Berriak Segurtasuna
Eu

Trafiko Zuzendaritzak harrapatze bat jasateko arriskuaz kontzientziatu nahi ditu adineko oinezkoak

2013.eko apirilak 25

Harrapatzeei buruzko gogoeta bultzatzeko kanpaina abiarazi dute, 64 urtetik gorakoei zuzenduta

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak sentsibilizazio-kanpaina bat abiarazi du 64 urtetik gorako pertsonek gogoeta egin dezaten harrapatze bat pairatzeko arriskuari, horrek dakartzan ondorioei eta era horretako istripuak ekiditeko hartu beharreko neurriei buruz.

Euskadin zirkulazioko istripuetan hildakoen kopuruak beheranzko bilakaera izan du duela urte batzuetatik hona, baina badira kolektibo bereziki ahul batzuk, 64 urtetik gorako oinezkoena, besteak beste. Horregatik, Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak kanpaina bat sortu du adin-tarte horrentzat. Segurtasun Sailean sartu ginenetik, lehentasunetako bat, adierazi du Trafikoko zuzendari Garbiñe Sáez Molinuevok, sektore ahulenak zein diren zehaztea eta horiei zuzendutako neurriak planteatzea izan da. Beharrezkoa da, gehitu du, adin-tarte horretako oinezkoek kontzientzia hartzea batzuetan presazkoa izaten den erabaki batek izan ditzakeen ondorioei buruz. Bide bat toki desegokietatik edo semaforoa gorri dagoenean zeharkatzeak istripu hilgarri bat eragin dezake, baita mendeko pertsona bihurtzeko moduko lesio larri bat pairatzea ere.

Bilerak apirilaren 17tik ekainaren 19ra bitartean egingo dira erretirodunen elkarteetan, eta helburu bikoitza dute. Batetik, harrapatzeen aurrean beren burua babesteko ohiturak bultzatu nahi dira, arauak errespetatzen dituen jokabide seguru baten onurei buruzko gogoeta eginaraziz (semaforoa berde dagoenean zeharkatzea, ibilgailuak oinezkoen pasabidean gelditu direla egiaztatuta...), eta bestetik, interesdunei iritzia eskatuko zaie administrazioek har ditzaketen neurriei buruz.

Kanpainaren xedea adineko pertsonek bide-segurtasunean inplikatuta daudela sentitzea da; hartarako, informazioa emango zaie jokabide segurua izatearen onurak ikus ditzaten, eta harrapatzeen aurrean beren burua babesteko ohiturak gara ditzaten.

Begirale batek zuzenduko du taldeko dinamika eta, hasteko, bereziki proiektu horretarako sortu duten bideo bat jarriko du. Bideoan hainbat pertsonak adinak jartzen dituen mugei buruz eta harrapatze batek eguneroko bizimoduan dituen ondorioei buruz jardungo dute. Ondoren, arduragabekeria ezabatzera eta bide-segurtasuna bultzatzera bideratutako hitzaldia hasiko da; bertan planteatutako gogoetak eta irtenbideak jaso egingo dira. Bideoari buruzko iritzia eman dezaten eskatuko zaie, alderdi batzuekin identifikatuta sentitu diren eta arazoa konpontzen laguntzeko proposamen edo iradokizunen bat bururatzen zaien jakiteko.

Parte-hartzaileak oso pozik agertu dira

Eztabaida bukatu ondoren kanpainari buruzko ebaluazio-inkesta bat betetzeko aukera dago. Lehengo astean Olabarrietako (Galdakao) Elkartean eginiko lehen bileran parte hartutakoen iritziak onak izan ziren oso. 29 lagunetatik 27k inkesta bete zuten. Parte-hartzaileen % 88k uste zuten istripu kopurua murrizteko kanpainari ekarpena egiteko moduan zirela. Gehienek beste pertsona batzuk animatuko lituzkete dinamika egitera. Hurrengo saioetan parte hartuko dutela baieztatu duten udalerriak, oraingoz, honako hauek dira: Sopuerta, Pobes, Gasteiz, Oñati eta Andoain.  

Harrapatzeen bilakaera

Euskal Autonomia Erkidegoan 2012an gertaturiko zirkulazio-istripuetan izan ziren 59 hildakoetatik hamaika ibilgailu batek harrapatuta hil ziren (8 gizonezko eta 3 emakumezko), eta horietatik zazpi 64 urtetik gorakoak ziren. Zirkulazioko istripuetan hildako guztien artean oinezkoak % 19 izan ziren 2012an.

Orobat, beste 90 oinezko gehiagok zauri larriak nozitu zituzten (47 gizon eta 43 emakume), eta horien erdiak baino gehiagok 65 urte edo gehiago zituzten (% 54). Zauri larriak jasan zituzten oinezkoak zirkulazioko istripuan larriki zauritutako guztien % 22 izan ziren 2012an.

2013an, apirilaren 24ra arte, zazpi lagun hil dira harrapatuta, lau gizon eta hiru emakume. Horietatik % 86k 65 urte edo gehiago dituzte. Zazpi hildako horiek orain arte istripuz hildako guztien % 44 dira. 2013an 28 oinezkok izan dituzte zauri larriak (18 gizon eta 10 emakume), larriki zauritutako guztien % 28ak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko