Berriak

Lankidetzarako hitzarmena sinatu dute landare birpopulaketa lanak egiteko Iturrizabaleta ibaian, Zigoitiako udalerrian (Araba-Álava)

2013.eko maiatzak 02
  • Uraren Euskal Agentziak- URAk, Zigoitiako Udalak eta PEPSICO-ren botilaratzaileak Etxebarri Ibiñan hitzarmen bat sinatu dute elkarlanean aritzeko Iturrizabaleta ibai-ingurua zuhaitz eta zuhaixkekin birlandatzeko lanetan .

  • Landare gehiagorekin estaltzeak honako onura hauek ekarriko ditu: guneak berreskuratzea eta lurraldea ekologikoki elkarlotzea. Horrela habitatak areagotuko dira eta ibai-ibilguei loturiko espezieak bertan geratzea lortuko da.

  • Jarduketa hartuko duen tartea Gorbeiako Merkataritza Gunetik irteteko A-3604 errepidearen biribilgunetik PEPSICO enpresaren instalazioetara doan errepideko zubitik uretan behera hasten da, eta handik 350 metrora amaitzen da, uretan behera.

  • Ibaiertzetako landarediaren berreskuratze hau Uraren Euskal Agentzia-URAk duen ibaien mantentze zerbitzuaren barnean kokatzen da.

URA-Uraren Euskal Agentziak (Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen eta Lurralde Politika Sailari atxikirik dagoena), Zigoitiako Udalak eta Pepsicoren botilaratzaileak Etxebarri Ibiñan 3 urteko hitzarmena sinatu dute Iturrizabaleta ibaiaren ertzen inguruan birlandatze eta sentsibilizazio ekintzak aurrera eramateko; hain zuzen ere, ibai hori Zigoitiako udalerrian kokatzen den SAUI-2 industrialdea igarotzen duen tartean.

Jarduketa hartuko duen tartea Gorbeiako Merkataritza gunetik irteteko A-3604 errepidearen biribilgunetik PEPSICO enpresaren instalazioetara doan errepideko zubitik uretan behera hasten da, eta handik 350 metrora amaitzen da, uretan behera, Iparraldeko Gasteiz-Eibar  AP-1 errepidea eta Altubeko Gasteiz-Bilbo N-622 errepidea lotzen dituen errepide-tarteko zubian.

Lan hauekin ibilgua bertakotu egin nahi da; horretarako, aukeratutako ibai-inguruak zuhaitz eta zuhaixkekin estaliko dira. Birlandaketa burutzeko gune horretan hasi zitezkeen landareak aukeratu dira: lizarra eta zumarra ibaiaren eragin-eremuetan eta "Atlantiko Azpiko haritz eutrofoa" eragin hori bukatzen den guneetan.

Landare gehiagorekin estaltzeak honako onura hauek ekarriko ditu: guneak berreskuratzea eta lurraldea ekologikoki elkarlotzea. Horrela habitatak areagotuko dira eta ibai-ibilguei loturiko espezieak bertan geratzea lortuko da.

Uraren Euskal Agentzia-URAk ibaien mantentze lanak egiten ditu eta, ibai ertzetako landarediaren berreskuratze ekintza hau zerbitzu horren barnean dago. Ibai ibilguen mantentze lanek bi helburu zehatz dituzte: alde batetik, ibaiaren ur hustuketarako ahalmena bermatzea; eta, bestetik, lurraldeko ibaien egoera ekologiko aproposa mantentzea edota sustatzea.

Izan ere, tokiko ibaiertzeko landareriaren berreskuraketak onura nabarmenak eskaintzen ditu; batik bat, ibaien egoera ekologiko aproposa lortzeko. Onura garrantzitsuenen artean: ur kalitatea mantentzen laguntzen du, uraren abiadura moteltzen du, solidoak garraiatzeko ur korrontearen ahalmena murrizten du, ibaiari gerizpea eskaintzen dio, ur tenperatura ez da horrenbeste igotzen, eta oxigenoa kentzen duten algen ugaltzea saihesten du,. Hori guztiari gehitu diezaiokegu makroornogabeentzat elikadura eskeintzen duela (orbela), espezientzako babesguneak eta mikrohabitatatak sortzen dituela, ibaiertzetako egonkortasuna areagotzen duela, eta korrontearen higidura indarra moteltzen edota bioaniztasuna suspertzen duela, eta, hain zuzen ere, ibaiertzetako habitat horiek bizi aniztasunarentzako txoko egokiak sortzen dituztela, eta, askotan, ekosistemen arteko korridore ekologikoak bilakatzen direla.

Iturrizabaleta ibaian egingo den lan hau aurrera eramateko, lehengo eta behin lur eremua atonduko da, bertan dagoen belar landarediaren mozketarekin (garbiketarekin). Ondoren, eremuan landare birlandaketa egingo da, bataz beste 3300 landare hektarea bakoitzeko. Landare espezieak aldizkatu egingo dira haien artean, zuhaitzak eta zuhaixkak txandakatuz. Landare gazteak erabiliko dira, 70-90 zentimetro bitarteko zuhaixkak eta 100-120 zentimetro bitarteko altuerako zuhaitzak.

Horrez gain, hitzarmenak islatzen ditu 3 urte horien buruan behar izango diren mantentze lanak (ureztatzea, sastraken garbiketa), birlandaturiko landareak babestu eta finkatzeko.

Hitzarmena sinatzen duten hiru partaideek elkarlana sustatu dute eremu honetan landare birlandaketa hau egiteko:

  • URAk konpromisoa hartzen du eremuan egingo duen birlandaketaren memoria teknikoa prestatzeko. Baita eremuaren atontzea egitera, eta mantentzen lanak egitera ere (Agentziaren Mediterraneoko Arroetako bulegotik).
  • Zigoitiako Udalak oniritzia eman du lan hauek udal lur-eremuan egiteko.
  • PEPSICOk birlandaketa lan hau bultzatu du. Aldez aurretik, PEPSICOk egin ditu aukeratutiko eremutik gertu dauden errota eta errekasto baten berreskuraketa lanak, eta, oraingo lan hauekin, jarraipena eman nahi diete. Horregaitik, birlandaketa egiteko landareak erosiko dituzte. Horrez gain, botilaratzaileko langileek parte hartuko dute leheneratze lanetan boluntario moduan.
Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko