Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Eusko Jaurlaritzak ezarri ditu Gipuzkoako zahar egoitzen grebarako gutxieneko zerbitzuak

2013.eko apirilak 26

 

ELA eta LAB sindikatuek grebara deitu dute 2013. urteko apirilaren 29, 30 eta maiatzaren 1, 2 eta 3rako Gipuzkoako Zahar Egoitzen sektorean. Gutxienekotzat hartu behar diren arreta-zerbitzuei eusteko, eta egoiliarren bizitza eta osasuna haien beharren arabera bermatzeko, Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte Politiketako Sailak gutxieneko zerbitzu horiek arautzen dituen Agindua eman du.

 

ELA eta LAB sindikatu-erakundeen ordezkaritzek greba deitu dute 2013ko apirilaren 29 eta 30 eta maiatzaren 1, 2, eta 3rako Gipuzkoako Hirugarren Adinekoen Egoitzen sektorean. Grebaren deialdian sartzen dira hitzarmen kolektiboa edo enpresako ituna duten enpresak, eta zerbitzuak emateko erregimenean azpikontratatutako enpresak, Gipuzkoako Pertsona Adinduen Egoitzen Hitzarmen Kolektiboaren aplikazio esparrukoak direnak, bezero den enpresa deialdi honen xede ez bada ere. 24 ordukoak izango dira lanuzteak, eta greba-jardunaldiak goizeko txanda hasten denean hasiko dira zentro bakoitzean, eta gaueko txanda amaitzean amaitu.

Honako hauek sartzen dira Gipuzkoako Hirugarren Adinekoen Egoitzen sektorean: egoitzetan, etxebizitza komunitarioetan, eguneko zentroetan eta babespeko etxebizitzetan ematen diren norberaren autonomia sustatzeko eta mendetasunari arreta emateko gizarte-zerbitzuak (autonomia pertsonala sustatzeari eta mendetasun-egoeran dauden pertsonak zaintzeari buruzko abenduaren 14ko 39/2006 Legearen 15.1. artikuluan jasotako zerbitzu-katalogo batean biltzen dira horiek guztiak), bai eta, batzuetan, etxez etxeko arretakoak ere.

Horregatik guztiagatik, Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburuak, Eusko Jaurlaritza eskuordetuz, honako hau

EBAZTEN DU:

Lehena.‑ 1. Gipuzkoako Hirugarren Adinekoen Egoitzen sektorean 2013ko apirilaren 29 eta 30 eta maiatzaren 1, 2, eta 3rako deitutako greban langileek haien greba-eskubidea erabil badezakete ere, arreta zuzeneko zerbitzuak bermatu egin beharko dira, horiek gutxieneko zerbitzutzat jotzen direlako, bai eta pertsona egoiliarren bizitza eta osasuna, haien beharren arabera, bermatzen dituzten zerbitzuak ere. Beraz, ohetik jaikiarazi eta oheratzeko behar diren zerbitzuak (jarrera-aldaketak eta abar barne hartuta) eman beharko dira, bai eta osasun-asistentzia ematekoak (botikak, sendaketak...) eta higiene pertsonalarekin, elikatzearekin eta botikak ematearekin lotutakoak ere. Oinarrizko arreta zuzeneko zerbitzuak ere gutxieneko zerbitzutzat jotzen dira.

2. Jarraian aipatzen diren langileek eta zehaztutako moduan egin beharko dituzte jarduera horiek:

2.1. Oro har.

2.1.1. Ehuneka kalkulatzerakoan, hori 1 baino txikiagoa bada, pertsona bat gehiago gehitu beharko da gutxieneko zerbitzuetako langileen kopurura.

2.1.2. Artikulu honetan gutxienekotzat hartutako zerbitzurik ez duten zentroetan edo arloetan, aipatzen den langile-kopuru hori ez zaie gehituko gainerako zerbitzuei edo arretei.

2.1.3. Gerta daiteke gutxieneko zerbitzuak betetzeko garaian greba egitera deitutako langileak eta greba egitera deitu gabekoak egotea; horrela bada, agindu honetan finkatutako ehunekoak eta ratioak kalkulatzeko, ohiko moduan lan horiek betetzen dituzten bi kolektibo horietako langileen guztirakoa hartuko da kontuan.

Era berean, honako ordena honi jarraiki erabakiko da nork bete behar dituen "bat datozen" gutxieneko zerbitzuak: lehenengo, normalean zerbitzu horiek egiten dituzten eta grebara deituta ez dauden langileei dei egingo zaie; bigarrenik, normalean zerbitzu horiek egiten dituzten eta, deituta egon arren, greban parte hartu nahi ez duten langileei; eta, azkenik, langile horiekin ez bada gutxieneko zerbitzua betetzen, greban parte hartu nahi dutenei deituko zaie.

2.1.4. Medikuak bestelako agindu berezi eta zehatzik eman ez badu behintzat, elikagaiak prestatzeko eta egoiliarrei emateko lana ahalik eta modu sinpleenean eta errazenean egingo da, hau da, erabili eta botatzeko elementuak erabiliko dira eta ahalik eta denbora gutxien eskatzen duten protokoloak edo metodologiak jarraituko lanak egiterakoan, grebaren eragina suma dadin eta greba egin nahi duten ahalik eta langile gehienek eskubide hori baliatu ahal izan dezaten. Ezin izango da, inola ere, egoiliarren osasuna eta osotasuna arriskuan jarri.

2.1.5. Lehentasuna izango dute mendetasuna duten pertsonen higiene pertsonalarekin eta horiei botika edo elikagai terapeutikoak ematearekin lotutako lanek -betiere, medikuak aginduta edo osasun-protokoloan jasota badaude-, horiek ez egiteak arrisku larria ekar badezake. Halaber, higiene pertsonalaren bidez egoiliarren osasuna eta osotasuna bermatuta egongo da beti greba-aldian zehar.

2.1.6. Pertsonen osasunerako edo segurtasunerako berehalako arrisku larria izan dezaketen arloetan baino ez dira egingo garbiketa-lanak. Horretarako, Laneko eta/edo Osasuneko Arriskuen Prebentzioan jasotako xedapenak eta protokoloak izango dira erreferentziazko irizpide.

2.2. Egoitzak:

Egoitzetan, arreta zuzena gauzatzen duten gerokultoreen edo parekatuen % 50 izango da lanean, goizeko 08:00etatik 10:30era bitarteko (ohiko bazkalordua) eta 20:00etatik 22:00etara bitarteko tarteetan izan ezik, tarte horietan % 10ean areagotuko baita ehuneko hori.

Unitate psikogeriatrikoetan (UPSIS moduluak) bi pertsonek emango dute zerbitzua, edo, ohiko langile-kopurua txikiagoa bada, langile horiek.

Gaueko txandan, arreta zuzeneko langileen % 100ek lan egin beharko du, baina "arreta zuzeneko" zerbitzutzat jotako lanak baino ez dituzte egingo.

2.3. Eguneko zentroak:

Eguneko zentroetan, arreta zuzena gauzatzen duten gerokultoreen edo parekatuen % 50 izango da lanean, ohiko bazkalorduan izan ezik, tarte horretan % 10ean areagotuko baita ehuneko hori. Era berean, mendetasun-egoeran dauden pertsonak eguneko zentroetara eramateko garraio bereziari ere eutsiko zaio.

2.4. Etxebizitza komunitarioak:

Etxebizitza komunitarioetan, gerokultoreen edo parekatuen % 50 izango da lanean, ohiko bazkalorduan eta afalorduan izan ezik, tarte horietan % 10ean areagotuko baita ehuneko hori. Gaueko txandan, arreta zuzeneko langileen % 100ek lan egin beharko du, baina "arreta zuzeneko" zerbitzutzat jotako lanak baino ez dituzte egingo.

2.5. Pertsonal sanitarioa:

OLT/EUDen % 50ek lan egingo du.

2.6. Sukaldeko langileak:

Langileen % 50ek lan egingo du. Grebak irauten duen artean, elikagaiak prestatzeko lanak soilik egingo dituzte sukaldeko langileek.

2.7. Garbitzaileak:

Langileen % 20k lan egingo du. Grebak irauten duen artean, agindu honen 2.1.6. idatz-zatian aipatutako garbiketako lanak baino ez dituzte egingo langileek.

2.8. Mantentze-lanetako langileak:

Mantentze-lanetarako, jaiegunetan egoten den langile-kopuru bera egongo da, eta pertsonen osasunerako edo bizitzarako arrisku larria eragin dezaketen premiazko eta atzeraezinezko gertaerei baino ez diete erantzungo.

Bigarrena.‑ 1. Agindu honen 2.1.3. idatz-zatian ezarritako ordenaren arabera zehaztuko da zer langilek bete behar dituzten zerbitzu horiek.

2. Langileen ordezkariei entzun eta gero, enpresako zuzendaritzak izendatuko ditu gutxieneko zerbitzuak bete behar dituzten langileak, eta langile horiek zer eginkizun bete behar dituzten adieraziko. Nolanahi ere, orain arte esandakoak eta aurreko artikuluan eta indarreko legedian ezarritako mugak errespetatu beharko dira. 48 ordu lehenago jakinaraziko diote sindikatu-ordezkaritzari nork bete behar dituen eginkizun horiek.

Hirugarrena. Agindu honen aurreko idatz-zatietan bildutako gutxieneko zerbitzuak ezin dira aldatu horiek egiteko izendatuta dauden langileen aldaketen edo lanuzteen ondorioz. Halakorik gertatuz gero, legez kanpokotzat joko dira, eta haiek eragin dituzten langileak izango dira erantzule, eta erantzukizuna eskatuko zaie indarrean dagoen ordenamendu juridikoaren arabera.

Laugarrena. Aurreko artikuluetan xedaturikoa gorabehera, greba egiten duten langileen eskubideak ez dira inolaz ere murriztuko, ezta grebarako deia eragin duten eskakizunen izapidetzea eta ondorioak mugatuko ere.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)