Berriak Osasuna

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak errezeta elektronikoaren hedapena beste hogeitabost udalerrietan hasiko du

2013-04-20

Asteazkenetik, apirilak 24, Gipuzkoako Zegama, Ormaiztegi, Olaberria, Lazkao eta Anoeta udalerriek errezeta elektronikoa izango dute.

Maiatzean Arabako beste zortzi eta Bizkaiko hamabi udalerrik ezarriko dute sendagaiak agintzeko eta emateko sistema hau.

Hemendik aurrera osasun-txartela izango da farmazian sendagaiak eskuratzeko giltza.

Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak errezeta elektronikoa EAEko 25 udalerrietan  hedatzeko prozedura hasiko du.

Estrategia finkatzeko orduan, sail honek aurreko legegintzaldietan egindako lanaren ondorioz iaz 9 udalerri eta 21 farmaziatan abiarazitako probako proiektuaren emaitzak aztertu dira. Azterketa horri esker hainbat arazo tekniko konpondu dira, SUPRE izeneko medikuen preskripzio farmazeutikoaren moduluan topatutakoak, esate baterako. Azken hilabeteotan Osasun Sailak eta Osakidetzak euskal osasun-zerbitzuko eta hiru lurraldetako Farmazialarien Elkargo Ofizialetako kideekin izandako elkarrizketan eta lankidetzan oinarritu da kontu horren eta beste batzuen irtenbidea.

Errezeta Elektronikoa (e-rezeta) prestazio farmazeutikoa kudeatzeko eredu berri honek segurtasun handiagoa ematen du sendagaien erabileran, eta pazienteari zerbitzu hobea zein erosotasun eta soiltasun handiagoa ere ematen dio haiek banatzeko garaian.

Hemendik aurrera, e-rezeta ezarriko den udalerrietako herritarrek ez dute paperezko errezetarik jasoko osasun-zentroetan, baina bai tratamendu-orria; han sendagaien izena, dosiak eta tratamendua berrikusteko edo amaitzeko eguna zehaztuta egongo dira modu argi eta errazean. Hartu behar dituzten sendagaiei buruzko informazioa bide elektronikoz bidaliko da farmaziara, eta han jaso ahal izango dute osasun-txartela aurkeztuta. Azken hori aurkeztea ezinbesteko baldintza da sendagileak agindutako medikazioa eskuratzeko.

Osasun Txartela, sistemaren giltza

E-rezeta hedatzeko behin betiko fase honen berritasuneko bat da herritarrek gaur egun duten osasun-txartelak balio duela sistema berria erabiltzeko; izan ere, txartelaren banda magnetikoaren bidez sistemaz balia gaitezke segurtasun eta konfidentzialtasuneko baldintza eta estandar guztiak beteta.

E-rezetaren onurak

Errezeta elektronikoak (e-rezeta) hainbat onura dakarzkie herritarrei:          

  • Erosotasuna, ez baitute osasun-zentrora joan behar errezetak eta bisatuak jasotzeko bakarrik.
  • Informazio zehatz eta argiagoa kontsultan emango dieten Tratamendu Orriari esker.
  • Segurtasun handiagoa, baimendutako osasun-langileek jakin baitezakete zer sendagai hartzen ari diren eta horrela sendagaien interakzioak edo bikoizketak ekidin baitaitezke.
  • Erabateko fidagarritasuna, farmazian sendagaien banaketa zuzena bermatuko baita.
  • Osasun-profesional guztien koordinazio hobea (Osasun Zentroa eta farmaziak).

Herritarrentzako informazioa

E-rezeta errezeta elektronikoa edukiko duten 25 udalerrietako 50.000 herritar ingururi banaka emango zaie horren berri Osasuneko sailburu Jon Darpónen eskutitz baten bidez, eta aldaketak eragiten dien udalen alkateei ere jakinaraziko zaie.

Farmaziek bat egitea

Farmazia-bulegoek eredu berri honekin pixkanaka egingo dute bat; izan ere, kudeaketa-sistemak egokitu behar dituzte, hori ezinbestekoa baita sendagaiak eman ahal izateko.

Errezeta Elektronikoaren hedapenari bultzada hau eman ondoren 46 farmaziak izango dute, EAEko 826etatik, e-rezeta sistema ezarrita.

Proiektuaren behin betiko garapena

Errezeta elektronikoaren behin betiko hedapena mailaka egitea adostu du Osasun Sailak proiektua abiarazteko prozesuan esku hartzen duten gainontzeko eragileekin. Horri esker proiektua etengabe ebaluatu ahal izango da, bai ikuspuntu funtzionaletik bai euskarri teknologikotik; alegia, estrategia horrek hedapenean hautematen diren hutsegiteak eta/edo akatsak zuzentzea ahalbidetuko du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko