Berriak Ingurumena eta Lurralde Politika
Eu

Eusko Jaurlaritzaren alde egin du Konstituzio Auzitegiak uraren kanonari buruzko auzian

2013.eko apirilak 22

• Kongresuko diputatu-talde batek 2006ko urari buruzko euskal legearen aurkako helegitea egin zuen; oraingo epaiak, baina, haren legezkotasuna berretsi du, ez baitu urratzen ez toki-autonomia, ez foru-eskumenik.

Konstituzio Auzitegiak Eusko Jaurlaritzari arrazoia eman dio C(11/04/2013) epaiaren bitartez Eusko Legebiltzarraren urari buruzko 1/2006 legearen inguruko auzian. Bere garaian PPko 50 diputatuk sartu zuten auzia. Funtsean legeak aurreikusten zuen uraren kanona jartzen zuten auzitan; areago, uraren zerga-antolamendu hura zerga-sistema foralean nola txertatzen zen ere bai. Konstituzio Auzitegiak, orain, Jaurlaritzak sustatutako legegintzako ekimen haren alde egin du, «ez baitu urratzen ez toki-autonomia, ez foru-eskumenik».

Eusko Jaurlaritzako Ingurumen eta Lurralde Politikako sailburu Ana Oregiren hitzetan, epaiak dio ez dela «ez mugatzen, ez urratzen, Lurralde Historikoek tokiko zergak (ur-hornidurako zerbitzuaren inguruko ordenantzez ari da) arautzeko duten eskumenik) zeren abiaburu hartzen baitu erakunde komunek badutela beren zerga propioak sortzeko gaitasuna eta badutela, halaber, (3/1989 Legeak hala xedatuta) Lurralde Historikoen zerga-gaitasuna dela-eta esku hartzekoa: zergak harmonizatzeko, zergak koordinatzeko eta zergen kudeaketan elkarlana antolatzeko araua onesteko, hain zuzen».

«Uraren Legeak bi eremuetan jarduten du: alde batetik, zerga berri bat sortzen du eta zergak harmonizatzeko eta koordinatzeko arau moduan dabil, betiere ingurumenaren eta ur-aprobetxamenduen gaineko eskumenaz baliatuta, eta Legeak toki-erakundeei eragiten dien afekzioa ez du, haatik, haien autonomia urratzen, ez eta Foru Lurraldeen zerga-gaitasuna urratzen.»

Epaiak dioenez, ez da gauza bera bitan zergapetzen: tokiko tasak eta kanona ez datoz bat beren funtsezko izaeran; tasa eta kanona bi gauza desberdin dira bai izaera juridikoari dagokionez, bai zergapetzen den egitateari dagokionez.

Epaiak, halaber, partzialki baiesten du helegitea, 41.4 artikulua inkonstituzionala dela ebatzi baitu. Artikulu horrek xedatzen du Eusko Jaurlaritzak, Dekretu baten bidez, uraren erabilera tarifikatzean erabili beharreko kontzeptuak onetsiko dituela. Epaiaren bidez, Auzitegiak jo du kontzeptu horiek arautze generiko bati dagozkiola eta, beraz, Lurralde Historikoek toki-tributuak arautzeko duten eskumenaren kontrakoak direla.

Hori bidegabea da, zeren kontzeptu horiek ezarriz, berez Legebiltzarrari dagokion harmonizazio eta koordinazio fiskaleko funtzioa (Legez egin beharrekoa) egiten arituko bailitzateke Jaurlaritza. Beraz, ez dago hori dekretu bidez egiterik, zerga-harmonizazioko 3/1989 legaren aurka (Adela Asua magistratuak boto partikularra egin du, ez baitator bat 3/1989 legea konstituzionaltasun-kanon moduan erabili izan dela esatearekin).

Interpretazioa

Bestalde, 9.e artikuluaren interpretazioa ere egiten du Konstituzio Epaitegiaren epaiak, zeren, haren iritziz, ur-kontuen gaineko tributuen diru-bilketa URA agentziaren berezko diru-sarreratzat jotzen duen artikulu hori «balekoa» izango da baldin eta diru-sarrera horiek URAK berak kudeatzen dituenak badira (udal-kudeaketako beste tributuak bazter utzita, hain zuzen).

«Bigarren mailako erabaki moduan -dio Oregi sailburuak- epaiak jotzen du ez dela urratu ahalmen ekonomikoko printzipioa Europako uraren Zuzentarauak xedatutakoaren ildotik (Europar Batasuneko zuzenbidea ez da konstituzionaltasun-kanon). Halaber, epaiak ez du jotzen hobariak araudi bidez zehazteak urratzen duenik zergen lege-erreserba, tributuen elementu guztiei ez baitie berdin eragiten lege-erreserbak: hala, zorrotzago aplikatzen zaio zergapetzen den egitateari, eta lasaiago zergaren tipoari eta oinarriari. Lasaitasun hori kuota likidoari aplikatzen zaizkion hobariei ere aplikatzen zaie; hartara, araudiak berak zehatz dezake hobari horien arauketa, Legeak finkatzen dituen elementuen esparruan.

Era berean, Eusko Jaurlaritzak «interesgarri» ikusten du Adela Asua magistratuak boto partikularra egin izana 41.4 artikuluaren inkonstituzionaltasuna aldarrikatzearen kontra. Alde batetik, 3/1989 legea urratu izanak ezin duelako Uraren Legearen inkonstituzionaltasunaren oinarri izan; bestetik, berriz, beste kontu batean ere ez dator bat Asua magistratua: haren iritziz konstituzioaren kontrako jo den artikuluak ez du aurreikusten harmonizazio fiskala egiteko funtziorik; aitzitik, ingurumenaren eta baliabide hidraulikoen gaineko eskumena baliatzen dela dio. Azken gogoeta bat ere gehitu du: auzitan jarritako legea lehenago ere Batzorde Arbitralaren ebazpen baten objektu ere izan zen, ea hori, Auzitegiaren erabakitzeko askatasunari ez eraginagatik ere, aintzat hartzeko moduko elementua litzateke (bai eta arlo prozesalean ere, zeren Batzorde Arbitralaren aurrean errekurritu zutenek ez baitzuten helegitearen motibotzat aipatu proiektuak zerga-harmonizazioari eragiten zionik) Legeari justizia-auzitan eginiko helegitea tentuz ebazteko unean.

 

 

2 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @uraEJGV
    2013.eko apirilak 23

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia_News: Eusko Jaurlaritzaren alde egin du Konstituzio Auzitegiak uraren kanonari buruzko auzian. http://t.co/GW4ZuFdISH

  • @uraEJGV
    2013.eko apirilak 22

    Comentario de Twitter:
    RT @Irekia_News: El Tribunal Constitucional da la razón al Gobierno Vasco en el canon del agua. http://t.co/5uM6HHlqiy

Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)