Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak “lobby” bezala funtzionatzea planteatu dio Brasilgo euskal gizataldeari, Euskadik munduan duen irudia hobetzeko

2010.eko martxoak 23

Lópezek "herritarren sare" bat sortzearen aldeko apustua egin du, bulego zentralizatzaile baten inguruan.

Brasilen bizi diren euskaldunak izan dira Patxi López Lehendakariarekin Sao Paulon egin den topaketa honen protagonistak. Lehendakariak Eusko Jaurlaritzaren nahia jakinarazi dio Brasilgo euskal gizataldeari, alegia, bere rola bultatzea "Euskadik munduan duen posizionamendua hobetzeko lanean". "Gure nahia da zeuen posiziotik, zeuen harrerako herriez duzuen ezagutza sakona baliatuz, Euskadiko enbaxadore bezala jardun dezazuen".

Patxi López Lehendakariak topaketa luzea izan du Sao Pauloko euskal gizataldearen ordezkaritza batekin. Euskadik munduan duen irudia hobetzea izan da Lehendakariak Brasilgo euskal gizataldeari planteatu dion erronka, euskal enpresek bidea izan dezaten beren proiektuak atzerrian bultzatzeko. "Gure nahia da zeuen posiziotik, zeuen harrerako herriez duzuen ezagutza sakona baliatuz, Euskadiko enbaxadore bezala jardun dezazuen", azaldu du Lópezek. Hori lortzeari begira, Lópezek azaldu du bulego bat sortuko duela "herritarren sare" horrek atzerrian gauzatzen duen lana zentralizatzeko. "Lobby hau erreferentzia- eta laguntza-puntua izan dadila guztiontzat", adierazi du.

Ekitaldia Sao Pauloko erdiguneko hotel batean egin da, eta bertan izan dira Brasilen zenbait hamarkadaz bizitzen egon diren hainbat euskaldun. Lehendakariarekin batera, topaketa honetan izan dira Guillermo Etxenike Kanpo Ekintzako arduraduna eta Bernabé Unda Industria sailburua. Bere hitzaldian, Lehendakariak errepasoa eman dio euskaldun asko Hegoamerikara emigratzera -hobekuntza bilatuz- bultzatu zituen historiari; aipatu duenez, historia horrexek Eusko Jaurlaritzaren enpresa-misio hau bultzatu du hamarkada batzuk geroago. "Zeuek, Brasilgo euskaldunok, gure anfitrioirik onenak zarete zeregin hau gauzatzeko. Zeuen ahaleginak gure tradizioak iraunarazteko, gure kultura hedatzeko, euskaldunak izateak sortzen dizuen harrotasuna dira gure ondasun nagusietako bat", azpimarratu du Lehendakariak. Gainera, nabarmendu duenez, "Euskadik herrialde honetan duen irudia da beraien lana, misio honetan izan dezakegun sarrerako aterik onena".

Europako ateak Brasilgo enpresei Euskadiren bitartez irekitzeko helburu horretan kokatu du Lehendakariak Kanpo Ekintzaren estrategia, hau da, "euskal lobby bat munduan" sortzeko helburuan. Lobby horren partaideak "ikerkuntzaren, enpresaren, kulturaren, arteen, elkartasunaren edo nazioarteko erakundeen" alorreko pertsonak izango lirateke, eta beraren eginkizuna "Euskadiren interesen alde" jardutea izango litzateke. "Horretarako, munduan dauden euskal herritarrez osatutako sare bat abiatuko dugu, eta baita pertsona horien esperientziak, ezagutza eta kolaborazioak zentralizatzen dituen bulego bat ere", gaineratu du.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakari