Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Bizikletari eta hiriari buruzko kongresua egingo dute Gasteizen

2013.eko apirilak 24

• CONBICIk sustatuta, Gasteizko Bizikleteroak elkarteak antolatu du Eusko Jaurlaritzaren laguntzaz

• Maiatzaren 2tik 5era bitartean izango da, eta hirian eta Eraztun Berdean barrena ibilaldiak egingo dituzteMaiatzaren 2tik 5era bitartean, «Bizikleta eta hiria» kongresu iberikoaren hamargarren edizioa egingo dute Gasteizen. Conbici koordinakundeak sustatuta, Gasteizko Bizikleteroak elkarteak antolatu du Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren laguntzaz. Hitzaldiez gain, partaideek hainbat jarduera paralelo egin ahal izango dituzte, hala nola bisita gidatuak, bizikleta-ibilaldiak Gasteizko bidegorrietan eta eraztun berdean barrena, edota eztabaida-tailerrak.

Antolatzaileen hitzetan, «Bizikleta eta hiria» kongresua garai berezi batean ulertu behar da: «Bizikleta-mugimenduarekin lotutako pertsonak eurei interesatzen zaien informazioa jasotzen, trukatzen, eztabaidatzen eta horren inguruan trebatzen ari dira une hauetan». Bizikleteroak elkarteak dioenez, «bizikleta-mugikortasunaren inguruan Gasteizen egiten ari diren aurrerapausoak» erakusteko aukera paregabea da kongresua, «are gehiago kontuan hartuta gure hiriaren hautagaitza iaz zehaztu zela, European Green Capital izan ginenean».

Hitzaldiak maiatzaren 4ean -larunbata- egingo dira, goizez eta arratsaldez. Gainerako egunetarako jarduera paralelo ugari programatuta daude, besteak beste, bisita gidatuak, bizikleta-ibilaldiak eta tailerrak.

Martxoaren 2an, Bike Station gunera hurbilduko den bizikleta ibilbide teknikoa egingo da hirian zehar. Bi ordu eta erdi iraungo du gutxi gorabehera, eta hiriko bizikleta azpiegituretan barrena egingo da, partaideei hainbat alderdiren berri emateko: Gasteizko Mugikortasun Iraunkorraren eta Espazio Publikoaren Planaren ezarpena, zirkulazioaren «baketzea», 30eko kaleak, aurkako norabideko bidegorriak, bizikleta-aparkalekuak eta bizikletak gordetzeko lonjak.

Bizikleta sustatzea

Bizikletaren Behatokiko hainbat kidek plan hura nola garatzen ari den azaldu eta herritarren partaidetzak duen garrantzia -Bizikleteroak elkarteko ekarpenak kasu- azpimarratuko dute. Horretarako, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politika Sailaren laguntza jasoko dute, eta udaleko eta Ingurugiro Gaietarako Ikastegiko mugikortasun-teknikariak ere bertaratuko dira. Era berean, Bike Station gunean geldialdi bat egingo dute. Gazteek beren bizikletak konpontzeko eremu hori Gasteizko Udaleko Gazteria Sailak finantzatzen du, eta Bizikleteroak elkarteak kudeatu.

Eraztun Berdean zeharreko bizikleta-ibilaldia maiatzaren 3an izango da. Sei bat ordu iraungo du, eta partaideak bi taldetan banatuko dira. Hiriko Eraztun Berdearen eremu batean barrena ibiliko dira, eta hiri-inguruko ingurumena leheneratzeko eta zaharberritzeko asmo handiko proiektuaren inguruko informazioa jasoko dute. Proiektuaren xede nagusia paisaia eta ekologiaren aldetik balio handia duten hainbat kokaleku uztartuz hiriaren inguruan naturak etenik izango ez duen gerriko bat sortzea da.

Salburuako Ataria interpretazio-zentrora ere gerturatuko dira. Bizikleteroak elkarteko zenbait kidek, aipatutako ikastegiko teknikariekin batera, xehetasun osoz azalduko diete partaideei zentroak nola funtzionatzen duen. Ibilaldian jan-edariak emango zaizkie izena emandako guztiei.

Bizikleteroak elkartea (www.bizikleteroak.org) 1999an sortu zen, bizikleta garraiobide gisa indartzeko eta bizikletaz ibiltzen zirenen eskubideak defendatzeko helburuarekin. 2006an, Bizikletaren Behatokia sortu zuen udalak lagunduta. Gasteizen bizikletaz ibiltzea erraztea eta erabiltzeko baldintzak hobetzea du xede.

Bizikletaren Defentsarako Koordinakundea, CONBICI (www.conbici.org), 1992an jarri zen martxan, eta Espainiako eta Portugaleko 60 elkarte eta talde inguruk osatzen dute. Erakundearen xedeen artean, bizikleta garraiobide jasangarri gisa defendatzea eta sustatzea dago. Urtero bizikleta eta hiriaren inguruko kongresu bat antolatzen du.

+ Info:

www.conbici2013.info

conbici2013@gmail.com T: (+34) 668 851 517

www.twitter.com/conbici2013

 

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @v_en_c
    2013.eko apirilak 24

    Comentario de Twitter:
    Vitoria-Gasteiz acogerá un congreso dedicado a “La bicicleta y la ciudad” del 2 al 5 de mayo http://t.co/RCWSMDcvc1