Berriak Lehendakaritza
Eu

Europar Batasuneko Kontseiluko presidentearekin bilduta itxi du Lehendakarik Europako Erakundeetako arduradunekiko bileren agenda

2013.eko apirilak 24

Bi eguneko agenda ixteko, Europar Batasuneko Ministro Kontseiluko presidente Van Rompuyrekin bildu da lehendakaria. EBko Ministro Kontseiluko presidenteak erakunde haren egoitzan errezibitu du lehendakaria.

Jaurlaritzak legealdi honetarako zer asmo dituen azaldu dio lehendakariak van Rompuy presidenteari, eta lehentasunak azpimarratu dizkio: krisitik irtetea eta bakerako eta elkarbizitzarako plana.

Euskal Autonomia Erkidegoaren erakunde-sistema azaldu dio lehendakariak van Rompuyri, bai eta Ekonomia Itunaren nondik norakoak ere. Besteak beste adierazi dio nola, Ituna Euskadik estatuarekiko beste inoren babesik gabe hartzen duen arrisku-sistema izanik, ardura fiskal handiko sistema eraiki den Euskadin.

Bestalde, defizit fiskala betetzeko Euskadi egiten ari den ahaleginaren berri eman dio lehendakariak, eta eskatu dio EBk suspertze-neurriak har ditzala. Halaber jakinarazi dio defizit publikoaren helburuak betetzeko epea luzatzeak aukera emango liokeela Euskadiri hazkunderako neurriak hartzeko, hartara indartuko litzatekeela bere ezaugarri duen ongizatearen gizartea.

Euskadik Europaren integrazioarekiko duen konpromisoa ere berretsi dio lehendakariak Van Rompuyri, eta legegintza-eskumena duten herri eta eskualdeek Europaren eraikuntzan protagonismo handiagoa izan behar luketela ere adierazi dio. Ildo horretan gogorarazi dio zer mintzaleku eta erakundetan parte hartzen duen Euskadik, eta azpimarratu du Euskadi Ecofin Kontseiluko lantaldeetako kide dela 2011z geroztik.

Bakearen eta elkarbizitzaren inguruan ere jardun dute, eta Euskadiren etorkizun itxaropentsua izan dute hizpide. Lehendakariak urrats seguru eta irmoak egiteko beharra azpimarratu du, eta oso garrantzitsutzat jo du Europar Batasunak prozesuan parte hartzeko aukera, beste herrialde batzuetan –Irlandan, kasurako– egin duen bezala.

Eusko Jaurlaritzaren enpleguaren inguruko planak ere izan dituzte mintzagai, gazteen enpleguari buruzkoak eta ETEei laguntzekoak batik bat.

Azkenik Europar Parlamenturako 2014ko hauteskundeei buruz galdetu du lehendakariak, eta datozen urteetan herritarrek Europako erakundeetan duten ilusioa eta konfiantza berreskuratzen lagun lezaketen aldaketa instituzionalak egiteko aukeraz ere bai.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(X legealdia 2012 - 2016)
Beste gonbidatu batzuk
  • Herman Van Rompuy