
Jaurlaritzaren Gobernu-Plana, Europar Batasunerekiko konpromisoa eta politika pizgarrien beharra aurkeztu dizkio lehendakariak Durao Barrosori
Lehendakariak kanpo-agendari ekin dio, Europako erakundeetako ordezkari gorenekin egindako bilera-txanda batekin
Europako Batzordeko presidente Durão Barrosorekin izandako lan-bilera baten bidez ekin dio Iñigo Urkullu lehendakariak bere lehen kanpo-misioari. Europako erakundeetako ordezkari gorenekin egingo dituen bileretako aurrena izan da lehendakariak gaur Durão Barrosorekin izandakoa; bilera horietan, Euskadiren Gobernu Programa eta gaur egungo erronka ekonomiko, sozial eta politikoei aurre egiteko proposamenak aurkeztuko ditu Urkulluk.
Legealdi berrirako gobernu-programaren ildo nagusiak aurkeztu dizkio lehendakariak Batzordeko presidenteari. Adierazi dio lehentasuna, une hauetan, krisiari aurre egitea eta enplegua sortzea direla. Hala, jakinarazi dio konbentzituta dagoela Euskadik betetzen dituela Europar Batzordeak datozen urteetarako hazkunde-eredu moduan sustatzen duen Estrategia Burutsuak eskatzen dituen baldintzak. Halaber azaldu dio zer ahalegin ari den egiten Euskadi ongizatearen gizarteari lotutako politika nagusiei eusteko, aldi berean defizit publikoaren helburua betetzen saiatuta. Ildo horretan, esan du datozen urteetan defizitaren helburua malgutzea lagungarria izan litekeela helburu hori erdiesteko eta jarduera ekonomikoak behingoz burua altxatzeko, guztiok nahi bezala. Horrekin loturik, adierazi dio zeinen garrantzi handia duen diziplina fiskaleko politikak hazkunderako pizgarriekin uztartzeak.
Hala, Euskadik enpleguaren eta enpresa txiki eta ertainen jardueraren alde onetsi dituen politikak aurkeztu dizkio Urkulluk Durão Barroso jaunari.
Euskadik Europaren integrazio-prozesuarekin zer-nolako konpromisoa duen ere azaldu dio. Hala, atzerriko Eusko Jaurlaritzako kideek Hagako Kongresuan izan zuten parte-hartzea gogorarazi, eta esan dio Euskadik Europaren integrazioari lagundu nahi diola, besteak bete, Arku Atlantikoa sendotuta. Halaber, Urkulluren esanetan Europar Batasunak jakingo du Europako herritarren beharrei erantzuten eta, hala, beste garaietako espiritu integraziozalea berreskuratzen. Europarra izateko sentimendua Europako herri guztiekin kontatuta bilatu beharko da, Batasuna estatuz osatuta egonagatik ere.
Azkenik, ETAk 2011ko urrian iragarritako biolentziaren amaiera dela-eta zabaldu den aro berriri buruz mintzatu dira lehendakaria eta Batzordearen presidentea. Europar Batzordeak antzeko beste gatazketan, Ipar Irlandan, esaterako, jokatutako rolari buruzko interesa erakutsi du, bai eta PEACE programaren baitako ekimenari buruzkoa ere.
Lehendakariak aurrekontua saneatzearen eta gizarte-ongizatearen aldeko proposamenak balioetsi ditu Europar Batzordeko presidenteak, betiere osasun- eta hezkuntza-alorreko inbertsioa atxikita eta kalitate handiko enpleguaren aldeko apustua eginda, garapen jasangarria, kohesioa, berrikuntza eta sormena oinarri hartuta.
Celia Malmstrom komisarioarekin bilera
Europar Batzordea Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan aritzeko prest azaldu da bakea eta elkarbizitza finkatzeko
Abegi ona egin dio Malmström komisarioak Eusko Jaurlaritzaren Bakea eta Elkarbizitza Programari
Durão Barroso presidentearekin izan eta gero, barne-kontuetarako Europako komisario Cecilia Malmströmekin bildu da berriz lehendakaria; 2010ean ere izan ziren elkarrekin bilduta, Urkullu Euzko Alderdi Jeltzalearen EBBko buru zelarik.
Abian den bake-prozesuak atzera bueltarik gabea dela konbentzituta dagoela adierazi dio lehendakariak Malmström komisarioari. Halaber bakea eta euskaldunon etorkizuna oinarri sendoen gainean eraiki behar direla.
Gobernu-programak dakarren bake- eta elkarbizitza-planaren printzipioak azaldu dizkio lehendakariak komisarioari. Halaber erakutsi du lehendakariak Biktimen gaineko Zuzentarau komunitarioaren edukiarekiko interesa, eta Europar Batzordeak plan harekiko eta bakeari, biktimei eta presoen gizarteratzeari buruzko programekiko duen ikuspegiaz eta justizia ordaingarriaz mintzatu dira.
Komisarioarekin ere heldu dio lehendakariak Euskadik gaur egungo PEACE programan parte hartu beharraren eta euskal ezaugarriei moldatzearen garrantziari (Ipar Irlandan aplikatu den bakearen eta adiskidetzearen aldeko EBren programa de PEACE).
Joaquín Almuniarekin bilera
Lehendakariak austeritate-sasoiko hazkunde-programa aurkeztu dio Almuniari, eta Euskadiko eragileek jasotako laguntzen kasuekiko interesa erakutsi du
Europako Batzordearekin prestatutako agendaren barruan, Durão Barroso presidentearekin eta Malmström komisarioarekin izandako bileren ondoren, lan-bazkari batean elkartu da lehendakaria Europako Lehiako komisario Joaquin Almuniarekin Europar Batzordearen egoitza nagusian.
Komisarioarekin batera aztertu du lehendakariak bere gobernu-programan diseinatutako austeritate-sasoiko hazkunde-politika, eta bien artean landu dituzte Europak krisitik irteteko dituen erronka nagusiak.
Halaber mintzatu dira Eusko Jaurlaritzak oraintsu abiarazitako enplegu-politikei buruz, eta hurrengo hilabeteetarako aurreikuspenak aztertu dituzte.
Lehendakariak, bestalde, interesa erakutsi du hurrengo programa-aldian Europa mailan espero diren estatu-laguntzen alorreko politiken orientabideen inguruan.
Azkenik, Euskal Autonomia Erkidegoko erakunde publikoek Bruselan zabalik dituzten estatu-laguntzen espedienteen egoera aztertu dute. Pozik agertu dira horien bilakaera ona ikusirik eta, halaber, halako espedienteen kopurua duela zenbait urte baino txikiagoa delako.
Lehendakariak Europako erakundeetara egin duen lehen bisitan Malmström prest azaldu da Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan aritzeko, Euskadin Bakea eta Elkarbizitza finkatzeko programetan.